Beste bizkarrezurrondoko bat euskaldunoi

YzaguirrePPSOEtarrek euskaldunekiko erdeinua agertzen dutelarik, amorrua ematen du, baina abertzaletasun espainiarraren ezaugarri berezkoa da. Inor ez da harritzen. Izan ere, beste erantzunik apenas jaso ohi dute alderdi abertzale ustez euskaltzaleetatik ere.
Bazterrera uztea, bizkarrekoa edo belarrondokoa, abertzale “euskaltzaleen” eskutik datorrenean, orduantxe bai mina, amorrua eta etsipena.
Ez da noizbehinka gertatzen, nahikoa sarri baizik. Adibideak asko dira, eta adibideotako batzuk oso esanguratsuak gainera. Ibarretxek, Otegik edo Barkosek, eusko-abertzaleen artean buruzagirik buruzagienak direnek, euren bestesellerak espainiera hutsez argitaratu zituztenekoa, berbarako.
Itzulpen triste bat argitaratzeaz ere ez ziren arduratu. Zertarako?… komuneko hizkuntza denok ulertzen dugularik? Guztiak batzen gaituelarik?

Gaur goizean bizkarreko latza jaso dugu beste behin ere. Donostia 2016 egitasmoko zuzendari berria erdaldun peto-petoa da. Berastegui jaunak, “Aita euskalduna izan arren” ez omen daki euskaraz “oraindik” (esnatzen ez bada, jubilatutakoan ekin beharko dio bada).
Hots, Donostia 2016 egitasmoko buru, irudi eta bozeramaile nagusi izango denak, espainieraz jarriko ditu dantzan bere inguruko guztiak, euskaraz ezin, eta espainieraz jardungo du hemen eta munduan, euskara eta euskaldunak, beste behin ere, bigarren mailara bidalita.

Errua ez da dena Berasteguirena, baina. Gizonak euskara ez ikasteko aukera egin duen bezala, egitasmoa zuzentzen duten eusko-abertzaleek, euskaraz ez dakien zuzendari bat EZ aukeratzeko eskubide zilegia zeukaten… baina gure hagintari errebeldeetako batzuk, ez ei dira hain errebelde ere. Hara zer esan duen Izagirre alkateak bere euskara juxtukoan: Zuzendaria aukeratzeko Bruselak jarritako irizpideei jarraitu dietela (ingelesa derrigorrez jakitea, eta euskara zein gaztelera baloratzea) eta hori aho batez onartu zela, baita hautagaia bera ere!

Baina lasai, kietosparaus, Alkateren ustez horrek ez baitu kentzen, “errepika dezadan”, Donostia 2016koa proiektu euskaldun bat dela, euskara bizkarrezur duela, hizkuntza gutxituen defentsa egin nahi duela, eta euskarak proiektuaren barruan lanerako hizkuntza izaten jarraituko duela».
Nago, gizon honek bizkarrezurra eta bizkarrezurrondokoa nahasten dituela. “Gure” hizkuntza behar bezala ez menperatzearen ondorioz beharbada… baina nola exijitu Donostiako alkateari euskara ondo menperatu dezan, Hezkuntza eta Hizkuntza Politikarako sailburuak menperatzen ez badu, ezta?
Hala, Alkateren ustez, egitasmoaren buru eta ardatz izango den pertsonak euskaraz ez jakiteak, ez dio euskarari kalterik egingo, euskaraz lan egingo da berdin-berdin eta hitzetapitzetaputz… Gizon honek medikuntzaz, hizkuntzen kudeaketaz beste baldin badaki, ez nau bere kontsultan erraz ikusiko.

Errematea zuzendari berriak eman dio, hala ere: «Proiektu hau elkarrekin defenda dezakegu, nahiz eta nik oraindik euskaraz ez hitz egin; uste dut nahikoa eskuzabalak eta irekiak izan behar dugula Europan modu natural batean egoteko»… Hots, euskotar ez euskaldunak ohiko lezioa eskaini digu espainieraz ere badakigun euskaldunoi: izan zaitezte eskuzabal eta ireki, artaburuok! Beste listo bat zerrendarako.

Ikusiak ikusita, sorterik honena ospa diet bioi ala bioi, gisalegez: ¡MUCHA MIERDA!

beste

26 pentsamendu “Beste bizkarrezurrondoko bat euskaldunoi”-ri buruz

  • Esaten duzunarekin ados baldin banago ere zuzenketa bat egin beharrean nago. Pablo Berastegi da aipaturiko gizasemea eta ez Berasategi, hori sukaldaria da, edo tenista izan zena, edo triatleta dopatua, edo… baina ez Donostia 2016ko zuzendari berria.

    Agur térdi.

  • Merzi. Zuzenduko dut, berari minik egingo ez dion arren, euskararik ez dakielarik hain gizon eskuzabal eta irekiak.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Eta zer iruditzen zaizue BERRIAk albisteari eman dion tratamendua?

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Esakasa besterik ez?

  • Zer nahi dunk esatea? Tristea, etsigarria, estalizalea? Horiek ere bai, bai.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Bai, egokiago horrela. Tristea. etsigarria eta estalizalea. Lehentasunak zein diren argi eta garbi uzten duen horietakoa. Lurrikara eragin behar lukeena eta eragingo ez duena. Euskaldunon Egunkariari ostiko berria ematen diona. Euskararen ehorzketarako beste paladatxo lurra.

  • Mingarria oso, Hasier Arraizek egindako adierazpenen ondoren gehiago
    http://www.eitb.com/eu/albisteak/politika/bideoak/osoa/2531620/bideoa-hasier-arraiz-radio-euskadin-donostia-2016ri/
    Suposatzen dut atzean zerbait dagoela, publikoan kontatu ezin den zerbait. Hala ere etsigarri eta lotsagarria.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Arraizena zurikeria patetikoa iruditzen zait. Sorturekin aurrez kontsultatu gabe erabaki dela inork uste al du? Sortuk baimendu gabe egin dela inork uste al du? Mesedez! Betiko historiaren atal berria baino ez da hau: zerbait sakrifikatu behar denean, euskara dago beti iladan aurren. Eta Dartari erantzunez, ustekide nauzu, izango da argitaratzen ez den konpromezuren bat, gizon horrek euskarazko ikastaro trinko bat egin eta jendaurrean paripea egiteko adina ikas dezan edo. Halere, zer politika da “publikoan kontatu ezin direnak” onartzen dituena? Hori al da politika herritarra? Hala herritarra adin txikikotzat hartzen duen betiko sasiletraduen “abangoardiarena”?

    • Mingarria, lotsagarria eta etsigarria dela esan dut. Onartezina ere badela ahaztu zait.
      Justifikatu nahi nuela iruditu bazaio norbaiti, edo gaizki azaldu badut, ez, justifikaezina de, akats erabatekoa.

  • Peru Dulantz 2014-09-10 11:25

    Erabakia larria da, baina testuinguruan kokatu behar da. Erakunde askoren artean adostu beharreko kontua zen, eta ez zen samurra izango. Oinarrietan, euskara “meritu” gisa agertzen omen da, ez nahitaezko gisa. Nahitaezko gisa agertzen den bakarra ingelesa omen. Bestalde, lanpostua aldi baterako da, ez behin betikoa. Nolabait esateko, errealaren entrenatzailearena bezalako lanpostua dela esan liteke. Eta hor askotan suertatu dira euskaraz ez zekitenak, eta hitzik ere ikasi es dutenak.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Galde nezake zenbat euskaldun ote dauden ingelesez ere ongi moldatzen direnak. Izango dira milaka batzuk. Galde nezake nork egin dituen baseak. Galde nezake nor ziren bazter geratu diren hautagiak eta zergatik ez dituzten hobetsi. Galde nezake …. baina ez dut galdetuko. Nork bere eskubidea du honelakoetan kontsolabidea aurkitzen saiatzeko, eta guztiz errespetatzen dut zuk zeurea horietan aurkitzen saiatzea. Ni ez naute kontsolatzen ordea.

  • “Estrategia lehenestearren” izango da ziurrenik, zuzeulari batek Diario Fatxo erdaraz izatea justifikatzen zuen bezala. Aurkeztezina da erabakia, eta Bilduko alkate batek hori justifikatzea, aurkeztezinagoa.

  • Juan Inazio Hartsuaga

    Hau isiltasuna bazterretan. Politburoak zer ordutan zabaltzen ditu instrukzioak?

  • Ea lasaitzen garen… Listen carefully, and repeat after me… PO-ZIK-TI-BI-TY
    Orain hobeto, ezta?

  • Hor nonbait irakurtzen da Ingelesa dela jakin beharreko hizkuntza bakarra… gauzak horrela nola da posible aurreko zuzendariak Ingelesik ez jakitea? Nogeras andreak ez zekien. Aitzaki ederra! Eta gauzak argitze aldera hauek izan dira aukeraketa egin dutenak: Juan Karlos Izagirre, Mary McCarthy eta Jordi Pascual. (hau komunikabideetan agertu da)

  • Amaia, euskara soilik horrelakoetan erabiltzen duzuenok, ez daukazue zilegitasunik inor kritikatzeko.
    Sortuko Izagirrerena negargarrria bada ere, EAJ ez dago inori lezioak emateko moduan. Izan ere, non dago Donostiako EAJren protesta?

  • Alderditisak jota, ohi bezala. Utzikerian dabilena zein den, bere jarraitzaileak akatsak zuritu eta kitto,
    Alderdi espainiarren hizkuntz politika sendoa, koherentea eta eraginkorra da. Espainieraren aldekoa eta euskararen aurkakoa, konplexurik gabea.
    Alderdi abertzaleena besterik da. Hitz handiz baina koherentziaz eta ekintzez motz Bildurena. Axolabaiko konpletoa, poxiktibity eta unpokoesmutxotarra jeltzaleena.
    Agintari hauekin, euskararen ontziak tinko darrai galbidera bidean, zuzen-zuzen, piloto automatikoa kapitain.
    Horra beste adibide oso esanguratsu bat:
    https://twitter.com/markelolano/status/509451216381018112

  • Herri honetan aspalditik dago zabaldua kultura=modernitatea-ren ideia garratza. Euskal literatura garaikidean edo euskal musikan ikus dezakegu. Saizarbitoria edo Lertxundi euskal kulturaren ardatz bihurtu ziren bitartean Mirande bakartua gelditu zen. RRV-a euskal gazteriaren erreferentea bihurtu den bitartean ia inork ez daki nortzuk diren Maurizia, Leon eta Basilio. Eta horrela milaka adibide.
    Euskal gizarteak nahiago du tradizioan oinarrituriko kultura aratza albo batera utzi modernitatearen izenean. Tradizioa trauskil eta baserritarren kontua da, hobe da ska, reagge, punk eta gainontzeko musika anglofiloak entzun, ez gaitzatela atzerakoi edo paleto deitu. A ze konplexua gurea
    Euskal gizartea horrela den einean, ezin dugu gizartearen aurpegirik ilunenaren parte diren politikari liberal abertzale zein unioniestetaz gutxiagorik espero. Euskera hil da. Bizi bedi modernitatea!
    Pablo Berastegi nafartarrak 40 urte inguru ditu. Bera haurra zenean hasiak ziren jada ikastolak martxan. Euskaraz ez badaki gehiegi interesatu ez zaiolako izan da, ez beste ezergatik. Eta euskarari jaramonik egin ez dion pertsona batek ordezkatu behar du Donostia (hau da, euskal herria)-ko KULTURA mundua? Beraz, euskara ez omen da Donostiako (Euskal herriko) kulturaren parte?? Bejondeiola modernitateari, Bildu-PNV traidoreak!

  • !Viva San Sebastian 2016! ¡Viva España!

  • Gorka Zarata 2014-09-10 20:04

    Ni Hasier Arraizen aldamenean egokitu nintzen larunbat gauean Donostiako alde zaharreko taberna batean, EH Bilduk biltzarra egin ostean. Gaztelaniaz ari zen bere adineko bi lagunekin. Abertzaleok plantak egiten ditugu euskararen kontu honekin. Lezioak emateko tresna hutsa al da? Koherente heroiko gutxi horietako batek, Sortu-ko Inazio Agirre zenak argiago zuen. Jaramon egin zioten? Egingo al diote?
    http://irutxulo.hitza.info/2011/04/06/erabiltzen-ez-den-hizkuntza-hil-egiten-da/
    UEUko soziolinguistika blogera saiatu nintzen lotura hori birritan iruzkin moduan bidaltzen, baina zentsuratu egin didate. Hara bestea.

  • Egoera latza da guztiz, kritikoa, baina ezin da publikoki esan, bestela, euskara soilik itxurak egiteko erabiltzen duten agintariek eta euren musikariek hatzamarrez seinalatuko zaituzte, estremistatzat jo, eta abar.
    Hemen boluntarismo huts hutsean ibili beharra dago, ezertxo ere auzitan jarri gabe; telebistari, irratiari, kioskoetako eskaintzari, kulturgintzari edo lan munduari erreparatu gabe, erdaren erreinuak izango ez balira bezala. Eta norbanakoari jarri arreta, eta euskara erabiltzen ez badu (non? norekin? zertaz?) errua berari bota, Jaurlaritzak egin ohi duen bezala… Edo Jaurlaritzari errua bota, nahiz norbera erdaraz bizi, ezker abertzaleak egin ohi duen bezala, salbuespen batzuk salbuespen.

  • Badirudi inork ez duela gogoan nork, nola eta zergatik ipini zuen pastela puntu-puntuan, mauka ezin ederragoa gure etsaien begietan, betiko argudio zekenari arrazoi emanez. Nogeras andreak bere entxufearen berri luze eta zabal aldarrikatuz eta Izagirre jaunak une hartan bertan ez baztertuz euskalgintzako izangaiaren aukera. Gerora etorri dena bigarren mailako kontuak dira. Baina etsaiek ez dute orain inongo oztoporik arrazoi osoz esateko hautagai euskaldunak ez zuela balio eta erdalduna. balio duen bat, ekarri behar izan dugula barkuak nabigatuko badu. Nolako baba, halako kaka.

  • Kontseiluaren iritzia:
    http://www.berria.eus/albisteak/95619/kontseiluaezindaonartuzuzendariahautatzerakoaneuskarajakiteaez_eskatzea.htm

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2014-09-11 18:50

    Eskerrik asko eztabaida piztu duzuenoi. Bihotzez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude