Bardoen ahotsa eta isiltasuna
Iker Tubiak, bardo gorri nafarrak, Wikipediatik ateratakoak, bardoei buruzko bi adiera hauek ekarri dizkigu: ahotsa altxatu eta otoitz egin. “Eliz kontuetan ez naiz batere jaioa, beraz, otoitza alde batera utzi eta lehenbiziko adierarekin geratuko naiz”, dio bardo gorri nafarrak. Beldur naiz, halere, adiera hori kenduz, bestea, ahoa altxatzea, ez ote den hankamotz geratuko.
Kristautasunaren eragina dela eta, otoitza elizarekin eta sakratua aldaretan jartzen denarekin nahasten ditugu. Eta eliza nahiz aldareak gogoko ez ditugunez, sakratu den guztia mesprezatu eta baztertzeko joera dugu.
Zer da bardoen ahotsa altxatze hori? Zergatik dute ahalmen hori bardoek eta ez besteek? Izan ere, jende arruntak ez du ahalmen hori. Ze ahalmen berezi dauka Ikerrek bardoa izateko? Bardo izateko ahalmena, funtsean, idazkerari atxikirik dagoela esango nuke nik. Zerbait falta zaigu, halere, ahalmen hori zehazteko. Izan ere, Nafarroako euskaldun gehienek badakite idazten, baina bardo izateko grina hori gutxi batzuek baino ez dute sentitzen; ahotsa altxatu beharraren zirrarak — gogoaren erraietan sumatzen denak — gutxi batzuk baino ez ditu inarrosten. Gutxi horiek bardo egiten dira. Hala bada, Gartxoten ondorengoa izateko, (bertsoak) kantatzen edo idazten jakiteaz gain, barnean grina eta kezka berezia sentitu behar da. Bokazioa sentitu behar da, hitz batean; hau da, gogo minean dei bat jaso behar da. Nondik datorkie dei hori bardoei? Jainkorengandik agian? Ez esan ezetz azkarregi, datorrena arretaz irakurri gabe.
Beste adiera bat ekartzen du Ikerrek, Tibetarren araberakoa: “erdibideko egoera” edo “trantsizio egoera”. Adiera iradokigarria, bardoak bi egoeren artean bizi baitira nolabait ere. “Adibidez, iraganaren eta etorkizunaren arteko erdibideko egoera litzateke”, dio Ikerrek. Iraganaren eta etorkizunaren artean garatzen dena indibiduo edo herri baten historia da. Eremu horren oinarri eta ardatza memoria historikoa litzateke, eginen oroimena alegia. Beste eremu bat ere badago: bizitzaren eta heriotzaren artean — izatearen eta ezerezaren artean — agertzen dena, hain zuzen. Eta horren oinarri eta ardatza herri baten espiritua litzateke, formen oroimena, alegia. Bi eremu horiek bardoen oroimena osatzen dute.
Formen oroimena idazkeraren eremuari dagokio. Idazkeraren bidez, irudimen sortzailea eskuratuz, formen mundura irits daiteke. Irudimen sortzailearen presentzia eta eraginari “inspirazioa” deitzen diogu. Bardo guztiek, kaskarrenek ere, presentzia edo gabezia hori ezagutzen dute. Irudimen sortzailea idazkeraren fruitua da, baina idazkera antzua da goi arnasa jaso gabe.
Isiltasuna da bardoen otoitza. Goi arnasa isiltasunari dario. Dohain bat da goi arnasa, eta doanik jasotzen da, baina isiltasunean — otoitz egiten — baizik ez da agertzen. Horregatik idazkeraren eremuari “isiltasunaren eremua” ere dei liezaioke.
Isiltasunean — otoitz egiten — idazkeraren ahalmena, irudimen sortzailea alegia, mintzoan haragitzen da. Irudimen sortzailearen dohaina jaso gabe eginen zentzua ere galtzen da eta historiak “ero batek asmatutako kontakizuna” dirudi; haririk eta zentzurik gabeko kontakizuna, alegia. Idazkeraren ahalmenak estaltzen ez duen mintzoa desagertzeko arrisku bizian dago. Laburtuz, idazkerarik gabe mintzoa desagertzera kondenatuta dago; hala bada, bardorik gabeko herria ere desagertuko da.
Irudimen sortzailearen dohaina jasoz gero, bardoak, mintzoa estaliz eta berpiztuz, ahotsa altxatuko du bere herriaren historia kantatzeko. Irudimen sortzaileari esker herriaren kontzientzia sortu eta garatzeko gai izango da. Kontzientzia hori herri baten memoria historikoaren irazkia da, herriaren mintzoan haragitutako oroimena. Memoria historikoa, bada, mintzoaren eremuan kokatzen da. Mintzoaren hezurrez eta haragiz, mintzoaren nahiez eta grinez, mintzoaren ametsez eta beldurrez, egina da memoria historikoa. Oroimen horri esker herri batek, bardoen bidez, bere ahotsa eskuratzen du. Hala bada, mintzoa, idazkerak berpizturik, ahots egiten da bardoengan. Horregatik eremu horri “ahotsaren eremua” ere dei liezaioke. Bide horretan ahotsik ez dutenek, bardoek lagun, ahotsa eskuratzen dute eta munduan nahiz historian beren lekua betetzen.
Isiltasuna (otoitz egitea) eta ahotsa altxatzea — eremu sakratua eta profanoa — elkar loturik daude. Isiltasunaren bidez jasotzen den irudimen sortzailerik gabe, ahotsa altxatzea oihu lazgarri eta etsigarria bihurtzen da. Baina, irudimen sortzailea mintzoan haragitzen ez bada itzalezko amets bilakatzen da. Zertarako balio du irudimen sortzailearen dohaina jasotzeak, mamua baldin bazara?
“Hemen da bardo gorri nafarra”, bukatzen du Iker Tubiak. Ongi etorri! Herri honetan mamuak eta oihulariak ez gara falta, baina bardoak urriak dira.