Basabürüko Montorin

Basabürüko Montorin –

70.eko hamarkada gogorra izan zen Euskal Herrian, frankismoa  odol isurketa handia egiteko prest baitzegoen, eta den-dena ongi lotua zuen: poliziak, militarrak, epaileak… Euskaldunak ere, ez zeuden loak harturik, eta era guztietako borroka bideak zerabilzkiten Francoren erregimenari aurre egiteko.  1970. urtearen bukaera aldean, agintari faxistak ETAko hamasei ekintzaileren aurkako auzitegi militarra prestatzen hasiak ziren eta nabaritzen zitzaien heriotza zigorrak emateko irrikan zeudela. Euskaldunei sekulako kolpea eman nahi zieten. Abenduaren 3a zen epaiketari hastapena emateko finkatua zuten eguna.

Baina, bi egun lehenago, hau da, abenduaren 1ean, ETA-ko komando batek Alemaniak Donostian zuen Eugen Beihl kontsula bahitu zuen, Helburu garbia zuten, Burgosen epaitu behar zituzten euskal militanteen epaia baldintzatzea, eta frankistek prestaturik zituzten heriotza zigorrak eragoztea.

Basabürüko Montorin
Burgosko auzitegi militarrean epaitu zituzten hamasei euskal ekintzaileak

 

Euskal Herri osoa zainetan zegoen, manifestazioak eta protesta ekintzak nonahi eta noiznahi. Horrelako herri matxinada apaldu nahian, abenduaren 4an, Espainiako gobernuak  eszepzio egoera ezarri zuen Gipuzkoan, eta hamar egun beranduago, Hegoaldeko gainerako lurraldeetan eta estatu osoan. Poliziek bazter guziak hankaz gora jarri bazituzten ere, ez zuten bahitutako kontsul alemaniarraren arrastorik aurkitu.

Nik garai hartan hamalau urte nituen, eta ongi oroitzen dut etxean eta kalean entzuten eta ikusten nuena. Amona Anttonik gauero entzuten zituen Euzkadi, Pirenaica eta Paris irratiak, eta gero, hurrengo egunean senide, adiskide eta auzoei entzundakoa, hau da, mundu zabalean gertatzen ari zenaren berri zehatza ematen zien. Nik Donostian, Mundaizeko Bihotz Sakratuaren fraideen ikastetxean ikasten nuen, eta orduan egin genuen lehen greba Burgosen epaitzen ari zirenen alde. Ondoko EUTG-n ere egin zuten, eta oroitzen dut nola ibili ziren grisak, gupidarik gabe,  hango ikasleen kontra eginez.

1.- Kontsul alemaniarraren bahiketa

Lehen erran bezala, abenduaren 1ean, Burgosko auzitegia hasi behar zen baino bi egun lehenago, Joan Joxe Etxaberen komandoak Eugen Beilh kontsul alemaniarra bahitu zuen Donostian, Mirakontxako  bere etxean, eta lokartu ondoren, Bidasoaz bestaldera eraman zuten. Donibane Lohizunen kalapita bat izan zuten jendarmeekin, baina ihes egitea lortu zuten. Hortik aitzina, Eustakio Mendizabal Txikia-ren komandoa izan zen bahitua Zuberoara eramateko ardura hartu zuena.

Anai Artean elkartearen inguruko apaiz abertzale talde batek lagundu zuen eta Montorin, Pierre Legarto apaizaren etxean ezkutatu zuten. Joan Joxe Etxabek proposamena egin zion Beihl kontsulari: ihes egiten saiatzen ez bazen, nahi zuen guztia (janari-edariak, telebista, egunkariak…) ekarriko zizkiotela, eta hitz eman zion Eguberrietarako etxean libre egonen zela. Kontsulak, horrela onarturik, egunero kaxa bat garagardo eramaten omen zioten. Baina, ustekabean, gau batez, zaintzaileak erdi lotan zeudela ikusirik, kontsulak apaiz-etxetik ihes egin zuen.

Egun hartan, zerri hiltzea zen Montorin, eta herritarrak jai giroan zeuden, herriko karrikak eta bi ostatuak jendez gainezka. Dena zen, besta eta kantu gau hartan. Ostatu horietako batera sartu zen Beihl kontsula, pijamaz jantzita, bizarra moztu gabe, eta oso itxura txarrean. Ostatuko telebistan kontsularen bahiketaren berri ematen ari ziren, eta kontsula, irudi horiek seinalatuz, oihuka hasi zen kontsul bahitua bera zela esanez eta laguntza eskatuz.

Montorin, Gestapoak bortizki jo zuen Bigarren Mundu Gerran, bertako herritarrak erresistentziaren alde ari zirelakoan, eta hogeita zazpi bizilagun eraman zituzten Alemaniara, lan bortxatuak egitera. Hori dena montoriarren gogoan zen, eta gizon hura ikusita, berriz, apaizaren etxera eraman zuten, eta hantxe segitu zuen preso, ETAkoek, alemaniar agintariekin izan zituzten solasaldien ondorioz, askatu zuten arte. Osora hogeita bost egun egon zen bahituta.

Piarres Larzabal apaiz azkaindarra eta Telesforo Monzon abertzale historikoa izan ziren bitartekari lanak egin zituztenak, eta Alemania Federaleko gobernuarekin Burgosko auzitegian presio egiteko konpromisoa lortu zutenak. Erroman, Federiko Krutwig-k ere harremanak izan zituen alemaniar gobernukoekin, eta denen artean, lehen aipatu akordiora iritsi ziren. Horrela, ETAko kideek kontsula Eguberri egunean askatu eta abenduaren 26an, zenbait kazetari alemaniarren bitartez, Alemaniako  Wiesbaden-en libre agertu zen. Kolpe handia izan zen Espainiako gobernu frankistarentzat. Kontsulak, libratu ondoren, Alemanian  eman zuen prentsaurrekoan garbi utzi zuen bahitzaileek tratu zuzena eman ziotela.

Basabürüko Montorin
Anai Artean elkartekoak kontsularen askatzeaz mintzatzen

Espainiako Gobernuaren amorrua ikaragarria zen, eta bi egun beranduago, hau da, abenduaren 28an, Burgosko epaitegian euskal presoen aurkako epaia aditzera eman zuten: sei heriotza zigor eta 518 urte kartzelan gainerako guztientzat. Hauxe izan zen frankismoaren  mendekua. Baina Euskal Herria sutan zegoen, eta Europan eta mundu osoan epaiaren aurkako ahotsak eta manifestazio erraldoiak etengabean errepikatzen ziren. Alemaniako Gobernu Federalak heriotza zigorrak bertan behera uzteko eskatu zuen, eta baita Vatikanoak eta beste nazio askok ere. Hori dela eta, abenduaren 31n, Francok heriotza zigorrak kommutatu behar izan zituen.

Basabürüko Montorin
Eugen Beihl kontsula libratu ondoren
Basabürüko Montorin
Piarres Larzabal, Telesforo Monzon eta Federiko Krutwig bitartekari gisa aritu ziren.

2.- Roger Idiart apaizaren kantua

Roger Idiart apaiza izan zen bitartekari lanetan ibili zen euskal apaizetako bat, eta Montorin gertatu zena kontatuz Basabüruüan Montori izeneko kantu ospetsua egin zuen, orduz geroztik, Zuberoan maiz, karkaila handiren artean, entzun daitekeena. Honela dio:

Basabürüan Montori, han bazen jaun bat beilari.
arrano beltza üdüri, gaüaz leihotik ezkapi.
txerkatürik zen aspaldi, eta nihon ez ageri.
Nun ote zen gizon hori, orai jenteak badaki.
Kanberan debeatürik, oskiak etxen ützirik,
hegaltatü zen ixilik, leihotik jauzi eginik.
hotza senditü beitzüan, agertü zen ostatüan,
bellopealat joan nahian, erori zen ifernüan.


Erraiten düe gisala, ordüan izertü zela
hütsik beitzüan sakola, ezin edan Coca-Cola.
Hantik elki behar üken, segür uste beno lehen
ontsa lagüntürik beitzen, bidajez abiatü zen.
Montüra txar bat ez aski, airean behar ibili
Egüberritan zen eraitxi, Papa Noëlek ekarri.
ixtoria hortan zen baratü, geroztik fama hedatü
Montorik ez ote dütü, eüskaldün zonbait salbatü.

2014an, Azkainen, bere herrian, Roger Idiarti egin zioten omenaldiaren afixa.

 

Basabürüko Montorin  Basabürüko Montorin  Basabürüko Montorin  Basabürüko Montorin  Basabürüko Montorin

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

3 pentsamendu “Basabürüko Montorin”-ri buruz

  • Erresistentzia garaiak, jada arrastorik ere geratzen ez zaienak…

  • Artikulu interesgarria…
    Roger Idiart apaizaren kantua Etxamendi eta Larraldek kantatua?
    https://www.youtube.com/watch?v=mlm9idyaLqY
    Horra hor 2021ean Ligi-Atherein kantatua, bertan izan nuen gertaera haren berri… Mikel Antzaren ahotik…
    Eskerrik asko hau idatzirik!

  • juan inazio hartsuaga 2024-12-04 19:21

    1980ko abuztuan, Tolosako beste lagun batekin Xiberuan lehen aldiz murgil, Atharratzeko bestetan goizaldeko ordu nahasietan, mahai txiki baten inguruan bukatu genuen bertako ahots bikaineko bi gazterekin, ase-ase eginda kantari. Hantxe, entzun nuen lehen aldiz, beste hainbaten artean, Basaburüan Monthori kantu zoragarria, bai eta ikasi, gure lagunen ahotik, kantu zahar klasiko itxura izan arren, zeinen berria zen haren sorburua. Geroztik, inon ezin izan dut kantu horren grabaketarik aurkitu. Harrigarria, zinez polita baita. Gau hordi hartako despedidan, izenak elkarri galdetuta jakin genuen, ahots ederreko lagun haiek Nico Etxart eta Errobert Larrandaburu “Pipas” zituztela izenak. Harrigarriago oraindik kantuaren grabaziorik ezin kausia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude