Batzokiko neska (eta besteak)

Gogoratzen Jarvis Cocker dotoreak gidatzen zuen Pulp taldearekin?

Britainiarrek bazuten kantu bat, ezagunenetakoa, askotan dantzatu izan dugun arren sekula hitzei erreparatu ez dieguna. Protagonista, antza, Greziako neska aberaskumea ei zuen “Common People” komunikabideetan izan dugu orain hilabete gutxi, zer eta neskaren izen abizenak ezagutu direlako. Edo hobe esanda, Danae Stratu izan zitekeela pentsatzen delako, Giannis Varufakis itzal handiko ekonomilariaren emaztea.

Grezia komunikabide guztien erdigunean izan genuen garaietan zabaldu zen kontua, hainbeste, britainiar hedabideetatik landa gureetan ere izan zuela oihartzuna. Angel Errok, zutabe bat eskaini zion aurkikuntzari Berria egunkarian, eta Twitter bidez Iban Zalduarekin izandako elkarrizketan, zera bota zuen: “Orain batzokiko neska nor zen jakitea baino ez zaigu falta”.

Eta hara! Batzokiko neska ez, baina gaztelerazko poparen neska sonatuetako bat da orain ezagutu duguna, sonatuena ez bada: Nacha Pop taldearen “La chica de ayer” kantuaren protagonista; euskalduna bera!

 

Atzoko neska

Euskalduna edo, zuzenago, Euskal Herritarra. Horrela idatzi zuen Luis Alegrek lehengo astean El País egunkarian.

2014an Paloma Concejerok “Tu voz entre otras mil” dokumentala egin zuen Antonio Vegari buruz. Bertako argazki batean artista neska ezezagun batekin agertzen da, Nacha Pop taldeko lehen bateria jolearen aburuz, “La chica de ayer” kantua inspiratu zuena.

Jaime Conde bateria jolearen adierazpenek neskaren peskizan jarri zuten Concejero zinemagilea, Vegak berak sekula ez baitzuen kantuari buruzko argibiderik eman. Gainera zurrumurru batek argazkiko neska Carmen García-Loygorri zela zioen, Zuluetaren “Arrebato” filmeko protagonista Will More-n arreba.

Atzoko neska ez zen Carmen García-Loygorri ordea, Maite Echanojauregui baino, Madrilen bizi zen 54 urteko moda diseinatzailea, jatorriz bilbotarra.

Neskatoak 17 urte baino ez zituela ezagutu ei zuen Antonio Vega, honek 20 inguru zituenean, kantu sonatua konposatu baino apur bat lehenxeago. Eta inoiz ezer onartu gabea bazen ere, halaxe argitu ei zion sekretua filmean argazkia ikusi eta atoan ezagutu zuen lehengusinari.

Batzokiko neskaAntoni Vegaren dokumentalaren egileak, Paloma Concejerok, behin misterioa argituta, Echanojaureguirekin batu nahi izan zuen, bere istorioa argitara emateko asmoarekin. Berandu, Maite Echanojauregui bihotzekoak jota hil baitzen iazko udan.

Pulp eta Nacha Pop-en inspirazio iturri izan ziren neskak ezagututa, eta Doctor Deseoren “La chica del Batzoki”-koaz aparte, badira oraindik ezagutzeke ditugunak gure kantagintzan ere, Angel Erroren zutabe bukaerari erreparatuta bederen: “Saia dadila adoretsuena, Orioko errolda hartuta, Benito Lertxundiren herriko neskatxa maitea metafora metaren azpitik ateratzen”.

Eta arakatzen hasita, gero eta setlist luzeagoa osatuko dugu, jakina.

Batzokiko neska
Benito Lertxundi, Doctor Deseo, kantuak, musika, Nacha Pop, neskak, Pulp

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude