Beharbada ez da uste bezain zaila izango, baina…

Joni Ubeda tolosarraren blogari erreparatu diogu inoiz gaur baino lehen ere, bizileku duen Andoaingo udal hauteskundeetan alkatea bozkatzerakoan izandako afera zela-eta. Oraingo honetan, eta Urkullu lehendakariak 130 alkateri udalerrien Memoria Erretratuak eman zizkien ekitaldiaren harira, bakegintzaz eta bizikidetzaz mintzo da.

.

1.“Etorkizunean bakea eta bizikidetza bermatzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria errekonozitzea, eta eragindako mina eta biktimen duintasuna ere errekonozitzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea”.

2.“Lehenengo biktimekin hitz egin behar dugu, beraien nahia zein den jakin, goxatu eta arretaz entzun. Lan horrek ez du denbora jakinik, agian denboran luza daiteke, baina konfiantzak sor ditzake eta konfiantza sortzea da momentu honetan lanik garrantzitsuena”.

3. “Zalantzarik gabe egoera berri baten aurrean gaude gaur, dialektika politikoaren erreminta bakarrak elkarrizketa eta hitza direnak. Haiengan jarri behar ditugu etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak”.

Beharbada ez da uste bezain zaila izango, baina...

Beharbada ez da uste bezain zaila izango, baina hortik erraza izango dela esatera aldea dago

Alde handia, gainera. ETA indarrean izan zen azken urteetan biktima zibilak diren bi pertsona hil zituen Andoainen, bata udaltzaina eta bestea kazetaria. Ezagunak dira bi kasuak, biktima guztien artetik maiz nabarmentzen baitira Joseba Pagazaurtunduaren eta Jose Luis Lopez de Lacalleren izenak. Egon dira beste zenbait pasarte beltz –Egunkariaren itxiera, kasu–, baina Andoainen kazetari modura lan egin dudan urteotan aipatu ditudan bi heriotza horietan elkarbizitza lehertzear ikusi dut nire begiekin. Giza taldeen eta norbanakoen arteko haustura ekarri zuen horrek, gaur gaurkoz irauten duena.

Beharbada ez da hain zaila izango. Irailaren 4an “Memoriaren erretratuen aurkezpen ekitaldia”n, EAEko alkate askoren aurrean, Urkullu lehendakariak (EAJ-PNV), Santano Irungo alkateak (PSE-EE) eta Mendoza Errenteriako alkateak (EH Bildu) gogoan hartu behar diren adierazpenak egin zituzten. Uste dut oharkabean igaro direla, hitz egin dudan hainbat gertuko eta ezagunek ez baitituzte entzun. Jar zaitezke, irakurle, hitzaldi horiek irakurtzen. Neronek hiru hizlariren idatziak eskuratu ditut, PDFn gordeta dauzkat. Solaskide bakoitzaren ahotsean entzun ahal daitezke, ordea. Aukeran, hobe audioa. Merezi du:

.

[Bideoak Irekia ataritik hartu eta guk geuk eskegiak dira]

.
Post honen goiburuan ipinitako hiru pasarteak ekitaldi horretan egindako adierazpenak izan ziren. Hizlari bakoitzeko adierazpen bana. Ausartuko al zinake adierazpenak eta hizlariak lotzen?

1, 2 eta 3 zenbakiak A, B eta C letrekin lotzen saiatu:

1. “Etorkizunean bakea eta bizikidetza bermatzeko, beharrezkoa da indarkeriaren bidegabekeria errekonozitzea, eta eragindako mina eta biktimen duintasuna ere errekonozitzea, biktima guztiek merezi baitute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea”.

2. “Lehenengo biktimekin hitz egin behar dugu, beraien nahia zein den jakin, goxatu eta arretaz entzun. Lan horrek ez du denbora jakinik, agian denboran luza daiteke, baina konfiantzak sor ditzake eta konfiantza sortzea da momentu honetan lanik garrantzitsuena”.

3. “Zalantzarik gabe egoera berri baten aurrean gaude gaur, dialektika politikoaren erreminta bakarrak elkarrizketa eta hitza direnak. Haiengan jarri behar ditugu etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak”.

A. Santano, PSE-EE.
B. Urkullu, EAJ-PNV.
C. Mendoza, EH Bildu.

Nork zer adierazi zuen? Zalantza sortu al zaizu? Ba aizue, ordezkari bakoitzari zein esaldi atxekitzeko garaian zalantza sortzeak, ez dakit ba, alde batetik hain zaila ez dela izango pentsatzera narama. Ez ote gauden uste baino gertuago.

Jakin badakit jolasa sinplekeria bat dela. Jolas hutsala. Asuntua serioa denean. Eta halaxe hartu behar denean, gainera.

Joko dialektikoaz haratago, herriz herri zerbait gehiago egin beharko da. Korapiloa askatzeko muina tokian tokiko sufrimenduaren mapan baitago. Nire animo guztiak bizikidetza bereraikitzeko ahaleginean lanean ari diren Andoaingo Udal ordezkari guztiei. Atsegin handiz helaraziko dizkiet Urkulluren, Santanoren eta Mendozaren hitzaldien PDFak. Kontsultarako baliagarri dira. Helduleku bat.

Beharbada ez da uste bezain zaila izango, baina…

Beharbada ez da uste bezain zaila izango, baina…

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.