Bertsolaritza txapelketako final aurrekoak Arabako Errioxan
Aurten inoiz ez eta urriaren 26an Bertsolaritza Txapelketa historian lehenengo aldiz Arabako Errioxara, Oionera etorriko da. Duela urte batzuk maila honetako ikuskizun bat gure eskualdean egitea pentsaezina zen epe laburrera begira, baina Ebro ondoan bizi gara, eta bizi-bizi Lapuebla Labarkan ospatuko den Arabako Euskaraz 2014ko leloak dioen bezala.
Arabako Errioxako bertsolari taldea dugu “Txandrio”, beraien lana eta eskualdeko euskaltzale guztion babesari esker Arabako hegoaldean ere bertso saioak egiten dira bertako bertsolariekin. Aurrera goaz nahiz eta oraindik zeregin handia eduki Arabako Errioxako herrietako txokoetan euskarak dagokion lekua izateko, baita ere gure zonaldean bertsolari harrobia sortu eta indartzeko, eskualdeko bertsozaletasunak irautea nahi badugu ezinbestekoa delako haur eta gaztetxoekin lan egitea. Txapelketaren inguruan sortzen ari den indarrak etorkizunean bere fruituak eman ditzan etorkizuneko bertsolariak prestatu behar ditugu.
Dena dela bakoitzari dagokiona eta oraingoan zorionak Arabako Errioxako euskaltzale guztioi eta bereziki “Txandrio” Bertsolari Taldekoei pentsaezinak ziren gauzak egingarri gauzatzeagatik. Goza dezagun lorpenekin eta indarrak hartu etorkizunean etorriko zaizkigun erronkei aurre egiteko, Arabako Errioxa, Araba eta Euskal Herriko euskaltzale guztion lana ezinbestekoa baita euskarari dagokion “tornuia” emateko.
Urriaren 26an Oionen elkar ikusiko dugu eta ekainaren 15an Lapuebla Labarkan, ez ahaztu!
“Mugan bizi, bizi”
Araban oro har eta Arabako Errioxan bereziki euskararen normalizazioa nahi badugu eta horretarako euskararen erabilera gazteen artean suspertu, bertsolaritzak asko lagundu dezake, eta gazteek ere bertsolaritza zabaldu gure herrialde eta eskualdean.