Faroak

Faroak –

Txerra Rodriguezek Argia aldizkariko Garaigoikoa blogean.

FaroakSasoi latzak datoz, baita euskararen aldeko mugimendu sozialarentzat ere. Baina argi izan behar dugu gaur-gaurkoz badirela gure bidea argitu dezaketen faro batzuk. Yayo Herrerok nik baino hobeto azaltzen du, jakina: “Esperientzia komunitarioetan, ekonomia sozial eta solidarioan, emakumeengan, jatorrizko herrietan, agroekologian pilatutako jakintzak, azken finean, sistemaren ertzetan sortutako jakintza konplexuak dira gaur eta hemen egin behar ditugun eraldaketa sozialak argitzen dituzten faroak”. Kontseilua ere bide horretatik ari da Geroa euskaratik izeneko kanpainarekin.

Hortaz, nik gaur bost faro ekarri nahiko nituzke hona. Beste hainbat daude, baina bost hauek nabarmendu ditut nik:

  • Aiaraldea Ekintzen Faktoria: mundua (edo euren eskualdea, gauza bera dela) aldatu nahi dute ekonomia solidariotik eta euskaraz. Autoeratzetik eta euskaraz. Jendearen beharretatik eta euskaraz. Bide batezko euskalgintza ere deitu zaio ekiteko modu honi eta, nire ustez, etorkizunean bide horretatik jo beharko genuke (aipagarria da, zentzu horretan, Lautadakoek ere bide beretsua hartu izana, moldaketak moldaketa).
  • Dinamoa: Azpeitia inguruan orain dela urte batzuk martxan jarri zuten izen honekin sormen gunea. Euskara hutsez aritzen dira, baina, horrez gain, hainbat balio ere txertatuta: parte hartzea, emaitza baino prozesuari begira, sortu aditza pluralean jokatzen dute, artistekiko hurbiltasunezko tratua dute eta abar. Nik baino hobeto esplikatu zuten orain gutxi Argian egindako erreportaje mamitsu honetan.
  • Iruinkokoa: Iruñean bigarrenez egin dute Iruinkokoa eta horren inguruan artikulu mamitsua argitara eman zuen Dantzan.eus webguneak. Prozesua, plaza hartzea, euskaldunen komunitate trinkotzea, umorea, ondo pasatzea, bizipen positiboak eta abar dakartza maskaradun festa honek. Baxenafarroan egiten diren Libertimenduek ere antzeko funtzioak betetzen dituzte.
  • Oihaneder euskararen etxea: orain arte, ohituta geunden Kafe Antzokietara, non ostalaritza zerbitzua eta kultur plaza nahasten ziren. Eredu ona da eta horren adibide da Bilbokoaren ostean euskal herrietan sortutako tankera beretsuko proiektuak (Durango, Elgeta eta abar). Baina Gasteizko honek badu berezitasuna (eta da ostalaritza proiektua oraindik ez dagoela martxan). Eta, hortaz, feminismoak hartutako ahalduntze-eskolen proiektura gehiago hurbiltzen da (ikastaroak, kultur jarduerak eta abar antolatzen ditu) ohiko Kafe Antzokietara baino.
  • Herri haur eskola: urteetan aldarrikatzen eta eskatzen ibili dira Iruñea aldean haur eskola euskaldunak eta beti topatu dituzte han eta hemen oztopoak eta trabak. Aurten, baina, aurrerapausoa egin dute eta gurasoek eurek sortuko dute herri haur eskola. Bidea hortik doa, duda barik. Zuzeun egin diote elkarrizketa Saioa Anzizuri eta oso interesgarria da nondik norakoak hobeto ulertzeko.

Bost faro, bost argindar, bost argilagun, etorkizuneko bidexkak nondik nora joan daitezkeen antzemateko. Ea horiek (eta beste askok) bidea argitzen diguten.

Faroak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.