Frantsesek irabazi zuten


Gasteiz, 1813.

Haizeak uxatu zituen bezperako kanoikaden oihartzunak. Bost negu iraun zuen gerraren amaierak merezi zuen tamainako otordua ospatzea. Ardo botilak eta oilasko erreak bolbora usainez bustitako esku batetik bestera zebiltzan balantzan. Bozkarioa elikatu behar zitzaien. Gorriak eta bi paseak zituzten soldaduek: gerrillarien amarruak bezain beste sufritu zituzten lehorteak ekarri gosetea. Horregatik, itxoin egin zien jeneralak, haragiaren tokia hezurrek hartu zuten arte. Altxatu eta: “Silence!“, eten zituen tropak; agindu traza izan zuen, aditzen baitziren sutondoko txinparta hotsak ere. “Vive la France!“, egin zuten edalontziekin topa. Luze jo zuen bestak Montehermoso jauregian. Ez lau murru horien artean soilik. Gau osoan ez zen kandelarik itzali Alde Zaharreko prostituten zokoetan. Biharamunean gerrako ajeak hasi besterik ez zitzaizkien egin soldadu bihurtutako nerabeei. Dena erabakita zegoen, Espainiako erregea amore emana, Jose Bonaparte tronuan; Europa Napoleonen oinpean.

1893.

Gasteizko Bataila erabakigarriaren 80. urteurrenean, Eiffel dorre paristarraren anaia txikiari azken altzairu puskak jarri zioten. Inauguraziorako goi mailako jaialdia prestatu zuten Errepublikaren plazan (Andra Maria Zuriarena deitzen zioten azken erresistenteek). Herritarrek zapiak astinduz egin zieten ongi etorri Jean-Baptiste Jourdan komandante zaharraren artillariei. Artean, oihal zuri, urdin eta gorriz estalirik segitzen zuen gerora Gasteizen ondare nagusi bihurtuko zen eraikinak. Oheko izarak eranzten diren bezala egin zioten dozena erdi soldaduk tira estalkiari.

2013.

Bimendeurrena ospatzen ari dira gasteiztarrak. Kontinente zaharraren patua bete zen eguna oroitzekoa; ekainaren 21. Napoleonen iragarpenen kontra, historiak beste bide batzuk hartu dituen arren, Gasteizko monumentuaren oinean zizelkatutakoa irakurtzen dute oraindik bisitariek: Morts pour la Patrie.

————

Irudia: Miguel Angel Herrera, laideacomunica.com

Erakusketa: ¿Y si hubieran ganado los franceses?

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra