Bart sortua, suntsimenaren errautsetatik

47093936_7116f6215d_z

Ez. Ez naiz mendekuaz ari. Ezta ere konpromisoaz. Borondatea dut hizpide. Helburuak burutzeko borondatea. Askatasunarekin zer ikusirik ez duen borondate irmo eta ukaezinaz ari naiz. Pareko guztia atzean, indarge uzten duen borondateaz.

Beste existentziarik bizi izan badut ere, gatazkaren muinean sortu naiz, bart, amorruak, saminak eta doluak etendako arnasatik. Basakeriak jarri zuen hazia nire sortzailearen infernuko sabelean.  Gorpuzten, garuntzen, gizatzen, haragitzen hasi orduko neureganatu nuen erresistentziarako bokazioak hartu zuen barruan hazi hori, eta emekiro laztanduz erein nau magalean, begirada maitekor eta maitagarriz, guda eta maitasun doinuzko xaramel eztiz.

Ahots-taupada ahulez elikatu nau beso artean, bularra beste baterako, eta batzuentzako utziz. Ez du nahi izan inguratzen ninduena ikustea, irentsi behar izatea, baina den dena entzun dut.  Guztia.

Ezer ez dioten zure hitzak, dena dioten gure aieneak, deus esaten uzten ez duten haien tiro, zurezko trumoi hots zorrotzak… Eta zerbait ikasi dut. Ez dudala inoiz etsiko, ezin dudala, ez dakidala…

Ez dut inoiz etsiko! Ez horixe, jakina ezetz, ez dut etsiko itotzen nauten hormak begiak kanpoan dituztela etzanda eta isilik, ni bezala itota, eraitsita ikusi arte, ikusi ezean. Ez dut sekula amore emango; ez dizuet halako plazerik listu artean irristaka dastatzen utziko. Zeharkatuko zaituzten ezpata herdoila bakarrik izango naiz, zuen lepotik odolezko malko gozoak zintzilikatuko dituen aizto beroa. Lubakitik atera eta egindakoaz damuaraziko zaituzten mamuz beteriko amesgaiztoa izango nauzue. Aspaldidanik jarraitzen eta gauerdiko izerdi artean usaintzen duzuen hura baino ez naiz izango sortu nauzuen unetik aurrera; ihes egiten uzten ez dizuen bera.

Zerbaitengatik ureztatu dituzue etenik gabe nire sustraiak amaren barnean. Esan dizuet, ez dut iparrik galduko okela eta odolezko baga garaien artean. Ezta ere eguneroko itsasoaren ikara barean; nekatuta naukazue baina ez dut atsedenik behar.

Begiak aurreneko aldiz ireki orduko, begirik eduki orduko, zilborretik atzamarrak sartu eta betazalak josi zizkidan goxoro amak; eztiki  iltzatu zizkidan betzuloak, limurki birrindu betsareak… Ez nezan ikus lan politikoaren aurkako kondena. Ez nezan esan, gertatutakoaz jabetu ostean, Kukutzako ateekin batera itxi nahi izan dituztela etorkizun aske baten ateak.

Ikusi ez baina irudi oro entzun nuen amaren barrabiletan barrena. Den dena, guztia.

Ezer ez dioten zure aitzakia merkeak, dena dioten gure irrintzi eta txilio idorrak, deus esaten uzten ez duten zentsore horien irazki  hiroak… Eta zerbait ikasi dut, berriz. Ez dudala inoiz gogo geldigaitz hau bazter utziko, ezin dudala, ez dakidala… Ez dudala nahi. Ordaina ikusi nahi dudala.

Ez. Ez naiz mendekuaz ari. Ezta ere konpromisoaz. Borondatea dut hizpide. Helburuak burutzeko borondatea. Askatasunarekin zer ikusirik ez duen borondate irmo eta ukaezinaz ari naiz. Pareko guztia atzean, indarge uzten duen borondateaz.

Nire gogamena hunkitzen dute oroimena jipoitzen didaten gomutek. Hortxe ditut sarritan entzundako milaka gazteren orroak, azaletik korrika, zoriona bera bezain irristakor. Hortxe ditut, Josu, Jon, Karmele, Txabi, Mirenen gudazko eta bakezko hitzak. Hemen jarraituko dute, Egunkariaren orrialdeek, Udalbiltzaren proiektuek, Kukutzako sukaldaritza tailerrek, unibertsitateko manifa eta bilerek bezala, ondo-ondoan. Ezin ditut ezabatu, ez dut nahi, berriz ikusi nahi ditut 12 zentimetroko beira blindatuzko hormaren atzeko begi alai eta hezeak. Haurren liburuetan, bidean trebukatu eta gauez galdu direnak. Etxe azpian sasi artean dirautenak.

Zutik jardungo dut, herri honek bezala, ikurrinaren atzean. Burdinak bidean, hitza eskuetan…

Ez dut inoiz etsiko, arnasa dudan bitartean.

2 pentsamendu “Bart sortua, suntsimenaren errautsetatik”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2011-09-22 20:42

    Guk ere ikasi dugu zerbait, eta ez, ez dugu etsiko….

  • Lehotz Kateaga 2011-09-23 14:44

    Irtenbiderik ez denean bi baino ez dira zure aukerak: zauden lekuan usteltzea, edo iluntasunean murgilduta aurrera egitea.

    Urrutiegi nahiz desfokuratuegi bada ere behintzat irtenbidea ikusten denean aldiz, beste bi aukera: nondik eramango zaituen jakin barik irtenbiderantza ei doan errekan murgildu eta gorputzari flotatzen uztea, edo irtenbidera daraman desertu hotz eta lehorra gogo biziz zeharkatzea.

    Nik egin dut nire aukera. Ez dugu etsiko, ez!