Barearen ostean dator ekaitza

Barearen ostean dator ekaitza –

Barearen ostean dator ekaitzaEtengabe dabil egoera politikoa balantzaka gure azpian. Hain doa azkar ezen argazki denak agertzen diren mugituak. Aitzitik, agerikoak dira hodeitzar ilunak, Hego Euskal Herritik zeruertzera begiratuta. Ez dago Ebro ibairik edo Toloño mendilerrorik euri-jasaz libratuko gaituenik. Kezkatzeko arrazoiak pilatzen ari zaizkigu.

ZuZeu-n EAJko Amaia Arregi legebiltzarkideak seinalatu berri du egoeraren larria ‘Gezurra eta datuak’ zutabean, eta Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek Radio Euskadi-n zioen aurrekoan: “badirudi ezker abertzalea beti berri txarrekin datorrela, baina oraingoan ez du balio ostrukarena egiteak, egoeraren arriskuaz ohartarazi behar dugu”. Andaluzian jaio eta denera zabaltzeko asmoa duen hirukoak azken 40 urteetako lurrikara suntsigarriena ekar lezake, botoz boto, demokrazia zaporedun lubrifikatzailearekin. Honezkero natura ari da horren berri ematen: txakurrak zaunka, itsas-korronteak zurrunbiloan, eta euskaldunok lasai antzean, otsoa badatorrela dioenari kasurik egin gabe, gure erresistentzia mitikoari diogun fedeari helduta.

Testuinguruak parentesi itxura hartu du: krisi osteko lasaigarriarekin batera, ETAren amaierak utzitako ajea pasa ahala, Gernikako Estatutua pasito a pasito betetzeko bidean sartuak dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Pedro Sánchezen karanbola berandu baino lehen pikutara joan bitartekoa. Nafarroan, lau urteko arnasa hartu du euskal jendeak, atzera UPNren erregimena eragoztea dute helburu nagusia. Barealdi soziopolitikoa sumatzen da gurean –mugimendu feministaren eta pentsionisten hauspoa ahaztu gabe–. Ordea, Espainiatik datorren ekaitz perfektuak astindu egingo ditu ongizatearen helduleku guztiak.

Madrilek berebiziko indarra dauka euskal erdi honetan, gure esku ez dagoen inertzia. Aurrekariak, urrutira joan gabe, izutzekoak dira: 155arekin eta ia aho batez likidatu zuen Espainiak erkidego katalana. Tabu bat eraitsi zuen erabaki hark, eta aurrerantzean esku-eskura duten tresna izango da. Mehatxu beldurgarria, eta zigor ankerra, biak bat. Eskarmentu historikoa izan da, esanez bezala: ahaztu askatasun ametsak edo hartu ondorioak zuen gain. Inork ezingo du esan, Carles Puigdemontek Argia-n esandakoa, “gutxietsi egin genuen Espainiaren izaera autoritarioa”.

Egonean egotea ere, menpeko autonomian, nahikoa lan aurrerantzean. PP, Ciudadanos, VOX, nor baino nor. Hirurek bi gauza dituzte argi: beste ezeren gainetik Espainiaren batasuna, eta etsaiak, nazionalistak. Ez da gauza etereo bat: euskal jendea da –katalana ere bai, bistan da– erauzi beharreko izurritea. Orain arte PSOE estutzeko balio zuen gai nazionalak, orain, horretaz gain, eskuinaren barne lehia ere bada, nork egin gogorrago.

Rajoy burokrata huts bat izan da Casadoren doktrina ideologikoaren aurrean. PSOEri oposizioa eginez –Zapateroren bake prozesuarekin gertatu bezala– bere posizioak gogortu dituzte popularrek. Aznar itzuli da, zintzurreraino dopatuta. A por ellos, oe

Zerberoaren beste bi buruak: Ciudadanos, lurralde foralak desegitea helburu duen indar kosmopaletoa. VOX, autonomia erkidegoak bertan behera uztearen aldeko indar neofrankista. Zer esanik ez euskararekiko duten jarreraz. Eskubide sozialen gainean duten bulkada atzerakoiaz. Gurean apenas atxikimendurik izan gabe, sekulako eragin gaitasuna dute. Horixe da euskal herritarren miseria. Deblauki esku hartu dezakete gure autonomia apurrean: hezkuntzan, hizkuntzan, ogasunean, segurtasunean… eta batez ere, gure nazio hauskor eta moral abailduan.

Arduratzekoa ez da hauteskunde programan proposatzen dutena, baizik eta esentzian bertan dutela disidentzia nazionalak garbitzeko sena. Horretarako, lege batzuk aldatzeko edo bihurritzeko borondate irmoa dute. Beste lege batzuei, Estatutuari edo Foru Hobekuntzari, kasu, entzungor egiteko gaitasuna. Zerk babestu gaitzake? Auzitegi Konstituzionalak, atera kontuak. 

Non dago ekaitzaz libratzeko aterpea? Erraz aurkituko balitz honezkero gure agintari iaioek erakutsiko zuteken bidea. Formula magikorik ez dago, mon ami. Hasteko, egoeraren larriaz jabetzea. Ondoren, balio demokratikoak partekatzen dituzten herritar eta eragileen ahalegina exijitzea da zilegi den gutxienekoa.

Haize ezin zakarragoa dabil. Erori bedi arbola beste norbaiten gainera.

Barearen ostean dator ekaitza Barearen ostean dator ekaitza Barearen ostean dator ekaitza

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra