Ortuzarren pertsekuzio-mania

ukberri, Flickr
ukberri, Flickr

Rodolfo Ares Jaurlaritzako barne sailburuak argi utzi dio Ortuzarri, presoen argazkien aurkako gurutzada ahal izan duten herri guztietan egin dutela. Ez dira kopletan ibili, argazkiak non, ertzainak han. EA, EAJ, PSE, edo PP izan udaleko arduradun, gutxi axola izan zaio Jaurlaritzari. Eta zorroztasun apur bat eskatu dio Ortuzarri.

Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ordea, Ares istilu bila aritu dela argi du. EAJk agintzen duen herrietan sortu nahi izan ditu Aresek iskanbilak Ortuzarren aburuz. “Ez dakit kasualitatea izan ote den”, adierazi du, ondorengo hitzak leundu asmoz: “Edota EAJk udal botearea duen herrietan iskanbilak sortzeko gogoa”.

Hori horrela, PSEk agintzen duen herrietan ez omen da kontu berarekin jokatu. Zer nahi zuen bada EAJko kideak, herri guztietan ertzainak kargatzera ateratzea? Hala dirudi, barne sailak hartutako neurrien funtsa ez baitu zalantzan jartzen. EAJ ere terrorismoari gorazarre egitearen aurka baitago.

Presoen argazkien aferan barne sailaren ekintza zalantzan jartzen dut bai, baina ez EAJk agintzen duen herrien aurka egiteagatik. Ezker abertzalearen, “ETAren ingurunea” deitzen diotenaren, preso politikoen, eta, batik bat, adierazpen askatasunaren aurka egiteagatik, baizik. Ortuzarrek hobe luke pertsekuzio-maniak albo batera utzi eta benetako arazoez arduratzea.