Baskoniako notiziez

Baskoniako notiziez –

Iparraldetik ikusteak, Euskal Herria Hirutik Zazpira zabaltzen digu.

Maiatz elkarteak agertu didan liburu horrek bi argibide hartze ditu. Lehenik zeren izenburu hori? «Historia» hitz potoloa da. Egia da frantsesez erabili nuela 1970 urtetik, baina gazte nintzen, eta orain zentzatu behar dut. Ber denboran Euskal Herriaren izen zaharrari pentsatu dut, Baskonia zinez indartsu agertu baitzen J.K.ren ondoko lehen mila urteetan. Allande Oihenart-ek bere latinezko lanari ondoko izenburu hau eman zion: Notitia Utriusque Vasconiae… Bi Baskonien ezagutza… Haatik ezagutza ere hitz handia da; beraz «notiziak» pluralean ezarri ditut, «berriak» adieraziz apalki. Aldiz Baskonia singularrean idatzi dut gaurko euskal ikuspegiaren arabera.

Baskoniako notiziez

Euskal Herriak zazpi lurralde historiko

Berriak Iparretik aipatzen ditut gu ere hor gaudela sentiaraziz, besteak bezain euskaldunak, mendeen barna franko leku ona bete dugula, eta ez garela isilik egotekoak. Euskal Herria ez da mendebaldeko hirur Baskongadetara mugatzen, zazpi lurralde historiko baditu, Axularrek izendatu zituenak, eta Iparraldeko hirurak ere hor gaude, Nafarroa Garaiari ongi lotuak, bereziki Nafarroa Beherea edo Baxenabarreri esker.

Ez dut Euskal Herriko historia oso bat idatzi nahi ukan, ez baita idazle bakarti batek egiteko lana. Jauzika, punpeka, saltoka ibili naiz, euskal iraganeko itsaso zabalean uharte batzuk bisitatuz, maiteenak, enetzat ezagunenak, agian denentzat garrantzitsuenak, jendea txango eta itzuli horretan parte hartzera gomitatuz. Iparretik ikusteak zer dakar? Irurac Bat zaharra zabaltzen du. Zazpiak Bat lema Iparraldekoa dugu, Hegoaldera guti hedatu da. Han gehienetik ere Laurak Bat delakoa da, Iparragirrek Gernikako Arbola himnoan aipatu zuena, bestalde Hendaiako mugan «Hara Espaina» kantatuz.

Ber denboran Europako ate bat irekitzen diogu Hegoaldeari, lehenik Madrili begira dagoelarik, eta gero Amerikari, dela maitasunez, dela gorrotoz bi kasuetan.

Mila bat urtez euskaldunen indar nagusia Iparraldetik

Hegoaldeak antza denez guti ezagutzen dituen garai batzuk zabalki aipatzen ditut: Akitania zaharra, Novempopulania, Baskoniako dukerria, Gaskoiniako printzerria. Hor mila bat urtez euskaldunen indar nagusia Iparraldetik egon zen, Antso Handia etorri arte. Nafarroaren historia ez dugu berdin ikusten mendebaldekoek eta guk: adibidez Fernando katolikoa ez zen Nafarroako erregea izan gure ustez, Baskongadetako historiazale batzuentzat ordea bai. Egia da horien arbasoak Gaztelako erregearen mende zeudela, eta Nafarroaren konkistan zinez lagundu zutela, gureak aldiz Katalina eta Labrit legezko subiranoen aldetik zeudela.

Lehen mundu gerla ere sakontzen dut orokorki. Espainiak ez zuen horretan parte hartu, hori bederen ongi egin zuen, guk ez bezala, eta guk hor errateko gehiago badugu naski, Iparraldeko gizon gazteak Frantziaren zerbitzuko hil baitziren milaka. Halaber Aljeriako bi gerlez guti dakite Hegoaldeko haurrideek: guri doakigu argitzea. Haatik bigarren mundu gerlaz hein bat badakite, kontrabandan bezala parte hartu baitzuten, askotan zeiharka, batzuetan zuzenka.

Ongi begistatzeko, puska bat urrundu behar

Pirinio mendi katearen ongi begistatzeko, puska bat urrundu behar zaio eta Zuberoa Pettarreko lehen mendixka batera igan, adibidez Larrabileko Gaztelütxagara. Hola egitera lehiatu naiz euskaldunen iragan luzearekin: Iparralde apal eta urrun honetarik so egin diot errespeturekin, eta halere prefosta ez dut dena ikusi.

Baskoniako notiziez

Idazle zuberotarra eta euskaltzain emeritua. Laborantzako irakasle ohia. Enbata eta EHAS-en sortzaileetakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude