Mahalak, 25 urte ausardiaz

Mahalak, 25 urte ausardiaz –

Mahala baserriko Jokin Arrospidek, beraien webgunean.

Aurten 25. urte betetzen ditu Mahalak, eta Jokin Arrospide baserritarrak hausnarketa egiteko baliatu nahi izan du urtemuga.

Mahalak, 25 urte ausardiaz1996ko maiatzaren 9an egin nuen lehenengo gazta elaborazioa, handik 25 urtetara zein egoeratan egongo nintzen/ginen pentsatu ere egin gabe.

Sorrera honen aurretik ere garbi daukat baserritar kementsu bat nintzela, beste inguruko baserritar asko bezala; gure nekazal proiektuak aurrera ateratzeko konpromisoa hartzeko prest nengoen eta horretarako dedikazio osoa emateko gogoz, beti.

Bi gazta mota egiten hasi nintzen/ginen, gazta xamurra eta gazta freskoa, eta handik urte bete eskasera jogurtak egiteari ekin nion/genion. Instalazio egokiak prestatu arte lehenengo jogurtak mamitzeko “Bainu Maria” sistema erabiltzen zen, hain zuzen ere. Aurrerantzean, lan taldeak ere pisu esanguratsua hartuko zuen; bere heziketa eta prestakuntzaren kudeaketaz arduratu beharra zegoen, eta aldi berean lan taldearekin proiektuarekiko konpromisoa lantzea ere bazen proiektuaren baitan zegoen eginkizunetako bat.

2000. urtean, instalazio berriak egitea erabaki nuen hasierako filosofía berdinarekin jarraituz, hau da, genituen behien  esnea eraldatuta sortutako produktuak, modu duin batean eta kalitatez lan eginez gizarteari eskaintzeko lekua prestatzea. Momentu honetan ideia bat etorri zitzaidan burura: baserrian ganaduarekin esnea eta haragia, biak lortzen baditugu, zergatik ez biak  eraldatu eta saldu filosofia berdinean oinarrituta?

2003. urtean ideia honi erantzunez prestatu genuen instalazio berria; esnekiei jarraipena emango genien garai berrietara egokituta, eta haragi obradorea ere martxan jarriko genuen. Gaur egun txerri haragia bakarrik lantzen eta kudeatzen dugu gune honetan, behi haragiarekin ez baikenuen aurrerabiderik ikusi.

Duela 7 urte inguru hasi ginen izozkiak eta bestelako postreak ere lantzen. Esan beharra dago  produktu bakoitzak bere ibilbidea egiten duela, eta agian ez dutela guztiek bat egiten proiektu nagusiaren filosofia eta helburuekin. Adibidez, izozkien merkatua oso urte sasoi konkretura mugatuta dago, eta geografikoki ere kokapen zehatza du. Behi haragia berriz, gehienbat freskoan eta eraldaketa gutxirekin kontsumitzen da, honek mugimendu handiko produktua izatea eskatzen du.

Mahalak, 25 urte ausardiaz
Garai berdintsuan, Bilboko bihotzean, denda bat ere ireki genuen, Geuria Merkatua izenarekin eta filosofia berdinean oinarritutako proiektua. Euskal Herrian ekoiztutako produktu naturalak, ekoizpen mugatukoak saldu behar genituela pentsatu genuen, ekoizleari garrantzia emanez, bertako kultura babestuz, Bilbo erdian langile guztiak euskal hiztunak izanez. Oso harro gaude proiektu honekin.

Garbi dago, 25 urte hauetan, sorkuntza handia izan dugula hasieratik genuen guztiari produktuen dibertsifikazioa gehituz. Hau da, lurren kudeaketari eta animalien hazkuntzari bere egokitasunean jarraituz, produktuen aukera zabaltzea eta sortutako produktu bakoitzaren garapena eta merkaturatzea ondo landuz.

Aurrerantzean ere Mahalaren proiektuaren lehenengo helburua orain arteko filosofiarekin lan egiten jarraitzea da, nahiz eta esan beharra daukadan, ez dela behar bada erraza izango gure printzipio guztiak mantentzea, gure produktuen dibertsifikazioa mantentzea, euskal kulturari egiten diogun aportazioarekin jarraitzea… Kontutan hartu behar dugu, gaur egun, zoritxarrez, proiektu guztiek epe muga bat dutela eta hareagotu egingo dela gainera eraikitzen ari garen gizarte ereduarekin. Honekin ez dut inolako lur mugimendurik sortu nahi, baina ondo dago beti zer daukagun eta non mugitzen garen jakitea. Haurtzaroan garbi neukan lanak pasio bat izan behar zuela, eta dirua ametsak betetzeko zerbait.

Hau da nere/gure Mahalako azken 25 urte hauetan egin dugun ibilbidea.

Mahalak, 25 urte ausardiaz

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude