Begoña Urroz eta gezur bat mila aldiz errepikatua

Gezur bat mila aldiz errepikatuta egia bihurtzen omen da. Hala esaten dute. Bada, Begoña Urrozen kasuarekin jada mila eta bigarrenean doaz gutxienez, Kongresuan ETAren lehen biktima izan zela aitortu zutenetik. 1960 hartan Donostiako Amarako tren geltokian egindako atentatuan hil zen Urroz, baina ez zuen ETAk hil Ainhoa Oiartzabalek ondo azaldu zigun legez.

“1960ko ekainaren 27an, duela 50 urte, ETAk lehendabizikoz hil zuen. Haren biktima Begoña Urroz izan zen. Mundu guztiak jakin behar du eta inork ez du bazterrean utzi behar, ez Espainian, ez Espainiatik kanpo, ETAren lehen biktima 22 hilabeteko haur bat izan zela (…) Agerian jartzen du gaizkile taldearen moraltasun gabezia eta doilorkeria”, esan zuen Jose Bonok, artean Kongresuko presidentea zela, Terrorismoaren Biktimen Eguna bezala izendatu zuten hartan. Afirmazio hau ez zuten nola hala bota, ondo antolatutako mugimendua izan zen, El Paísen zein beste hedabide  espainiar askoren koberturarekin. Esan daiteke tematu direla hau hala izan dadin kosta ala kosta, baina, Begoña Urroz ETAk hil zuela esateak ez du ez hanka ez buru.
Aipatu bezala, teoria burugabe honen aitaponte Cebrianen egunkaria izan zen hasieratik, sekulako kontakizuna eraikiaz beti ETA tarteko. Esaldi gogor bezain morbosoak publikatu zituen El Paisek “La primera víctima de ETA” erreportajean. “Nire neskatxarentzat zapatatxoak erostera joan nintzen. Eta geltokira itzultzean kiskalita zegoen”, amarenak dira hitzok. ‘Jesusaren alabak, horrela, honezkero ETAk odolez idatzitako 850 izenek osatutako zerrenda inaguratu zuen’, eta gisako afirmazioak irakurri genituen. Hemen erreportaje osoa.

 

Lasarteko Udalaren ‘Ausencias’ argitalpena
Ana Urchuegia artean alkate zela, Lasarteko Udalak herriko 8 “ETAren biktimak” oroitzeko ‘Ausencias’ liburua argitaratu zuen. Hauetarik lehena zen Begoña Urroz. Liburu honetan parte hartu zuten Zapatero Presidenteak, Kongresuko zein Senatuko presidenteek, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi zenak eta Patxi Lopez lehendakariak. Azken honen idatzian espreski agertzen da Urroz ETAk hil zuela.

Gezurraren ebidentziak:

  • ETAko garaiko buruzagiek ukatu egin dute eurek inolako lehergailurik jarri zutenik.
  • ETA garai hartan ez zegoen armatua, garai hartan ezin zen ezer egin (Txillardegik esana)
  • Ernest Lluchek ETAk Urroz hil zuela esateko eta El País egunkariak gerora froga bezala Jose Antonio Pagolaren liburu bat erabili zuten. Baina Pagolak argi dio: “ETAk 1968an hil zuen lehendabizikoz”
  • 1960ko ekainaren 26, 27 eta 29an 6 leherketa izan ziren Espainiar Estatuan, Donostiakoa barne. DRILL-i egotzi zizkion Le Mondek.

“6oan ez zen armarik, ez inor armak erabiltzen zekienik. Mentalitatea ere ez zegoen landua”

Jose Antonio Lizarribar, ETAren hastapenetako kidea

“Egunen batean pistolak hartuko dituzue’, esan zidan Manzanasek 63an”

Jose Manuel Atxaga, ETAren hastapenetako kidea

“Eskua jartzen dut sutan ez ginela gu izan. ETA izan balitz jakingo nuen”

Jose Maria Eskubi, ETAko buruzagi ohia

Azken kapitulua Donostiako Udalean

Donostiako Udal Batzarrak urrezko domina eman zion Begoña Urrozi ostegunean, oposizioko alderdi guztien baiezkoarekin eta Bilduko kideen abstentzioarekin. Juan Karlos Izagirre alkateak argi adierazi zuen Urrozen familiari domina ematearen aldekoa dela, baina halaber gai honen inguruan ematen den manipulazioa salatu zuen. El Paísek hemen ikus dezakezuenez, berriz ere publikatu zuen ETAren lehenengo biktimaren ziria.

El Paísen eta beste hedabideetan ez al dute Berriako ikerketa ezagutzen? Ala gaiztakeriaz ari dira? Ainhoa Oiartzabalen erreportajea gaztelaniara itzuli beharko ote dugu, begiak zabaldu ditzaten? 

Ekaitza bainuontzi batean

2 pentsamendu “Begoña Urroz eta gezur bat mila aldiz errepikatua”-ri buruz

  • Gai honi buruz sarean dagoen artikulu interesgarriena hau da:
    http://sintesisnianalisis.com/2012/04/15/ernest-llunch-begona-urroz-y-la-mentira-oficial-sobre-la-primera-victima-de-eta/
    Gainera, komentarioetan norbaitek are froga gehiago ematen ditu ETA ez zela izan erakusten dutenak. Oso froga indartsuak. Eta bide batez erakusten du Ernest Lluch gezurretan ibili zela nabarmen. Umearen familia ere gezurretan ibili dela arrazoitzeko datuak ere ematen ditu, baina datu horiek ez dira behar bezain pisutsuak horrelakorik esateko. Hor pasatu egiten da.

  • Amonamantangorri 2012-07-02 20:48

    Ez dut gaiaz aldatu nahi, baina uste dut honekin lotua dagoela.

    Zabaldu nahi den “errelatoaren” arabera, ETAren aurreneko bi biktimak ez ziren guardia zibil bat eta Gestaporen kolaboratzaile bat izan, baizik deusen kulparik ez zuen haur ttiki bat. Hein berean, ETBk, telesail baten bitartez, bertsio bihurri xamar bat zabaldu du ETAren historiaren beste kapitulu inportante baten inguruan: bertsio horren arabera, Carrero Blanco almirantea ez omen zuen ETAk bere kasa akabatu; ETA, berez, momentu horretan Estatu Batuen eta frankismo barruko sektore baten txontxongilo moduko bat izan omen zen: Eva Forest (“La Rubia” ezizenez) izeneko militante komunista bat ere egon omen zen tartean.

    Horrelakoxea da euskal telebista autonomikoak eskaintzen digun informazioa eta informazioa.