Besteek inbidia ematen didate
Inbidia ematen dit, Nuñez Feijoo, Galiziako Xuntako presidentea, komunikabideetan galegoz hitz egiten entzuteak. Presidentea PPkoa izan, eta bere alderdiak galego-eskolak itxi nahi dituen arren, bere etorria naturala da. Komunikatu egiten da, galderak erantzuten ditu, txisteak egiten ditu, zurrumurruak gezurtatzen ditu, proposamenak aurkezten, galegoz, paperetik irakurri beharrik gabe.
Inbidia ematen dit, Jose Montilla, Kataluniako Generalitat-eko presidentea, katalanez hitz egiten ikusteak. Hainbat kritika jaso zituen legegintzaldiaren hastapenetan, ERCren aldetik batez ere, bere katalanerak gaztelaniaren azentua zuelako. Baina moldatu da, eta gero eta naturalago agertzen da.
Pena ematen dit, Patxi Lopez, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehendakaria, euskaraz hitz egiten antzemateak. Saiatzen da, baina bere euskarak ez dit naturaltasunik transmititzen. Saiatzen da, baina bere euskarak konpromisoa helarazten dit. Ez dit ezer komunikatzen, ez bada eta, paperera lotuta, bere traketsean, euskararen arroztasuna. Saiatzen da, baina beretzat euskara, bera Lehendakari duen Erkidego Autonomoan ofiziala den hizkuntza bat baino, sinbolo bat dela ikusten dut.
Eskertzen dut Lopezen saiakera, baina beste presidente guztiek inbidia ematen didate.
Lopez ez beste guztiak dira bere herrialdeko hizkuntza ofizialetan hitz egiteko gai! Noren kabaletan sartzen da herrialdeko hizkuntza ofizialetako bat ezagutu gabe “guztien ordezkari” izan daitekeela pentsatzea?
Ez nuke mezu hau euskaraz ikasten ari direnen kontrakotzat hartzerik nahi. Alderantziz, euskaradunoi errespeturik gabeko tratua ematen diguten agintarien aurkako salaketatzat irakurtzea nahiko nuke. Errespetu gabekoa baita, Lehendakaria euskaldunoi hain trakets zuzentzea.
Norbaitek Ibarretxeren adibidea ekarriko dit. Beste norbaitek esango du Jose Montilla ere modu berean hasi zela, baina bestelako sentsibilitate bat ere erakutsi zuen Kataluniako kultura eta hizkuntzarekiko Generalitateko presidentak.
PS: Ramon Etxezarretak, Diario Vasco egunkariari emandako elkarrizketan, euskaldunberri adiera desagerrarazi beharko litzatekeela esan zuen. Eta ados nago. Baina bere alderdiak sentsibilitate gehiago erakutsi behar luke euskararekiko.
Nik ekarriko dizut Ibarretxeren adibidea, lehendakari orde izan zen garaietan ikasi ez eta lehendakari izan arte ez bai zuen batere serio hartu Euskeraren gaia. Eta ikasi zuenari inolako garrantzirik eman gabe, baneuzkan nik koadrilan urte gutxiagotan Euskaraz hamaika aldiz hobe komunikatzea lortu zutenak. Zerotik hasita.
“Noren kabaletan sartzen da herrialdeko hizkuntza ofizialetako bat ezagutu gabe “guztien ordezkari” izan daitekeela pentsatzea?” honek alkateentzat ere balio al du?
Hasiko gara lista egiten…
Zer eskatu ahal zaio bere hiritarren zati bat baztertuz boterea lortu duen politikari eskasari? Zer eskatu biolentzia erabiliz inposatu denari? Zer eskatu hiritarren borondatearen kontrako gobernua osatu duenari? Zer eskatu bere mertzenario armatuak haur, gazte, heldu eta zaharren aurka bidali duenari?
Horri eskatuko diozu errespetua?
Nik ez, alde egiteko esaten diot. Eta joaten ez bada, geuk, hiritarrok, bota beharko dugu.
Inbidia?
Inbidia ematen al dute Sarkozyk, Montillak, Brownek?
Testuan nabarmendu nahi baldin bazen Lopez oso trakets moldatzen dela euskaraz, uste dut beste enfoke bat behar zuela, eta ez inbidiarena.
Izan ere, egia da euskarari egurra ematen diotela, eta diogula, eta orokorrean errespetu handirik ez zaiola ematen (are gutxiago politikan). Baina Lopez ez da bakarra, ezta lehenengoa ere. Kate luze eta zahar bateko katebegi bat gehiago da, ez besterik.
Eta guk, hobe genuke inbidia bazterrean utzi, eta besterik gabe, lanean segi.
PS> Oso ondo iruditzen zait agintariak kritikatzea, are hizkuntza kontuetan, baina goiko testuaren planteamentua ez zait atsegin.
Adituek diotenez, hizkuntza bat modu “efektiboan” ikasteko (eta erabiltzeko) motibazio “afektiboa” ezinbestekoa da, eta motibazio horren erdia zerak osatzen du, ikasleak hizkuntza hori erabiltzen duen gizartekoa nola ikusten duen. Kontuak atera, hortaz.
P.D. Ipuntu: Nik inbiria horri ironia kutsua ikusten diot, baina tira…