Geuria Merkatua, baserria Donostiako erdigunera

Geuria Merkatua, baserria Donostiako erdigunera –

Mahala baserriko Jokin Arrospidek denda bat ireki du Donostia erdigunean, Geuria Merkatua. Euskal Herriko elikagaiez gain, prestatutako jakiak eta izozkiak eros daitezke bertan. Euskaldunak dira bertako langile guztiak.

Mahala baserriko ugazaba da Jokin Arrospide, esnea besteentzako ekoizteaz konforme ez eta kasik orain hiru hamarkada jada guztiok ezagutzen ditugun esneki bikainak elaboratzen hasi zena. Orain, bezeroengana hurbiltzeko ahaleginean, urrats bat egin du aurrera, eta janari-denda ireki du Donostiako Boulevardean -aurretik Bilboko Unamuno plazan egin zuten bezala-. Helburua, “bertako produktuak babestu, eta indartzea, ahal bada”, dio Arrospidek. Izan ere, Mahalan argi dute baserriak gurean duen pisua “natura zaintzen du eta animalien edo lurraren bitartez elikadura sortu, eta hori defendatzen saiatu gara urte guzti hauetan”.

Geuria Merkatuarekin bezeroarengandik gertu egoteko aukera izango du Mahalak, eta ahulduta dagoen merkataritzan parte hartzeko aukera, janari-dendaren bitartez salmentak zuzenean eginez.

Geuria Merkatua, baserria Donostiako erdiguneraDendak hiru atal nagusi ditu, bertako arduradun Izaskun Urdanpilletak adierazi bezala. Baga, Euskal Herriko ekoizleen elikagaiak aurki daitezke bertan, izan barazki zein esneki, haragi zein edari. Biga, kozinatutako platerak edo eramateko jakiak ere badituzu aukeran, norberak kozinatu beharrik ez izateko (entsalada nahasi eta errusiarrak, kremak, barazki edo haragi lasagnak, ajoarrieroa, albondigak…). Eta azkenik, izozkiak.

Badira zazpi urte Mahala izozkiak elaboratzen hasi zela, etxeko behien esnearekin. Eta zuzeneko salmentarako, gainera, berrikuntza bat ere asmatu du Geuria Merkatuak. Ohiko terrina edo kukurutxoez gain, “izozki pintxoak” sortu dituzte; izozkia dute oinarrian, eta beste azkenburukoren bat gehigarri: eztia, marmelada, gaileta, flana…

.

Euskaraz

Ezaguna da Mahalak euskal kultura eta kirola sustatu eta babesten egiten duen ahalegina, eta Geuria Merkatuan ere, “elikagaiak Euskal Herrikoak diren bezala, argi genuen langile guztiek euskaldunak behar zutela izan”, Arrospidek azaldu duenez. Gainera, dendan erosketak euskaraz egiten dituztenen etekinen ehuneko txiki bat euskalgintzara bideratzeko erabakia hartu dute.

Geuria Merkatua Donostian, betiko janari-denda “ezberdin” bat

Mahalen, izozki saltzaile Donostian

Baserria Donostiako erdigunera Baserria Donostiako erdigunera

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.