Begiak itxita (olerkiak)

Begiak itxita –

Maitasun oinazea

 

Ahantzi behar zaitu dala

ezin oroitu.

Zer oroimena kaskarra nirea,

beti gogoan zaitu.

 

Ez dut ahal zure hutsunea bete,

aulki bakartien laguntzaz,

edo zuhaitz itzalpean egonik.

Ezaguna zaie nire begiek dioten tristezia,

zure oroitzak nire baitan dakarren

laino mehea.

 

Ez da oraingoa hodeiek argia ezkutatzea,

ezta nire begiak, zure bila urrunera jo

behar izatea.

Baina ez da samina, isiltasuna edo kolorea,

ezta argia edo euria.

Ez, zure usain maitea dakarren

itsas haize fin eta garbia baita.

Hau itxaropena ote?

 


 

Zu zara

 

Ez dakit ba ote naizen ala ez,

ezta izandakoa izaten naizen.

Bakar, oso bakar nintzela bai,

eta zu heldu zinen.

 

Ustez ikusten nue, baita ikusi.

Sentitzen nuen, baita sentitu.

Baina ez nintzen ni neu.

Zu baizik.

 

Asko da iraganean ibilitakoa,

arrosarik gabeko arantzadun bide luzean.

Zure begirada garbiak berreskuratu nau.

Zu zeuk.

 

Zuri jarraikiz abiatu ginen,

bidea egin ere bai,

baina helmuga jo gabe.

Begiratu nahi eta begiratzen dizut,

usaindu eta nabari zaitut,

bidea egin nahi dut, elkar bidea jo.

Zu zara, zu soilik.

 


Itsasoan maite

 

Ederra zen marea, apar higigarria gainean,

uhinen jantzi zakarra,

eta antxetan garrasiekin.

 

Zu itsas ertzean, begirada galdua,

zango lirainak erakutsiz.

Horiek bai begi politak.

 

Ez zenion inori begiratzen,

zalantza ugari buruan.

Zuk, begiratu baina ikusi ez,

nik bai, zure irudi zuta.

 

Ni atarira heldu, zuk ateak zabaldu.

Nire lagun nahi zaitut,

Bat eta bakarra izan gaitezen.

 


Begiak itxita

Zure begiak

 

Betidanik maite zaitu dala dakizu,

zure izenak argitzen dituenez  nire egunak.

Baina gauera arte ezin musurik ebatsi,

ezta zure esku xaloen ferekarik bildu.

 

Lapurra izan behar,

gauaz zurekin egoteko.

Nolako bideak dituen maitasunak!

Beharrik, zio bat edo beste, beti dagoen.

 

Zure begiak babesa eskaini didate,

baina berauren jabeak hitzik ez,

nahiz goxoki entzun bai.

 

Begiratzen naute eta begiratzen ditut,

gauza bera diote elkarri,

baina zuri deus entzuten ez.

 

Ez dut gehiago lapurra izan nahi,

ezta gauaz baliatzerik.

Ez dut berriro ebatsitakorik nahi,

zuk emandakoa nahi dut.

 


 

Amets?

 

Ez dut, iragana denez,

atzokoa izaterik nahi.

Geriza izan nahi dut,

zure katu-begi horientzat.

 

Zure isilaldi luzeen

jabetza nahi dut.

Baita zure gau baketsuena.

Hain maite duzun hori.

 

Zu laztanduz nola larruazala  ikaratzen,

non zure sorbaldaren mugak

ikusi nahi ditut.

Hainbeste merezi ote, orain nirea izateko?

 

Goizean ikusi nahi zaitut,

begiak erdi itxiak,

so niri begira.

Une hori nahi dut niretzat.

Egunak eta egunak,

Egun guztiak, elkar jaiotzen ikusi.

Zu baizara.

Begiak itxita

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.