Belaunaldien arteko harremana lantzen Beran

Berako Udalak eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak proiektu berritzailea landu dute azken urteotan: Jubiloteka. Adineko pertsonei zuzendutako zerbitzua da, haurrak ludotekara nola, astean bitan Jubilotekan biltzen dira. Adinekoei zerbitzua emateaz gain, hauen zaintzaileentzat harnasgune bat ere izan nahi du, adinekoak Jubilotekan dauden bitartean, bertzelako eginkizunetarako edota euren aisialdirako denbora izan dezaten zaintzaileek. Lana, familia eta aisialdia uztartzeko Bortzirietako Planaren barrenean hasi zen proiektua, eta egun, astean bi goizez garatzen da, ikasturte osoan zehar. Adinekoek kulturaz, aisialdiaz eta giza harremanez gozatzeko kalitatezko bilgune bat izan nahi du Jubilotekak. Jarduera fisikoa, estimulazio kognitiboa eta relajazioa lantzen dituzte.

Aurten, baina, haratago joan nahi izan dute, eta Berako Toki Ona institutuko DBH3ko ikasleekin lanean aritu dira. Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaiaren baitan, belaunaldien arteko harremana lantzen jardun dira. Adinekoek ikasleak ezagutu zituzten, lehenik, azken hauek prestatutako aurkezpenen bidez. Ondotik, ikasleek adinekoak elkarrizketatu zituzten, eta elkarrizketa horiekin adineko bakoitzaren biografia idatzi dute, honen historia eta sentimenduak bilduz. Topaketa batekin bukatu zuten proiektua, eta bertan, ikasleek euren lanak aurkeztu dizkiete adinekoei.

Proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dute belaunaldien arteko harremanak sakontzearen garrantzia, \”gazteek adinekoengandik zer ikasia badutelako, baina baita adinekoek gazteengandik ere”. Balorazio “arras positiboa” egin dute bi aldeek, eta heldu den urtean proiektuan sakontzeko asmoa agertu dute.

Bera, 1975. Kazetaritzan lizentziatua naiz eta kultur kudeaketan aditua. Elhuyar Aholkularitzan nabil partaidetza alorreko koordinatzaile.