Berri agentzia berri baten sorreran…
Etxe ondoko tabernan kafea hartuz egunkaria irakurtzen ari nintzela, Adrian Garcia kazetariak, Oskar Bañuelosi egindako elakrrizketak atentzioa deitu zidan. Dirudienez, Oskar, euskal informazio agentzia bat sortzeko babes bila edo hau eratzeko ahaleginetan dabil eta horren inguruan aritzeko jardunaldi bat antolatu behar zuten Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean.
Gaiak berez sortzen dit interesa, baina azken hilabetean buru-belarri nabilen proiektuarekin izan zezakeen erlazioa ikusita, joatea erabaki nuen. Gainera orain badut horrelako hitzaldietara joateko aukera, lehen beti nuen mahaian zeuden hizlariei argazkiak atera eta beste nonbait joan beharra; beraz, zer izango zen oso ondo jakin gabe bertan azaldu nintzen goizeko 9:15etarako, behingoagatik, astirik ez nuelako, kaferik hartu gabe.
Hitzaldian 5 lagunek hartu zuten parte: EHUko irakasle diren Ramon Zallo eta Txema Ramirez de la Piscinak, Agencia Catalana de Noticieseko zuzendari izandako Saul Gordillok, Iñaki Uria, Hamaika TBren zuzendari nagusiak eta proiektuaren aurkezle eta bultzatzailea den Oskar Bañuelos berak.
Gauza interesgarriak eta gehiegi asetu ez nindutenak aditu nituen bertan. Bakoitzak hari bati egin zion tira eta denak Euskal informazio agentzia bat izatearen desiraz eta honek euskal agenda markatzeko dugun beharraz ados egonda ere, zein funtzio beharko lukeen, nola jardun, zein helburu, nolako langileak, zer informazio kubritu beharko lukeen edo bideragarria izateko lituzkeen aukerak aztertzerakoan, iritzi ezberdinak azaldu zituzten.
Aitortu behar dut ni, batez ere, lehengo hitz egin zuen Ramirez de la Piscinaren hitzaldiarekin geratu nintzela pozik, edo bertatik atera nituen bizpahiru ideiekin:
-Baliabide gutxirekin eta planteamendu errealekin egin behar da aurrera (aurreko akatsengandik ikasi).
-Produktua ondo definitu beharra dago.
-Eskaintza propioa behar du, berezia, kalitatezko, profesionala, independientea… Besteek egiten duten bera egiteko, ahaleginak ez du merezi. Ozeano erdian ur tanta bat izan arren, balio erantsia eman behar diogu.
-Presaz egindako lana alde batera utzi behar da, laburkeria, fribolitatea…
-Hemendik kanpo saldu behar du. Geurea bestei kontatzekotan du zentzua agentziak.
-Prestigioa/itzala duten profesionalekin abiatu behar da.
Amaitzeko, R Kapuscinski-ren aipu batekin bukatu zuen:
“ez dizuet inbidiarik, berehalakotasuna ikaragarria da, gure ofizioaren muina galtzen dugu, informazioa bilatu eta hausnartzearena, hurkoa ezagutzearena”
Topoa hartu eta kontent etorri nintzen etxera. Ezagutzen dut azken 2 hilabetetan ideia horien inguruan hausnarrean dabilen koadrila bat; Ez gabiltza oker, ez gaude oso desbideraturik. Orain aurrera ateratzeko lana egin beharko dugu, baina hortan gabiltza; luze gabe izango duzue gure berri, ez izan dudarik.