Belarri zulatuak
Belarri zulatuak –
Otsailaren 11n ospatu zen emakume zientzialarien egunaren harira erreportaje bat irakurri nuen, generoaren arabera ikertzaileen artean dagoen arrakalari buruzkoa. Egun horietan Iruñerriako gazte transexual batek jasotako jipoiaren berriak hedabideetan presente zeuden ere. Asaldura, haserrea eta… harridura?
Berdintasunaren aldeko pausuak nabarmenak izan dira arlo batzuetan, erabaki politiko zein zenbait jarrera sozialetan, nahiz eta oraindik asko egiteko egon. Hala ere, aspaldidanik izan dut sentsazio bat genero-rolei dagokienez, gaur egun ia berdin-berdin mantentzen dena. Izan ere, aspaldidanik entzuten dugu umeen heziketan emakumeei eta gizonei lotutako rolak apurtu behar direla, beste batzuen artean, aipatutako ikertzaileei buruzko erreportajean deskribatzen zena aldatzeko: emakume ikertzaileak biozientzietan nagusi eta gizonezkoak industria, teknologia eta informatikari lotutako arloetan. Txikitatik barneratzen dira rolak. Haurtzarotik sortzen dira joerak, jendarteak eta familiak markatzen dituzten espektatibei so. Instituzioetatik politika berriak ezartzen dira (batzuetan jendartearen gehiengoaren aurretik doazenak, beste gai batzuetan jendartearen atzetik arrastaka badoaz ere), horietako asko pertsona helduengan eragina izan nahian. Hala ere, garapen psikosozial batera helduta, mentalitatea eta joerak, berdin da zein genero, oso zailak dira aldatzeko. Hain barneratuta daude. Batzuetan aldatze-itxura baino ez dira, jendartean publikoki moldatzeko eta momentu bakoitzaren araberako inguruneari erantzuteko, zuzentasun politikoaren barruan mantendu nahian…
Arazoa egiturazkoa da, eta egitura horretan kokatu behar dugu familia ere. Bai, gai hau ukitzea zaila izan arren. Sistema heteropatriarkalak familia tradizionalean dauka beren zutabe garrantzitsuenetako bat. Eta familiari onartzen zaizkio umearen inguruko eskumen batzuk, beren pertsonalitatea, baloreak eta rola, neurri handi batean, definituko dituztenak. Genero bakoitzerako jostailuek nabarmen ezberdinduta jarraitzen dute. Urdina-arrosa kolore dikotomia gainditzetik oso urrun gaude ere. Kirol dendetatik buelta bat ematea eta sexu bakoitzerako zapatila eta arropen kolorea begiratzea baino ez dago; edota emakumearen lasterketan, “Gaur neskek irabazten dute” lelopean emakume guztiak arrosaz ikustea. Baina koloreetatik haratago, badago zerbait bereziki bitxia eta arrotza egiten zaidana. Ez dut inoiz ulertu, eta garai hauetan are gutxiago (non umeen genero-rolak ez baldintzatzeko mezuak gero eta zabalduago dauden), nola den posible jendarte batek onartzea jaioberri batzuei belarrietan zulo bat egitea, ardiak edo behiak markatzea izango balitz bezala. Benetan, beharrezkoa da adin txikiko pertsona bati hori egitea? Aluarekin jaiotzeagatik predestinatuta dago belarritakoak eramatera? Generoen artean dauden arrakalak eta arautik ateratzen den aukera sexualen kontrako jazarpenaren alboan txikikeria bat eman badezake ere, halakoetan ere ezartzen dira bizitza baten geroko rolak. Hala ere, bereziki harritzen nauena da honen inguruko aipamen edo eztabaidarik jendartean ez egotea (kolektibo feministetan egon daitezkeenaz gain). Normaltzat hartzen da neska jaio berri bati belarriak zulatzea eta belarritako bat jartzea, neska dela oso ondo ikus dadila. Irudika dezakegu “ze neskatxo polita!” “ez, ez, mutila da” elkarrizketa deserosoa, aste gutxiko mutil batek bere belarrietan belarritakoa jarrita?
Gai honetan, eta aurreko ideiara bueltatuz, ez dugu Elizarekin topo egin (beno, neurri batean ere, beti bezala…) baizik eta familia-instituzioarekin, gurasoek baitauzkate beren umeenganako praktika batzuk onartuta, kolokan jarri ezin direnak, alarma gorri-gorri jarriko zelako (gorria bai, komunismoaren mamua bezalakoa). Praktika zehatz batzuk, gure jendartean arrotzak direnak, ez daude onartuta, ablazioa edo Jehovaren lekukoek beren umeei odol-transfusioak ukatzea kasu. Hala ere, osasun fisikorako era zuzenean kaltegarriak ez diren beste praktika asko bai daudela onartuta, fisikoa agian ez, baina psikikoki nabarmen baldintza dezaketenak. Belarritakoak bezala, umeak erlijio katolikoaren erritualen arabera bataiatzea eta jaunartzerako prestatzea naturaltasun osoz onartzen dira. Helduen erabakitzeko gaitasunez baliatuta, pertsona horri inposatzen zaio bere garapen psikosozialerako ezinbestekoa ez den, baina, bere garapen psikosoziala baldintzatuko duen zerbait. Ez zaio aukera uzten, urte batzuk geroago, nahi duen sinesmen edo pentsamendua bere kabuz aukeratzeko. Gurasoek aukeratzen dute haurrari belarritakoa jartzea eta bere genero-rola markatzea, Elizara edo beste erlijio bateko otoi-lekuetara bidaltzea, edota zein hezkuntza-eredu eta zentrotan matrikulatzea (zein hezkuntza jaso eta norekin erlazionatu). Dena aukeratze-askatasuna aldarrikatuta. Eta normala omen da jendarte honetan. Onarpen zabal eta inplizitua dago, eta instituzioetatik ez dira ausartuko hori kolokan jartzen. Kontrako matxinada izango lukete, aurrerakoiak omen diren guraso askorengandik ere.
Hausnarketa sakona ezinbestekoa da, berdintasunaren eta genero-sistema bitarrari lotutako rol heteropatriarkalen deseraikitzean aurrera egin nahi bada, hainbeste baldintzatzen duten esparru pribatu horietan ere eragin ahal izateko. Bestela, faltsukerian mugi gaitezke hamarkadetan zehar; gainera nola hain gutxi aurreratu dugun harrituta… Pentsa dezagun ea neska jaioberriari belarriak zulatzeak ez omen duen nolabaiteko loturarik handik bi hamarkadetara emakume hori ingeniaria izateko probabilitatea gutxitzearekin ere.
Bai, jendarte azkarra, berdintasunezkoa, enpatikoa eta solidarioa lortzeko benetako bidea hartzekotan (eta, Historiak erakutsi duenez, kontrako bidean abiatzeko ateak ez daude itxita…), gaur normaltzat hartuta eta legeztatuta dauden alderdi batzuk oso ezberdin izango lirateke etorkizunean. Erakundeen eta enpresen itxurakeriazko sostengarritasun diskurtsoetatik plastikoen neurririk gabeko erabilera galaraztera pasatuko ginateke, zezenketak iraganeko oroipen txarra izango lirateke, umeak erlijiosoki doktrinatzea legez kanpokoa izango litzateke eta jaioberrien belarrietan zuloak egitea debekatuta egongo litzateke…
Haur txikiei belarriak zulatzea astakeria iruditzen zait. Ez nago debekatzearen alde; besterik gabe, nik ez nizkieke eginen.
Haurraren lehen gizarteratzea familiartean gertatzen da; familia ezinbesteko, ezin ordezkatuzko instituzioa da, heteropatriarkala izan ala ez. Zenbateraino sar daitekeen gizartea eta estatua eremu familiar eta pribatuan, eztabaida zaila eta arazotsua da.
Genero-rolen transmisioei dagokionez, zerbait paradoxikoa gertatzen omen da, hain justu, literaturan “genero-berdintasunaren paradoxa” deitzen dena. Portzentualki ingeniari gehiago omen dago, esaterako, Aljeriako Errepublikan, konparazio, Suediako Erresuman baino.
Dirudienez, zenbat eta handiago gizon-emakumeen arteko berdintasuna eta lanbidea aukeratzeko askatasuna, orduan eta nabarmenagoak dira sexuaren araberako preferentziak. Paradoxa horrek orain artean ziren hipotesiak eta aurreikuspenak zalantzan jarri ditu: unibertsitera emakume gehiago doaz, gizonezkoek lehenago utzi ohi dituzte ikasketak; egun, judikaturan emakume gehiago sartzen ari dira gizonezkoak baino eta, medikuntzan are gehiago. Albaitaritza ez da inoiz izan emakumeen lanbidea, orain bai.
Aurreko hori guztia azaltzeko hipotesietan lan egitean, ezingo dugu esan gizon-emakumeon arteko desberdintasunak, den-denak, ingurunearen ondorio direnik. Gizon-emakumeak jaiotzean ez gara oskol huts bat.
“Portzentualki EMAKUMEZKO ingeniari gehiago omen dago, esaterako, Aljeriako Errepublikan, konparazio, Suediako Erresuman baino”.
Iruzkinik ez, erratarik gabe.
Dagoeneko agertu da estatuaren kontraboterea den familia tradizionalari eta erlijioari erasotzen dion sistemaren morroiaren testua.
Estatua sistemaren parte da eta emakumeen rola bereganatu nahi du sistema bera indartzeko. Horregatik behin eta berriz aritzen da emakumeen erabakiak bideratzen (ikasketa zehatz batzuen alde egiteko kanpainak egiten edo kristalezko sabaiaren kontuarekin adibidez), horrela emakumeek familiari lehentasuna eman ordez, sistemari ematen dio eta era berean, bere haurrak estatuaren menpe uzten ditu hauek heziketa estatalaren bidez sisteman integratzeko eta honen kontraboterea den instituzio familiarra ahultzeko.
Emakumeek nahi dutena izateko eskubidea dute, beraz utzi neskato eta emakume ororen bizitza diru publikoarekin baldintzatzen. Askatasuna da bidea, ez zuen faxismo estatala.
Orain 50 urte ere gaizki ikusia zegoen gizartearen alderdi aurreratuenetan neskato txikiei belarriak zulatzea. Baina, hau nahigabea nerea, orain gazte asko sudur, belarri… zulatuekin ikustea! Eta gorputza errukirik gabe pinturez zikintzea?Gainera atzera bueltarik gabe.
Etaio jauna, zerk edo nork ekarri du basakeria hau?
Analizatzeko fenomenoa hedatu da Mendabaldean. Endekapenaren seinale dela deritzait. Beste bat gehiago
Afrikan edo beste nonbaiteko tribu batean belarritakoa jartzeko, edo lepoan uztailak jartzeko edo ez dakit zer egiteko ohitura badago, hori kultura da, eta errespetatu behar da. Gurean aldiz ez dago kulturarik, ez ohiturarik, ezta gizarterik nonbait. Honi autogorrotoa deitzen diot, norbere gizarteari, kulturari, ohiturei gorrotoa izatea. Besteena kultura da, sinesmenak dituzte, tradizio bat dute. Guk daukaguna ez da kultura, deuseztu egin behar da… autogorrotoa.
Cheri: gaurko pircing eta gainerako kontu horiez ari zara eta autogorrotoaren definizioa atera zaizu.
Nik beste auto bat ere gehituko nuke: autozauritzea.