Ez zara guztiz gaiztoa

deabrua cc by-nc-sa James Clayton

Ez zara guztiz zintzoa, baina saiatzen zara zoriontsu izaten. Eta badakizu zoriontsu izateko zintzotasun oinarrizko bat beharrezkoa duzula. Baina hezur-mamikoa zarenez, zu gaiztoak tartea jaten joaten zaio zintzoari, poliki-poliki, urratsez-urrats. Zenbait eta zu zintzoarentzat tarte gutxiago gelditu, zailago duzu gertatzen ari denaz jabetzea, gaiztoaren amarrua zure itsukeria handitzea delako, hark bai baitaki, honezkero ohartuta zaudela zoriontsu izateko zintzotasun oinarrizko hori behar dela. Begiak lausotuta dituzun bitartean, egoera horretan nahiko eroso bizi zaitezke ez zarelako guztiz gaizto eta munduak espazio handia uzten dizulako gaiztakerian bizitzeko. Gainera, zu baino gaiztoago eta askoz gaiztoago direnak ere oso ondo bizi direla erakusten dute eta munduaren txaloak jasotzen dituzte maiz.

Denbora bat lausotan daramazunean, ez duzu galdu ondo pasatzeko gaitasuna, aurrekoetan bezala dibertitzen zara, langile ona eta eraginkorra izaten jarraitzen duzu, lagunek ateratzeko deitzen dizute, besteek beti bezala maite zaituzte eta “zer moduz” galdetzen dizutenean, “oso ondo” erantzuten segitzen duzu, gezurrik esan gabe. Hala ere, batzuetan, zerbikalak gogortuta dituzula sumatzen duzu eta gogortzea errazegi bilakatzen dela kontraktura; gehiago kostatzen zaizu lo hartzea eta lehenago esnatzen zara; urdailak matraka ematen dizu, baina zertarako dago ba omeprazola.

Baina espero ez duzun batean, adiskide batek zu gaiztoak hesitu duen itxitura estuan uzkurtuta dagoen zintzoa baino ez du ikusi “adiskide” deitu dizunean. Eta zure ona besterik ez du espero bere onera gonbidatu zaituenean. Eta orduan, une xarmagarria! lozorrotu zena esnatu da. Supituan. Eta nola eguerdiko itsas brisa egun sargorian, hala zabaldu da leunki zure barrenean.

Zu gaiztoak berriro, poliki-poliki, urratsez-urrats, zintzoari tartea kendu artean.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz