Beldurgarriro normalak

Beldurgarriro normalak –

Dikotomiek arrakasta segurua dute. Oso eraginkorrak dira. Gauzak sinplifikatzen dituzte. Batzuk existentzialistak dira: «izatea ala kontzientzia», «natura ala espiritua», «gorputza ala arima»… Beste batzuk lurtarragoak: «aberria ala hil», «zibilizazioa ala basakeria»… Eta behin gauzak sinplifikatzen jarrita… zergatik ez «komunismoa ala askatasuna». Ala juntagailuak garbi adierazten du elkarren baztergarri diren osagaiez ari garela. Aukeratu egin behar da. Erabaki, behingoz!

Beldurgarriro normalak

Dikotomiak eta etiketak eskutik helduta iritsi zaizkigu: filoetarrakfaxistak, matxistak, feminaziak, sozialkomunistak… Madrildik datorren hotsari gerrazibilismoa dario. Baretzetik urrun dago giroa. Espainiako eskuin politiko eta mediatiko desberdinek abian jarri duten espantua estrategia kalkulatu baten ondorioa da. Galdera da: nola egin aurre —politikoki eta komunikatiboki— estrategia horri, eskuin-muturraren beraren kiribila elikatu gabe?

Lehenik eta behin, fenomenoa ongi ezagutu behar da, etiketa errazetan jausi gabe. Eskuin-muturraren baitan mundu eta azpimundu askotxo daude. Esbastika, gurutze zelta, arrano inperiala edota totenkopf-a (alemanez, burezurra —SSen nortasun-ikur ospetsuenetakoa—) erabiltzen dituzten talde faxistak gutxi batzuk baino ez dira. Egoera zehatzetan eta toki konkretuetan izua zabaltzeko duten gaitasuna handia izan badaiteke ere, talde horiek ez dute komunikabideen gai-zerrenda mugatzeko gaitasunik. Agenda baldintzatu eta diskurtsoa toxikatzeko ahalmena duten taldeak beste batzuk dira. Eta erakundeetan daude. Ongi jantzita doaz, ez dute parafernalia faxista erabiltzen, ezta agur faxistarik ere (publikoki bederen). Zentzu komuna, familia, ordena, Espainia… dituzte hizpide nagusi. Eta obsesio bi: separatismoa eta elite progrearen zuzentasun politikoa.

Baina, esan bezala, eskuin eta eskuin-mutur guztiak ez dira berdinak. Edo haien pertzepzioa behintzat ez da bera toki guztietan. Vox-ek Espainian ideologia generoa sutsu borrokatzen duen bitartean, Fratzian, Marine Le Pen-en alderdia sektore askorentzat LGTBQ+ friendly da. Ez hori bakarrik. Haien bozka ere badute. Izan ere, 2019an Têtu aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, Le Pen-en Rassemblement National alderdia komunitate gay, bisexual eta lesbianen faboritoa izan zen, botoen %22 eskuratu baitzuen. BBCk komunitate horretako kide batzuk elkarrizketatu zituen. Denek lehentasuna ematen zieten migrazio politikari beste ezeren gainetik. Honela mintzo zen Le Pen-en boto-emaile homosexual bat: «Planetako zein herritan dute gayek arrisku gehien? Non gurutzatzen dituzte? Herrialde islamikoetan. Nik ez dut horrelakorik nahi Frantzian». Fenomenoak erpin asko ditu. Egiaren beste aldea hauxe da: LGTBIQ+ komunitatearen barruan Le Pen-i emandako babesa askoz nabarmenagoa zen gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino. Izan ere, lesbiana eta emakume bisexualen artean sozialisten eta komunisten jarraitzaileak askoz gehiago dira eskuindarren boto-emaileak baino.

Grezian, berriz, Egunsenti Urrekara mugimendu neonazia legez kanpo dago duela pare bat urte. Gogoratu behar da, baina, 2015ean —krisi ekonomikoaren goraldian— alderdia hirugarren indar politikoa izan zela, botoen %7rekin. Zer gertatu den? Gauza dezente. Alde batetik mobilizazio antifaxista garrantzitsua izan dela kaleetan. Bestetik, komunikabideen jarrera aldaketa nabarmena sumatu dela: mugimenduko buruzagiak rock izarrak izatetik jendilaje biolentoa izatera pasa direla. Eta azkena, eta ez mendreena: Auzitegi Gorenak Egunsenti Urrekara erakunde kriminaltzat jo eta dozenaka buruzagi kartzelan sartu dituela.

Grezian jabetu dira zein arriskutsua den neofaxistak zuritzea. Espainiako estatuan, berriz, ez. EHUko irakasle Jule Goikoetxeak aipatzen duen bezala, «begi bistakoa da komunikabideek eskuin-muturra zuritzen dutela; ez soilik alderdiak, baita beren ideiak ere, egunero ikusten baitugu nola zilegitzen diren homofobia, misoginia, arrazakeria edota supremazismoa».

Vox-en jarduera politikoaz informatu egin behar dela garbi dago. Beste kontu bat da, adibidez, giza eskubideen errespetua onartzen ez duten pertsonen presentzia entretenimenduzko saioetan normaltzat hartzea, natural ikustea. Konplutentseko irakasle David Lerin horretaz mintzo da: «Abascal El Hormiguero-n agertzen denean, buruzagi atsegin bezala… jende askok pentsatzen du… agian, ez da dirudien bezain zatarra?. Zuritze hori oso bistakoa da». Beste horrenbeste esan liteke Masterchef Celebrity saioan Juan Garcia Gallardok joan den irailean egin zuen bisitaz. Kameren aurrean bere irriñorik eztizkoena eskaini zuen. Bai, indarkeria matxista ukatzen duen pertsona berak. Natural jardun zuen. Gutariko bat balitz bezala.

Hannah Arendt eta gaizkiaren hutsalkeria kontzeptua datozkit burura. Koro Nabarrok itzulitako Eichmann Jerusalemen klasikotik hartu dut aipua. Arendt-ek Adolf Eichmann kriminal naziari egindako epaiketak sortu zion gogoeta azaltzen du: «Eichmannen kasuko gauzarik larriena zen, hain zuzen ere, asko eta asko zirela bera bezalakoak, eta haiek ez zirela ez perbertituak ez sadikoak, aitzitik, ikaragarri eta beldurgarriro normalak zirela, eta direla oraindik ere».

Eta direla oraindik ere, beldurgarriro normalak. Adi: asteazkenean 25 neofaxista atxilotu zituzten Alemanian, estatu kolpe saiakera egotzita.

Ideia neofaxisten porrota hainbat faktoreren ondorioa izango da: politikoak, sozialak, ekonomikoak, kulturalak… baita komunikaziozkoak ere. Edukietan irmotasuna eta formetan lasaitasuna behar da. Horretan Mertxe Aizpuruak bikain egiten duela iruditzen zait. Patxada behar da emakume horrek tribunara igotzen den bakoitzean jasotzen duen irain-oldeari hain modu neurritsu eta dotorean iskin egiteko.

Neofaxismoak aurrera egin du, beste arrazoi askoren artean, giza eskubideen zapaltzaile diren horiek beldurgarriro normalak bezala aurkezten dizkigutelako. Gaizkia menderatzeko hutsalkeriaren faltsutasuna agerian jarri behar da. Erreparorik gabe. Estereotipo errazetan jausi gabe, baina irmotasunez. Premiazkoa da.

Post scriptum. Abenduaren 2an Jotxo Larrañaga joan zitzaigun. Urte askoan lankide, solaskide eta artikuluon iruzkingile pribatua izan den lagunak zuen patxadak luzaroan lagun gaitzala.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Beldurgarriro normalak Beldurgarriro normalak Beldurgarriro normalak Beldurgarriro normalak

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

2 pentsamendu “Beldurgarriro normalak”-ri buruz

  • ‘El hormiguero’-n kolore guztietako politikoak egon dira, eta haien iritziekin bat egiten ez dugunean hori zilegi ez dela esatea umekerira gerturatzen dela iruditzen zait.
    Eskuinaren gorakadaren arrazoi bat hor dagoela uste dut, gai bat gustatzen ez zaigunean (Immigrazioa, kultura ezberdinengatik sortzen diren talkak, indarkeria matxista edo trans-en auziaz hausnarketa soilak egitea etab.) izara jartzen zaiola ezkerreko alderdietatik eta hoietaz jarduten duen edozeini errieta egin. Eta jendeak bizi ditu horrelako egoerak eta baditu horrelako hausnarketak, pasatzen dena da eskuina etortzen dela soilik horiek erantzutera (modu okerrean, nire ustez behintzat).
    Benetako eraginak dituen arazoei bizkar ematen jarraitzen badugu ezin dugu beste ezer espero.

  • Lokatzekin guztiz ados nago. Eta adibidez gai tabu edo ganoraz hitz egiten ez den gai bat marokoar Mena delakoen kontua da. Eta gero Vox-ekoek bere iritzia argi ta garbi esaten dutenean kontra-argudio moduan Voxekoak faxistak direla esan eta kitto. No comment.