Barneko paisaiak

Koloniatik Bonnera naraman trenean noa, berrogei minutu falta dira oraindik hango estaziora iristeko. Rehin errekaren ondotik egiten du ia bidaia osoa trenak. Nahiko ilun dago jada, baina uneoro ikusten dut erreka zabala, eta erreka inguratzen duten zuhaitzak, eta errekak zeharkatzen dituen zubiak. Halako kutsu triste eta malenkoniatsua hartzen diot nik paisaiari, errekako uraren fluxu geldo baina geldiezinari; berdea, urdinxka, grisa, hitsa.

Horrelakoak dira Europa iparraldeko lurraldeak; horrelakoak edo antzerako samarrak. Inguruak ere kutsatzen omen dio bertako jendeari histasun hori. Diotenez, paisaia nolakoa, halakoxea izan ohi da bertakoen aldartea. Ez dakit ba hori egia ote den. Izan liteke, hein batean, baina ez dut uste erabakigarria denik. Norberak badu bere barneko paisaia propioa, eta horko lautada, haran, errekasto eta bidezidorrak, sakonegi daude, norberaren baitan ezin baitago, kanpoko eguraldiak haiengan ekaitz, uholde, sute edo lurrikararik eragin ahal izateko. Eguraldiak baino, gertaerek eta denborak higatzen dituzte paisaiok, poliki baina etengabe, guztiz eraldatu arte.

IRUDHITZEN