Bertatik Bertara, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko 

Bertatik Bertara, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko –

Bertatik Bertara kanpaina abiaraziko dute UEMAk eta hainbat udalek, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko.

Ekainaren 19an hasiko da kanpaina, eta udalerri euskaldunek beren baitan biltzen duten aberastasuna ikusaraztea eta aldarrikatzea du helburu. Udalekin eta zerbitzu sektoreko eragileekin batera, herritarrak zein bisitariak sentsibilizatzeko ekimena izango da. Udaren atarian ekingo dio bideari, turismo eskaintzan bertako altxorrak nabarmenduz, euskararen erabileratik hasita. Udazkenetik aurrera, berriz, udalerri euskaldunen garapenarekin lotutako hainbat ekimenen aterpe izango da kanpaina, udaletatik tokian tokiko produktuak eta ekonomia sozial eraldatzailea nola lagundu daitezkeen hausnartzeko eta lanerako ildo berriak abiarazteko.

Bertatik Bertara, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, aldaketa handia izango du batetik bestera bidaiatzeko eta atseden egunak antolatzeko moduak. Beraz, inoiz baino gehiago, gure bazterrak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dugu hurrengo hilabeteotan. Horregatik, UEMAk, udalek eta hainbat eragilek bat egin dute Bertatik Bertara kanpainarekin, herritarrei eta bisitariei erakusteko udalerri euskaldunak zer-nolako altxorrak diren, bertatik bertara zenbat goza daitekeen nabarmenduz, bertako produktuekin, bertako kulturarekin eta bertako ekonomian oinarritutako garapenari eskutik helduta. Beti ere udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela ahaztu gabe. “Gure bazterrak ezagutzera eta maitatzera gonbidatzen zaitugu, eta horrekin batera, baita horren bertakoa den eta horren bizirik dagoen hizkuntzaz gozatzera ere” dio denda, jatetxe, ostatu eta zerbitzu sektorerako prestatatutako karteletan eta mahai-gainekoetan ageri den testuak. Zehazki, horiek izango dira lehen hilabete hauetan kanpainaren erakusleiho nabarmenenak.

Kanpainarekin bat egin duten udalek banatuko diete material guztia merkatariei, ostalariei eta zerbitzu sektoreko eragileei, herritarrengana eta bisitariengana heltzeko bitartekari ezin egokiagoak direlakoan. Horrekin batera helduko da udaren atarian hedabideetan egingo den komunikazio kanpaina ere, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzeko online saioekin batera.

.

Abian diren beste hainbat kanpainen osagarri

Osasun larrialdiak eta konfinamenduak ekonomikoki zerbitzu sektorea gogor kolpatu duenez, hainbat udalek iragarri dituzte sektorea suspertzeko kanpainak eta dirulaguntzak. Udal asko, esaterako, herriko komertzioak eta ekonomia hauspotzeko neurriak eta erosketa-bonuak bideratzen hasi da. UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanoren hitzetan, “Bertatik Bertara kanpaina horien guztien osagarri da. Udal gehienak egoera larria ahal den egokien bideratzeko egiten ari diren ahaleginaren erdian, garrantzitsua da gainerako erakunde publikoek ere bidea hori dela nabarmentzea, gure herrien benetako garapena herriko ekonomian eta herriari arnasa ematen dioten sektoreetan dagoela sinetsita”.

Hori guztia ikusarazi nahi du Bertatik Bertara kanpainak. Gure herriak, gure bazterrak, gure hizkuntza eta gure produktuak nabarmentzen ditu hasiera batean, baina horiei estuki lotuta, baita gure herrietako dendak, bertako elikagaiak, lehen sektorearen garrantzia, bertako kultura eta bertako hedabideak ere. UEMAko lehendakariaren hitzetan, “horiek guztiak dira gure herrien taupadak, eta ezinbestekoa da herritarrek eta zerbitzu sektoreak hori ulertzea, gero bisitariei ere erakusteko eta koherentziaz aritzeko”.

.

Uda, lehen urratsa

Bertatik Bertara, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko Kanpainaren lehen euskarriak udako lehen hilabeteetarako aurreikusi eta prestatu ditu UEMAk. Besteak beste, jatetxe, taberna eta ostatuetan otorduren bat egiten duen edonork mahai gainean ikusi ahal izango duen mantela, edota udal eraikinetan eta dendetan ikusgai egongo diren kartelak, herritarrak eta bisitariak kontzientziatzeko.

Udazkenetik aurrera, ordea, beste urrats bat egin nahi du UEMAk, udalerri euskaldunen garapenaren inguruan azken urteotan abiarazitako ildoaren baitan. Horretarako, bertako produktuak eta elikagaiak, lehen sektorea laguntzeko ekimenak edota ekonomia sozial eraldatzailearen alde hainbat eragilek egindako bidea udaletatik laguntzeko modua zehaztu nahi da.

Iraitz Lazkanoren hitzetan, “Bertatik Bertara kanpainarekin kontu horri ere heldu nahi diogu, udalei eta erakunde publikoei dagokigun arduratik. Gure herriez eta gure hizkuntzaz gozatzeko gonbidapena egitearekin batera, gure herriei bizirik eusteko bertako elikagaiak eta produktuak ere giltzarria direla nabarmendu nahi dugu, eta guztion hausnarketa eta ohitura aldaketak bultzatu. Zenbait herritan ekimen eredugarriak abiarazi dituzte azken urteotan ildo horretan, eta horiek ezagutaraztea eta udalei bide hori egiten laguntzea ere bada kanpaina honen hurrengo faserako aurreikusita daukaguna”.

.

[+] Baliabideak:
· Material grafikoa.
· Udaletarako baliabideak (informazioa, eragileentzako gutunak eta abar).

Bertatik Bertara, “gure herria, gure hizkuntza eta gure produktuak” aldarrikatzeko 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.