Beldurraren diktadura

Beldurraren diktadura –

Gasteizen emakume bat erasotu egin zuten duela egun batzuk, poltsoa lapurtu nahian. Erasotu, lapurtu eta kolpe txar batez hil. Albistea da egunotan, hiria izututa dago. Gasteiz hiri segurua ote den galdetzen dio gure amonak bere buruari, beldurrez doa 3. solairuan bizi den andrea, aititak kartera ondo babestua darama, bertan dituen euro gutxiak bizitzarekin defendatzeko prest.

Beldurraren diktadura

Alkatea agertu da komunikabideetan bere samina adierazi nahian, hiltzaile bihurtutako lapurren gainean, legearen pisu guztia erori dadila desio du, hala adierazi du. Hala izango da, legearen pisu guztia eroriko da, atxilotuko dituzten bi gizagaixoen gainean.

Hauteskunde kanpainan gaude, eta gure politikari maiteak, putreak bezala konportatuko dira egunotan. Denak egin dute adierazpenen bat gaiaren inguruan, segurtasun gehiago behar dela diote batzuk, migranteak kanporatu besteak, polizia leku guztietan, kamerak behar ditugu. Kontrola behar dugu, kontrol soziala alegia.

Halakorik ezin da permititu lasaitasunaren oasia den gure Gasteiz txikian. Gure poliziak, gaizkileak atxilotu eta giltzapera eramango ditu, horiek edo antza duten besteren batzuk. Aste honetan gertatuko da hori, kanpainan gaude.

 

Sistemak eta bere kolore guztietako marionetek beldurra oparitzen digute, komunikabideetan, politikarien hitzetan, poliziaren jardunean… Beldurra oparitu, segurtasuna saltzeko. Gure eskubideen lagapena eskatuko digute, segurtasun horren trukean.

 

Arriskutsua delako, gure hiritik askatasunez ibiltzea, arriskutsua delako gure pribatutasuna mantendu nahi izatea, bizitza bera arriskutsua delako.

Orwellen imajinazioan ez zen sekula ere sartuko egun bizi duguna, horrela planteatu izan balu, bere nobela are surrealistagoa litzateke, surrealista bezain erreala.

Demokraziaren izenean segurtasunaren diktadura eraiki dutelako. Askatasunaren izenean kartzela. Segurtasunaren izenean beldurra.

Eta guk ezin dugu askatasuna galdu, ezin diogu gure buruari deskantsurako tarterik onartu. Atseden txiki horietan, loa ere kenduko digutelako. Gure buruak babestu behar ditugu babestu nahi gaituzten horietatik. Segurtasuna aplikatu segurtasuna aplikatu nahi digutenen aurrean. Eta bereziki ausartak izan behar dugu, ausartasunez jokatu.

Sistema eta bere tresnen aurrean errebelatu behar gara, soilik biziko garelako seguru miseriara kondenatu nahi gaituztenen aurrean oldartzean. Barrikada da momentu honetan lekurik seguruena, gure kideen artean, maitasunez eta elkartasunez inguraturik.

Beldurraren aurrean poztasunaren iraultza eraikitzea dagokigu, non auzokideen arteko elkar ezagutza,  herrikideen arteko elkartasuna, izango diren gure bizitzen oinarri. Herri bat eraikitzea, non inor ez den etxera beldurrez eta korrikan helduko, non etxeko giltzak ez diren defentsarako arma gisa erabili beharko. Sekurokraten aurrean, herria, irribarrea eta eskuzabaltasuna.

Beldurraren diktadura

Bizitzaren aldeko militantea. Zuia.