Behi argalak
Behi argalak –
Juan Luis Zabalak Gipuzkoako Hitzan.
Garai gogorrak iragartzen ari zaizkigu Olano, Urkullu, Sanchez, Macron eta haien kide, gogaide eta burkideak: ez ametsik egiteko behi gizenekin, behi argalen garaia datorrela; pentsatzeko gerrikoa estutzeko beharko dugun hurrengo zuloa non egin, aurrekotik urrun. Ez digu grazia handirik egin.
Duela hamarkada bat ere samurtu ginen “gure ahalmenen gainetik” bizi ginela ohartarazi zigutenean. Stephane Hesselen Haserretu zaitezte! liburua geratu zaigu sumindura haren aztarna gisa, Inma Erreak euskaratuta (Denonartean, 2011).
Antzeko ildoan, duela ia bost hamarkada, “petrolioaren krisia” zela eta, “Ahorre energía”, agindu zigun Iberduerok. “Si usted puede pagarla, España no puede” (“Aurreztu energia. Zuk ordain badezakezu ere, Espainiak ez”).
Logikoa da gure sumindura. Badakigulako O., U., S., M. eta haien kide, gogaide eta burkideen gerrikoek ez dutela zulo berririk beharko; ez direla behi gizenen onurarik gabe geratuko.
Baina, O., U., S., M. eta haien kide, gogaide eta burkideek esaten eta egiten dutena alde batera utzita, ezin da ukatu guri ere —pobreziaren edo prekaritatearen atzaparrak bete-betean harrapatu ez gaituen langileoi bederen— energiaren aurrezpenaz eta kontsumo mailaren murrizpenaz arduratzea dagokigula; desazkundearen aukera aintzat hartzea eta, horri lotuta, baita austeritatearena ere. Energia krisiarengatik ez baldin bada —ezin jakin zer den egia eta zer ez, esaten zaigun guztiaren artean—, klima-aldaketak dakartzan arrisku gero eta agerikoengatik.
Jasangarritasuna edo iraunkortasuna xede omen duten diskurtso eta ekimen ecofriendly gero eta ugariago baina ia beti azaleko eta askotan lotsagarriak gorabehera, argi dago bizi gaituen kapitalismo oro-hartzailearentzat anatema direla desazkundea eta austeritatea, kapitalismoak energia-gastuaren eta kontsumoaren etengabeko gorakada baitu oinarri, motor eta hazkurri.
Haren etengabeko bidegabekeria krudel ugariak salatzearekin batera, kapitalismoari aitortu behar zaio gutxieneko oreka batekin eutsi diola gizartearen antolakundeari, teknifikazioak eta globalizazioak eragindako konplikazio gero eta ugariagoei aurre egiten asmatuta. Orain arte behintzat. Baina etorkizunean hala jarraitzea ez dago ziurtatua. Kapitalismoaren defendatzaile sutsu asko halaxe aitortzen hasita daude.
Benetako sozialismoa, komunismo antiautoritarioa edo anarkia global adostu-harmoniatsua irtenbide idealak lirateke desazkunde eta austeritate maila egokietara iristeko. “Bakoitzak bere ahalmenen arabera, bakoitzari bere beharren arabera”. Baina, “indar korrelazioei” erreparatuz gero, utopia kitzikatzaileak baino gehiago, ameskeria paralizatzaileak iruditzen zaizkit, gaur eta hemen, aukera eder ezin iritsizko horiek.
Hori guztia horrela dela —edo horrela ikusita behintzat—, Vladimir Leninek esango lukeen moduan, zer egin?
Ederra litzateke herritarrok, desazkundea eta austeritatea praktikatzeaz gain, lortzea desazkundea eta austeritatea modako izatea, cool, norberaren erabakiez eta esperientziez harrotzeko motibo, tronu horretan ipurdia ezarria izan ohi duen erakuskeriari eta handi-mandikeriari lekua kenduta. Beldur naiz, ordea, hori ez ote den sozialismora, komunismora edo anarkiara iristea bezain zaila edo are zailagoa. Gizatiarregiak gara horretarako ere.
Ez dut irtenbiderik ikusten. Barkatu pesimismoa.
Behi argalak