Gizonak eskubidea du ernaldu duen emakumea abortatzera behartzeko?

Gizonak eskubidea du ernaldu duen emakumea abortatzera behartzeko? –

Egun hauetan abortoa hizpide dugu Irlandan egindako erreferenduma dela eta. Izan ere, Irlandak abortuaren aurkako lege zorrotzena du Europan (tira, Vaticanoa alde batera utzita). Abortua bakarrik emakumea hiltzeko arrisku argia dagoenean onartzen dute Irlandan. Bortxaketa kasuetan ez da onartzen, adibidez. Baina erreferendumean erabaki dena hain zuzen, zera izan da: abortu eskubidea Europako gainontzeko herrialde gehienen antzekoa izateko aukera irekitzea.

Eragindako abortuaren legezkotasuna, munduan (mapa: Wikipedia)

Emaitza gainera nahiko argia izan da, %66 aldaketaren alde bozkatu baitu. Irlandan sustrai katolikoa oso errotua badago ere, gai honetan, gainontzeko herrialde garatuetan bezalako ideia aurrerakoiak dituzte. Izan ere, zentzuduna dirudi. Umea edukitzea erantzukizun handia da. Eta hobe da egoera onenean eduki, gaizki eduki baino.

Eztabaida, oraindik jaio ez den “izakia”rekin bukatzean dago. Baina, oro har,  oraindik ez da gizakitzat hartzen. Normalean abortua onartzen da, haurdunaldiaren 12 edo 24 asteak pasa aurretik.

Abortua edukitzeko arrazoiak hauek dira:

  • Bortxaketa.
  • Osasun arriskua amarentzat (baita suizidioa ere).
  • Osasun arriskua umearentzat, malformazioa edo gaixotasun sendaezina.
  • Umea edukitzeko baliabide ekonomiko eza edo bestelako gabeziak.
  • Umea planifikatu gabea izatea.

Beraz, oro har, gizarte garatuetan, abortua emakumearen eskubidea dela gero eta onartuago dago. Ukaezina da emakumeak zama fisiko eta psikologiko handiena duela haurdunaldian eta baita erditu ondoren ere. Halaber, abortatzeko hautua egitea, emakumearentzat gogorra eta traumatikoa izaten da jadanik.

Gainera, gobernuek eta are gehiago erlijioak ez du hartu behar, emakumeoi dagokigun erabaki garrantzitsu hori. Nik, hona, beste eztabaida bat ekarri nahi dut, ordea. Nire kuadrillako lagun batek planteatu zuen arte ez zitzaidan ezta burutik pasatu ere. Baina hausnarketa egin ondoren, ez dut argi.

Zer gertatzen da bikote batek (gizon eta emakume) umea edukiko dutela jakiten dutenean, gizonak ez badu umea eduki nahi? Eskubidea al du gizonak abortua behartzeko, emakumeak ez badu nahi?

Egoera hau korapilotsua izan daiteke:
  • Emakume eta gizon horiek beste bikotekide “ofizial” izan dezakete (adibidez, ezkonduak egotea beste bikotekidearekin). Hau da, maitaleak dira, baina ez diete beste bikotekideei aitortu nahi.
  • Gizonak ez baditu baliabide ekonomikorik (edo beste gabeziaren bat) eta ez badu zama hori hartu nahi.
  • Umekia (fetoa) malformazio batekin jaioko da. Aitak abortua nahi du eta amak ez.
  • Emakumeak iruzur egin dio gizonari, hau da, sistema-antisorgailuren bat erabiltzen zuela zioen, baina gezurra zen. Emakumeak haurdun geratu nahi zuen, baina gizonak ez zuen nahi horrelakorik gertatzea.
  • Gizonak emakumea bortxatu du, baina ez du umerik eduki nahi. Emakumeak bai (kasu arraroa da, baina gerta daiteke).

Emakumeak bere arrazoiak izan ditzake umea edukitzeko adibidez, fededun irmoa delako edo umekiarekiko oso sentibera delako.

Hortaz, kasu hauetan, gizonak ba al du eskubiderik epaile batengana joan eta emakumeak aborta dezala eskatzeko? Nik dakidala, ez. Ez dut inoiz horren berririk eduki, bederen.

Oker ez banago, herrialde batzuetan, aitak umea jaiotzean inolako erantzukizunik ez edukitzeko aukera du. Baina, hala ere, agian gizon batzuentzat hori ez da nahikoa.

Erabakia soil-soilik emakumearen esku uzten badugu, baina aldi berean gizonek inolako erantzukizunik ez bereganatzeko eskubidea badute, gerta daiteke gizon asko sexu-harremanetan inolako neurrik ez hartzea. Hots, emakumeak soilik hartzea sistema-antisorgailuak erabiltzeko ardura. Eta azkenengo hau ere ez da zilegi.

Orain galdera irakurleoi zuzentzen dizuet. Zer uste duzue? Eman iritzia!