Batzarren Errepublika, eraldaketari ekin

Batzarren Errepublika, eraldaketari ekin –

2014. urtean “Batzarrak Jatorrizko Antolaketa” liburuxka plazaratu nuen Mentxu Zoritak eta Ibon Ostolazak lagunduta. Argitaratu aurretik zalantzak izan nituen ez bainabil mundu akademikoan. Zenbait ekarpen, adituen monopolioa izan behar direla pentsatzen dugu eta uzkur jokatzen dugu sarritan. Halere, punky mugimenduak musika jotzeko kontserbatoriotik pasatzea derrigorrezkoa ez dela erakutsi zuen moduan; hausnarketa historiko, soziala eta antropolitikoan gogoeta bat egiteko askatasuna eduki behar dugula uste dut. Argitaratu aurretik ETBek ordaindutako “Otra historia de Vasconia” ezagutu izan banu, lotsa txikienik ez nukeen izango, bertan zabaldu diren hainbat hipotesiren oinarri zientifikoa txokolotezko yogurta bezain sendoa izan da-eta.

Liburuxkan aurrehipotesi bati ekin nion. Aurrehipotesi horren arabera, Euskal Herriko antolaketa soziopolitikoak, juridikoak eta soziokulturalak “Batzarra; batzarre” erakundea ardatz izango zen.

Premisa garrantzitsu bati heldu nion: “gure espeziak historia osoan sortu dituen jendarte-sistema guztiak konplexuak dira”. Sistema horien helburua gure behar biologiko, psikologiko eta soziokulturalak asetzen saiatzea da. Guztiek osagarri “juridiko eta politikoak” dituzte. Printzipio honen harira, jendarte sistema primitibo/moderno bereizketa zorrotza egitea ez da zuzena, jendarte-antolaketa eredu guzti-guztiak konplexuak eta osoak direlako.

Jendarte-sistema bidegarri eta osasungarri guztiak pragmatikoak dira. Pragmatikoak dira hain zuzen ere, behar materialez gain, gizakion banako eta talde behar guztiak asetzen saiatzen direlako, egungoak eta etortzeke dauden belaunaldienak. Irizpide hau gogoratzea ondo datorkigu une honetan, zenbait sektorek berriki Euskal Herrian ere “pragmatismo anglo-saxoniarra” aldarrikatzen ari direnean. Alta, neoliberalismoa eta indibidualismoaren sortzaile nagusia.

Batzarren Errepublika, eraldaketari ekin

Jarraibide horretatik segituz, interesgarria iruditu zitzaidan Euskal Herriko antolaketa indigena (esaterako, erromatarrak iritsi aurretik) nola izan zitekeen irudikatzea. Interesgarria, besteak beste, indoeuropar jatorria ez duen kultura baten antolaketa ereduaren ezaugarriak ezagutzea egungo bizimodurako baliagarria izan ahal zela pentsatzen dudalako.

Bakoitzak bere mamuak ditu eta nire mamuetako bat, aitortu behar, jendarte-sistema indoeuropearrak dira. Jainko antropomorfiko, gerlari, matxista, hierarkiko eta sarraskitzaileen mundua. Hots, gure testuinguruan nagusitu diren kulturak, munstro ideologikoak sortu dituzten kultur dogmatiko eta antropozentrikoak.

Gaizto/zintzo dikotomietatik at, eta iraganaren mitifikazio inozoetatik ihes egiteko ahalegina eginez, Burdin Aroan erreparatzea deliberatu nuen, garai horretarako Euskal Herrian bizi ziren pertsonek jendarte-sistema identifikagarria eta berezia antolatzeko beharra izango zutela pentsatzen baitut.

Burdinaren erabilpenak aldaketa sozial, ekologiko, kulturalak eta politikoak bizkortu zituen. Horiekin batera, hazkunde demografikoak ere eragin handia izango zuen. Ahaidetasunaren gaindiko egiturak hobeto arautzeko premia areagotuko zen.

Une horretan kokatuko nuke lurralde hauetan eman diren prozesu etnogenetikoetako bat, eta hor kokatuko nuke ere, Euskal Herrian sortu diren jendarte-antolaketa indigenetako bat, beste batzuk egongo baitziren aurretik eta beste batzuk suertatu ziren ondoren.

Erromatarrak iritsi zirenerako, (egungo) Euskal lurraldetan bizi ziren taldeek konfederazioak eginak zituzten, nitxo ekologiko guztiak ustiatzeko gaitasuna zuten, komertzioa, komunikabideak, hiriak…
Gehiena dago ikertzeke, halere batzuetan iragana irudikatzeko modua ez da aurkitutakoa aztertzea, falta dena baizik. Zera esan nahi dut, erromatarrak iritsi zirenerako, lurralde hauetako eskualde guztietan talde antolatuak zeudela, harreman iraunkor eta arautuetan. Albait, ez dugu erdigune-bazterra antolaketaren inolako zantzurik aurkitu. Hau da, gure aurrekoek aukeratu zuten ereduan konfederazioa izango zen hartu-emanak arautzeko bidea. Izan ere, konfederazioa izan da ohiko antolaketa eredua jendarte-sistema gehienetan, eredu zentralizatuak baino askoz gehiagotan .

Erroma klasikoari, inperioa sortu zuenari “Estatu” hitza jarri ohi zaio. Estatu izena jar dakioke Amerikako Inkeen inperioari, Egiptori Chinari, Erdi Aroko erresumei, XIX. mendeko Estatu-nazioei. Estatua izan zen Nafarroako Erresuma, Estatu baten ezaugarri batzuk izango zituzten Pirinioetako bi aldeetan egon ziren bi Baskoniek, baina desegokia litzateke “Estatu” izena erabiltzea Erroma aurreko euskal munduari, erakunde juridikoak, politikoak, soziokulturalak eta ekonomikoak izango zituztela jakinda ere.

Hurrengo urteetan lantzen jarraitu nahi dugun aurrehipotesiaren arabera, Erroma iritsi aurretik sortu zen sistemaren zantzu batzuek jarraipena izan zuten hurrengo mende luzeetan. Erroma eta gero Euskal Herrian inposatu diren eredu ofizial guztien azpitik, euskeraz pentsatu, amestu eta jardun duten pertsonek bestelako eredu baten ezaugarriak gorde eta garatu dituztela uste dut, eta horrek isla izan du sarritan Estatu horiekiko egon diren gatazka eta auzietan.

Lur publikoaren defentsa zorrotza; pertsonen askatasun juridikoaren defentsa sutsua, zaintza kolektiboa eta beste hainbat adierazpen, euskara eta euskal kulturaren bidez gaur arte iritsi zaizkigun aintzineko antolaketa baten zantzuak direla esango nuke nik.

Antolaketa horren oinarrian “Batzarra” kokatzea zilegi dela uste dut. Batzar-biltzar horien ezaugarriak askotan aldatu direla jakin arren, eta ziurki termino hori dexente “berriagoa” izango dela susmatu arren, balizko batzar-sistema batek ondo erantzuten dio Erromatar heldu aurretik irudikatu ahal dugun panoramari. Batzarren bitartez antolatutako Euskal Herria izan da Estatuen eskutik etorri diren zentralizazio saiakerei erantzun diena. Eredu zentralista guztien aurrean euskal herritarrek antzeko aldarrikapena egin dituzte mendeetan zehar. Aldarrikapen horietako muinean ere aurkitzen dira egungo aldarrikapen eta behar batzuk. Lehen erasoak eliza eta erregeen eskutik etorri ziren, ondoren Estatu-nazioak izan ziren-dira, orain “merkatuak” dira eragile bortitzena askotan.

Beste etorkizun posibleak irudikatzeko, beste iragan posibleak aztertzea baliagarria dela uste dut. Idazten den historia ofizialetik landa, hamaika historia eta istorioa daude; liburu eta telesaio ofizialetik kanpo, hamaika gertaera eta mundu egon ziren Agintzen dutenek bultzatzen duten etorkizun goibelik at, beste etorkizun eskuragarri batzuk baditugu. Xede horretan kokatzen dut ezezaguna den iraganari buruzko gogoetak egitea, ahalduntze-prozesu kolektiboetarako tresna bat izan daitekeelako, erabiltzen ari diren beste paradigma batzuekin batera gure jarduna elikatzen lagun dezakeelako.

Asmo horrekin ibili naiz, han-hemenka, azkeneko urteetan, egungo Euskal Herriko sektore eta lagun aktiboenen gogoa zertan dabilen ikuskatzen. Ondoko lerroetan aurkitutako zenbait ezaugarri konpartitu nahi nituzke.

.

Egungo Euskal Herria

Euskal Herria mundu globalizatuan erabat txertatuta dago. Mundu globalizatu horren erdigunetik nahikoa hurbil dago eta Aro Berriak (Aro Planetarioa, egile askoren esanetan) sortu dituen aldaketak eragin itzela izan du geurean.

Garai bateko herri indigenaren ezaugarriak zantzu txiki batzuetan baino ez dira ageri; beste garai bateko Euskal Herria langile, arrantzale, nekazaria eta aktiboa ere, iragan hurbileko kontua da. Egun, Euskal Herria, herri “heldua” da, zentzu zabalean, demografikoa zein antropolitikoan. Euskal Herria eredua izan da herri minorizatu askorentzat, eta arlo batzuetan oraindik, zer erakutsi badu ere, oraingoan gehiago dugu ikasteko irakasteko baino.

Oso konplexuak eta anitzak diren gertaerengatik, une honetan, Euskal Herriko sektore aktiboenetan aritzen diren herrikideak gutxi dira, sakabanatuak eta noraezean gabiltza. Herri gehienetan aurkitutakoak adierazten digu gehienok gertuko eremuan aurkitu dugula babesleku. Kontraesana dirudi, hain justu orain, komunikazio sareek muga guztiak gainditu dituzten garaian, jende askok gertuko sareari garrantzi handiagoa ematea, horrela geratzen ari da, ordea. Arlo sozialean aktibo jarraitu nahi duten gehienak herritik ala auzotik at ez dira apenas mugitzen. Egia da, sare-sozialek gure gertuko eremutik kanpokoekin harreman iraunkorra izateko aukera ematen digutela. Eta egia da, komunikatzeko bide berri horiek zenbait arlotan eragin itzela dutela, baina Euskal Herri osorako sareetan modu iraunkorretan parte hartzeko grina jaitsi da.

Bestalde, oso nabarmena da “denboraren kudeaketa” aldatu dela. Nekez aurkitzen dugu urte luzetako militantzia aurreikuspena egiten duen pertsonarik. Lan-boluntario egiteko prestutasuna duen lagun andana dago, baina partehartze soziopolitikoa egiteko moduak aldatu dira, zeharo. Militantzia soziopolitikoaren konpetentzia handiena aisialdia da. Oso zaila egiten ari zaigu abian jarri den talde bati jarraipena ematea, bertaratutakoak aise nekatzen dira eta epe mugatu eta ardura mugatutako eratzukizuna baino ez dute hartu nahi. Nire ustez, hurrengo urteetan horrela jarraituko dugu eta hortaz, eraldaketa sozialerako konpromisoari eutsi nahi diogun lagunok argi eduki behar dugu bidaideen jokamoldea bestelakoa dela, berria. Gainideologia dugunon asmoak ez dira beteko, frustrazioa erortzeko arriskua dago, baina hala eta guztiz ere, aurrera egitea badago, jokamolde berriak oraindik ongi ulertzen ez baditugu ere.

Adibidez, toki gehienetan, indar handiz “Zaintza” kontzeptua kezka nagusi gisa atera da. Estatuek ez dute bermatzen gure bizi-iraupena; merkatuek ebatsi digute denbora; gure erakundeen ahalmena oso mugatuta dago, belaunaldien arteko elkartasuna ahuldu da… Hainbat eta hainbat herritarrengan etorkizunarekiko kezka handia sortu da eta gertuko komunitatean ari da bilatzen irtenbidea. Honek zenbait pista ematen digu.

Tokian tokiko talde burujabeek baino ez dute epealdi estrategiko batek eskatzen duen iraunkortasuna edukiko. Euskal Herri osoko talde politiko eta sindikal handienetatik aparte, sor daitezkeen erreferentziak (guztiz beharrezkoak) tokian tokiko egituraketan izango dute oinarri. Beste ezer ez da ongi aterako. “Goitik” jaiotzen diren erreferentzia guztiekiko mesfidantza erabatekoa da eta.

.

Tokian tokitik hasi

Batzarrak izan ziren Estatuen ahaleginei aurre egin zieten erakundeak. Erdi Arotik aurrera jauntxoek batzarrak kontrolatzen hasi ziren arren, antolaketa eredu honen berezko ezaugarri batzuk oso baliagarriak izan ziren komunitateari eusteko, herritar xumeen oinarrizko eskubide batzuk babesteko, jabetza publikoari eusteko, komunitateari eusteko, zaintza ardura kolektibo gisa ulertzeko.

Gertuko komunitateak berregituratzeko, gure beharrak asetzen laguntzeko, XXI.mendeko herri batzarrak osatzen saiatzea ariketa emankorra izan daiteke. Ahalduntze-prozesu handi baten baitan kokatu beharko genuke saiakera hau, herritar aktiboak eta burujabeak izateko ahalegin eraikitzailea.

Eskualde, herri, auzo bakoitzean lehentasuna eta beharrak desberdinak izango dira. Herri Batzar bakoitzak forma ezberdina hartuko du, ardura ezberdinak izango ditu , gaitasun ezberdina, baina denek osa dezakete mugimendu zabal bat, eraldaketa sozialari ekarpena egiteko moduan egon daitekeen mugimendua.

.

Euskal Errepublika Eraikitzen

Esan bezala, herri batzarrak ala batzordeak modu sistematikoan sortzen hasiko balira, Euskal Herriko mapan aniztasun handia izango genuke. Tokian tokiko egoera ezberdina den neurrian, lehentasuna eta beharrak ere desberdinak izango dira. Leku batzuetan euskaldun aktiboak izatea izan liteke lehentasuna; beste batzuetan agian agureen zaintza; txikien zaintza, banka etiko bat sortu; denboraren kutxa bat kudeatu, inguru naturalak babestu, turismoa kontrolatu, energia garbiak lortu, produktu ekologikoak kontsumitu, desmilitarizazioa… behar handiak daude, asko, anitzak. Hala ere, mapa konplexu honek itxura koherente bat har lezake ahalegin kolektibo zabal batean kokatzen bada.

Ahalegin kolektibo horri “Euskal Errepublika Eraikitzen” deituko nioke, nire kasuan, jarduna Euskal Herriko markoan kokatzen baitut. Beste marko posible batzuk nik aukeratutakoa bezain ulergarriak dira, noski.

Eraikitze lan hori hasteko moduan gaude, Euskal Errepublikaren herritar aske gisa antolatzen has gaitezen.

Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika Batzarren Errepublika
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

4 pentsamendu “Batzarren Errepublika, eraldaketari ekin”-ri buruz

  • Juan Luis Zabala

    Kaixo, Patxi:

    Zure testuak beste hau ekarri dit ggoora, eta pentsatu dut igual interesatzen zaizula:

    http://www.unibertsitatea.net/blogak/txoroen-untzia/2018/01/20/humboldt-euskal-nazioa-eta-iraultza/

  • “Tokian tokiko talde burujabeek baino ez dute epealdi estrategiko batek eskatzen duen iraunkortasuna edukiko.”

    Esaldi hori euskaltzale/abertzale ororen buruetan grabatu beharko litzateke.

    Egia da gure arbaso baskoiak ahaidetasunean oinarrituriko leinuen arteko konfederazio tribal batean egituratzen zirela, beti ere leinu edo familia-buruzagiak zirelarik konfederazio horietako bakoitzaren buru edo gidari, Iñigotarrak edo Belaskotarrak kasu. Antolakuntza sistema hori erdi aroko ahaide nagusietaraino iraun zuen, gerora nekazari ta hiribilduetako komunitateetan gordeko zirelarik izateko eta antolatzeko era hori, auzo-batzarren eta batzar nagusien bitartez eta abar. Antolatzeko era hori gaur egun ere ikus ditzazkegu kurduengan edo korsikako familietan.

    Dena den, tokian tokiko taldeen bitartezko antolakuntza “tribal” horrek beharrezkoa du taldekideen arteko hurbiltasun eta homogeneotasun etniko-kultural gutxieneko bat, hasteko, eta ideologia oro trastzendituko duen patu edo epe luzerako helburu bat. Beste hitzetan, talde guzti horiek berezko duten joera zentrifugoa orekatu egin behar da irizpide nazionaletan oinarrituriko indar eta zentripeto batekin. Hori gabe, komunitateak izango genituzke KOMUNITATEA beharrean, hots, euskaltzaleena, erdaltzaleena, kristauena, mairuena, punkiena, hipsterrena, transexualena, emakume feministena, lgtbtarrena etabar.

    Nahiz eta erdi aroko bandokideen gizartea egun baino askoz ere homogeneoagoa izan etnikoki, kulturalki, espiritualki, sozialki… elkarrren artean gudatu zuten hain zuzen ere kontzientzia nazional baten falta zela-eta, euren leialtasuna jaiotetxea eta jauntxoarekikoa baitzen-eta. Pentsa zer gertatu daitekeen gaur egungo Euskal Herri heterogeneo edo, hobe esanda, erdi-disolbatuan. Segituan agertuko lirateke zatiketak, interes kontrajarriak eta gatazkak. Horrexegatik, nire ustez, zuk arrazoi osoz proposatzen duzun ekinbide libertario hori, nahitaez uztartu behar da parametro identitario edo nazionalen baitan. Beste hitzetan, euskaldunez egituraturiko komunitate antolatu bat, soilik euskaldunen beharrak bete eta interes estrategikoak defendatzeko

    • Patxi Azparren

      Eskerrik asko oso ekarpen interesgarria. Zenbait herri eta auzotan saiakerak egin dira. eta aipatzen dituzun arazoak azaldu dira.
      Gu aritu garen tokietan irizpideetako bat euskeraz aritzea izan da. Euskara hizkuntza” ofizial” gisa eta ulertzen ez zutenentzat laburpenak. Irizpide horrek lagundu du.
      Ondo diozun moduan, joera zentrifugoak eta zentripetoak uztartu behar dira. Nazio ikuspegiak beharrezkoa den epealdi estrategikoari eusten laguntzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude