Begiak busti

Begiak busti –

Xabier Euzkitzek Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

Ezagun baten eskelaren bila sartu nintzen eta beste batena aurkitu, Bernarditarena. Bat-batean haurtzaroa etorri zitzaidan gogo-bihotzetara. Gure balkoia eta haiena aurrez aurre zeuden. Goizean goiz agurtzen genuen elkar egunero. Bernarditaren diosala opari bat izaten zen. Beti goxo, adei-tsu, hurbil, prest.

Begiak bustiSan Juan eguna zen, artean Patxi xaharra bizi zela. “Ikastolara joan aurretik zergatik ez duzu txistua eta danbolina hartuta balkoian San Juanen martxa jotzen!” esan zidan amak. Horixe egin nuen. Garai hura bizi izan ez zutenek ezin ulertuzko giroa sortu zen. Aurreko eta alboetako balkoietara bizilagunak irteten hasi ziren, asko negarrez. Bernardita tartean.

Lehengo batean gure etxe aurreko tabernan sartu nintzen. Haizeteen eraginez-edo musikarik gabe zeuden. Tabernetan, soinu-banda gisa, hondoko musika entzutera ohitu gara, eta erabat huts eta hotz sumatzen zen taberna, deseroso bihurtzeraino. “Geuk kantatu beharko diagu”, esan nion Perdi zerbitzariari. Esan eta egin. Tradiziozko kantak, Oskorrirenak, Benitorenak, Errobirenak… Ozen aritu ginen, gozatuz, geure baitan bilduta, ondokoen begiradei erreparatu genien arte. Martetar bat ikusi izan balute ez ziratekeen hainbeste harrituko. Hamarkada gutxi batzuetan tabernetan noiznahi kantatzetik kantatzen duenari friki iriztera pasatu gara. Normalagoa da telebistan Espainiako prentsa arroxako pertsonajeren baten kontu lehorrak ozen jarrita edukitzea euskaldun bat kantuan entzutea baino. San Juan egunez txistua jotzen hasiko banintz, ez lukete ulertu ere egingo, bakanen batek izan ezik.

Bernarditaren eskela ikusi dut egunkarian eta, hari San Juanen martxarekin bezala, niri ere begiak busti zaizkit.

Begiak busti

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.