Berrogeialdia
Berrogeialdia –
Mikel Iturriak, Harrikadak blogean.
Berrogei egunetik gora egin dugu etxe barruan jada. Eta honek ez du esan nahi amaitu denik etxealdia (kartzelaldia, Jakoba Errekondo dixit).
Gauza onen artean, aipatzekoa liburuak, diskoak eta paperak garbitu eta antolatu ditudala. Eta hori ez da gutxi. Etxeko liburuak, diskoak eta paperak ordenatzen dituenak bere bizita ordenatzen baitu.
Beste gauza bat da trastelekua. Baina hori ez dugu orain ukituko.
Hamar urte egin zituen otsailean mahaigaineko ordenagailuak eta apirilaren hasieran berria erosi dut. Hori izan da internet bidez egindako erosketa bakarra.
Okerren daramadana da telelanak dakartzan haserrealdiak baretzea. Kirola egiteari behintzat ez diot utzi. Eta hori ere bada gauza on bat.
Irakurri nahi baino gutxiago irakurri dut, baina banabil. Gehiago kostatzen zait pelikulak, serieak eta telebista ikustea. Pantaila aurrean hainbat ordu pasa ondoren, gutxien nahi dudana beste pantaila bati begira egotea baita.
«Berrogeialdia = haserrealdia» ez da soilik nire kasua. Horretarako nahikoa da sareak begiratzea. Norberarenak. Ez baita ahaztu behar erraldoi horien azpiegiturak guk erabili eta moldatzen ditugula.
Hildakoak. Batzuek besteek baino gehiago kolpatzen dute. Martxoaren 31n Rafa Berriorenak bereziki.
Heriotza urteurrenak pilatu zaizkit egun hauetan: Diurtxio; Hasier Etxeberria; Tia Joxepa amabitxia; koinata baten ama, Begoña; Josetxo Mayor, gaurko egunez duela hiru urte hil zena.
Baina gehiago izan dira urtebetetzeak, zorionez. Trago bana hartu dut Beñat, Rosa, Koldo, Arantxa, Lola, Ane, Judith, Maider, Charo, Julio, Miguel, Ione, Iñaki, Fermin, Pablo, Maddalen, Aimar, Karmele, Nagore… Agendan ikusi dut datorren astean gehiago datozela.
Halere, aste honetako efemeride garrantzitsuena beste bat da: Javier Ortizen heriotzaren hamaikagarren urteurrena beteko baita apirilaren 28an.
Musika jarri nahi nien lerro hauei eta Elena Setien aukeratu dut. Etxean grabatu eta gaur sarera igotako kontzertu labur hau. Amaieran kantu argitaragabe bat entzuteko parada izango duzue.
Berrogeialdia