BEREIZ, baina BIDAIDE

BEREIZ, baina BIDAIDE –

BEREIZ, baina BIDAIDE

Hauteskunde giroa sumatzen da inguruan. Hego Euskal Herrian urtebeteren buruan izango ditugu, bai ala bai, baina gatibu gaituen espainiar estatuan ere ez dirudi luze iraungo duenik indarrean duten gobernuak. Eta, tesitura horren aurrean, zer-nolako jokaera dugu euskaldunok? Zelan jokatu behar lukete euskal alderdiek?

Aldez aurretik esan dezadan, “euskaldunok” edota “euskal alderdiak” esatean, ez naizela bertoko euskal herritar guztiez ari, ez eta Hego Euskal Herrian diharduten alderdi politiko guztiez ere; euskal herritar nahiz alderdi naziozaleez ari naiz, Euskal Herria naziotzat jo eta beronen askapena aldarrikatzen dugunoz, hain zuzen.

Hori argituta, eta gauden egoeran egonda, bada garaia estrategia politiko komunak abian jartzeko, nik uste. Bada garaia batzen gaituenak benetan batu gaitzan eta, horrela, berrindarturik, aurrera egin dezagun geure askapenean. Eta, hauteskunde estrategiei begira ere, nolabaiteko bide komuna lantzeko garaia iritsi dela esango nuke: naziozaleok, bidaide.

Batetik, bertoko hauteskundeak izaten ditugu: Batzar Nagusietako, Eusko Legebiltzarrerako, Foru nahiz Udal hauteskundeak. Berorietan guztietan, bereiz aurkeztu behar dira euskal alderdi naziozaleak, EAJ eta EHBildu, alegia. Noski, nork bere ideologiatik egin nahi eta behar du politika eta, horretarako, unean uneko zein tokian tokiko erabakiak hartu behar. Hala ere, alderdi espainolak eta espainolistak gailentzen diren edo indartsu dabiltzan lekuetan, jokabide estrategikoa eduki beharko lukete ikuspegi nazional batetik, elkarri laguntza emanez, bai gobernua(k) osatzeko garaian, bai erabaki garrantzitsuenetan. Hots, ahuldadearen aurrean, baturik; indarra dagoenean, bereiz. Horrela, betiere, euskal nazioa indarturik aterako litzateke udalerri, eskualde eta lurralde historikoetan, eta, hortaz, Hego Euskal Herrian.

Bestetik, ordea, gure lurraldeetatik haragoko hauteskundeak izaten ditugu; Espainian eta Europan, halabeharrez. Eta, horrelakoetan, bestelako estrategia behar lukete gure alderdiek: bat eginik jokatu beharko lukete EAJk eta EHBilduk. Hau da, Espainiara eta Europara euskaldunon interesak defendatzera joan behar dute, bidaide, ikuspegi nazional batetik jardunda. Gure nazioa kuestionatzen eta ukatzen duten erakunde arrotzetan, gure arteko batasunak baino ezin du bermatu gure interesen benetako defentsa.

Hau da, gure arteko lehian, ondo da ezker-eskuin parametroetan lehiatzea eta ikuspegi ezberdinak agerian uztean, argudiatuz, elkar kritikatuz, elkarri alternatibak jarriz, eta, batez ere, elkarrekiko errespetu osoz. Baina, etsaiaren aurkako lehian, parametro nazionaletatik ekin behar zaio borrokari, bat eginik, elkarren eskutik, elkarri lagunduz, alternatiba komunak eginez, eta, batik bat, euskal nazioa aldarrikatuz eta eraikiz.

Eta baten batek esango du, arrazoi osoz esanda ere, non utzi ote dudan Ipar Euskal Herria proposamen nazionala egitekotan. Bada, iparreko egoera politikoa arrotzagoa zaidanez, nahiago izan dut albo batera utzi, oraingoz behintzat, baina garbi asko dago planteamendu bera egin litekeela han ere, bertako euskal naziozaleak Frantziako erakundeei begira, batetik, eta, bestetik, Europako erakundeei begira, Ipar eta Hego Euskal Herriko indarrak bat eginik.

Edonola ere, estrategia logikoa dirudi ikuspegi nazional batetik aztertuta; burujabetza lortu nahi baldin badugu, noiz edo noiz gauzatu beharko dugun estrategia. Nago, ostera, euskal alderdi naziozaleek oraindik ere euren alderdikeriari begira jokatzen dutela, naziogintza albo batera utzita. Horrexegatik nahi izan dut NAZIOZALE terminoa azpimarratu, “jeltzale” eta “abertzale” adjektiboak aipatu ere egin gabe. Askapen nazionala behar baitugu lehenik eta behin; gero, gerokoak.

BEREIZ, baina BIDAIDE

B E S T E N I A

2 pentsamendu “BEREIZ, baina BIDAIDE”-ri buruz

  • Zaio,
    Tristea da erranbeharra, baina oker çaude. PNVec eta EHBilduc ez daducate ecer communean. Ez dute deus ere compartitzen. Bi mundu haguitz differenteac dirade.

  • Goiko artikulu horrek ez du kontuah hartzen ala ez du kontuan hartu nahi historia garaikidea.

    “Abertzale” menbreteak gauza oso desberdinak atzematen ditu, Lavin jaunak esan bezala. EAJ eta Bilduk bi ideologia eta bide kontrajarri dituzte. Elkarren etsai eta konpetidoreak dira ezinbestez. Eta ezin dute bategin Euskal aberriaren arazoan Euskal aberriaren idei desberdinak eta kontrajarriak dauzkatelako.

    EAJk bere egitasmoaren parte bat gauzatu du komunitate autonomo-foralaren eraikuntzarekin. EAJk foralismo karlista eta liberalaren tradizioaren jarraitzaile da, hein horretan.

    Bilduk ordea haustura eta iraultza ditu idei gisa. Bilduren iraultzak porrota jaso du baina halaere ezker abertzaleak ez du idei hori utzi. Oraindik Euskal Herria da klase borrokaren pizgarri eta indargarri bat berarentzat eta euskal arazoa horren akuilu izan behar du.

    Historikoki “abertzaleen batasuna”ren ideia ezker abertzaleak aldika plazaratzen duen konsigna bat da EAJren uretatik abertzale inozoak arrantzatzeko asmoz. Goiko artikulua horren eredu bat izan daiteke.