Beste zinema

Beste zinema –

Beste zinemaAste bete Iruñeko Punto de Vista zinema jaialdian igaro ondoren, han ikusi, entzun eta oro har bizitakoaz hitz egiteko gogotsu nabil. Zinema-jaialdi binomioak nahi edo nahi ez dakartza burura alfonbra gorria, argazkiak, soinekoak, irekiera eta itxiera saioak…a! eta pelikulak. Aldiz, Punto de Vista dokumental esparruko zinema jaialdia izanik, bertan ez da alfonbra gorririk, Hollywoodeko izarrik ezta flash bonbardaketa arrastorik. Pelikula bat bestearen atzetik. Ez al da ba hori jaialdi baten funtsa?

Datu batzuk ematearren, Punto de Vista zinema dokumentaleko jaialdia zortzigarrenez ospatu da aurten. Lehengo urtean ez zen jaialdirik egon, ohiko arazo ekonomikoak zirela medio, eta, Nafarroako Gobernuarekin akordio batera iritsi ostean, bi urtetik behin ospatuko da aurrerantzean. Dokumentalak izateko bada zerbait, bederen.

Astelehenetik igandera orduen zati handi bat zinema areto barruan igaro ostean, batek gauza onak, bikainak, hala-moduzkoak, txarrak eta oso txarrak ikusteko aukera du. Baina azken hauek azkar ahazten dira, eta onena gelditzen ohi zaigu memorian. Horregatik, ikusitakoaren ranking pertsonalean honako hauek ipiniko nituzke: Hirugarren postuan Jem Cohenen Museum hours. Fikzio eta dokumentalaren arteko nahasketa paregabea, non, istorioak berak baina gehiago, kontatzeko modu bikainak duen indarra. Bigarren postuan A ll´ombra della croce italiarra. Bertan, Eskorialeko monasterioan ume talde batek jasotzen duten hezkuntza kristaua erakusten digute. Azkenaldian ikusi dudan beldurrezko pelikula onena. Baina, bi hauen gainetik, Oskar Alegria kazetari nafarrak egin duen Emak Bakia Baita aipatu nahi dut. Spoilerretan erori gabe, konta dezaket, pelikulan, zuzendaria, Emak Bakia izeneko etxe baten bila abiatzen dela, zeina Man Rayren film batean azaltzen zen. Istorioak eta pelikulak duen argazki paregabeak erabat barneratuko zaitu bidai honetan. Y hasta aquí puedo leer, esaten den bezala.

Baina, Punto de Vistak, alfonbra gorrien faltan, gauero elkartzen ditu eguna aretoetan pasa duten pertsonak Iruñeko alde zaharreko tabernetan. Zuzendari, ikusle, irakasle, antolakuntzako kide zein ikasleak elkartu ginen bertan. Hirugarren edo laugarren gauetik aurrera jadanik asko aurpegi ezagunak ziren, eta gustuko zuzendariak identifikatzen hasi nintzen. Eta, zergatik ez, eurekin hizketan ere. Nik behintzat beharrezkoa ikusten dut jaialdiaren alde hau, eta ez bakarrik egunean zehar ikusitakoaren inguruko solasaldi lotsagabeak egiteko. Izan ere, ziur nagolako proiektu berri askok ordu txikitan dutela beren abiapuntua.

IRUNTZI DANA