“Benetako ezkerra gu gara”
Halaxe eman zidan jakitera. Edo behintzat hori ulertu nion hurbileko dudan IUko lagun bati. Haiek zirela benetako ezkerra, ez “Bilduko horiek”. “Hitz egin bai, baina ikusiko dugu zer egiten duten… etbar.” Oximoron ezagun hori konfirmatzera zetozen hitzok: izquierda unida, euskaraz ezker batua (edo anitza nahi baduzue). Batutik eta anitzetik izena egiteaz temati.
-Gu gara benetako ezkerra.
-Eta haiek? Zer dira haiek?
Baina EHBilduren (eta aurretik Bildu eta Amaiurren) emaitza erraldoiak ikusita, dardara txiki bat sartzen zait halako hitzak entzundakoan. Samin ttiki bat. Zalantzarako leku zipitzik utzi gabe ezkerreko den indar metaketa batek halako botere kuota lortu, eta kide behar luketenak etsai ikusteak akitzen nau. Mila zatitan deseginda dagoen bosgarren espazio famatukoek ‘benetako ezkerra’ banderatzat hartuta, purrustadaka, ez dakit zer ezberdintasunekin tematzeak lotsa eragiten dit. Zein merke saltzen den benetako ezkerraren bandera garaiotan, ala? Gutxi gora behera Che Guevararen kamiseta baten prezioan-edo.
“Ikusiko duzue, nola haiek ez diren! Nola gu garen benetako ezkerra!”, entzuten da burrunbadan, kontraesanak kudeatzeko garaiotan. “Utziezu ea zer egiten duten”, entzuten da pasiloetan ezkerra (ber)egiteko garaia den honetan. Erortzeko eta jaikitzeko txanda da, marraztu eta ezabatzekoa, konposatu eta deskonposatzekoa… zikintzekoa. Bai Euskal Herrian bai leku orotan. Bestela akabo gara, entzun daitezke zorrozten aiztoen ahoak. Batzuk ordea batzen eta anizten tematuta daude, izan ere, lagunok, ba al da barreratik zezenak ikustea baino errazagorik? Ez dira berberak adarrak aldizkari bateko ilustrazioetan eta zezenari aurrez aurre begira zaudenean. Ez horixe, zer nolako tentazioa “benetako ezkerra” izaten jarraitzea, ezta?