Bakearen artisauak eta Korrika

Bakearen artisauak eta Korrika –

Larunbatean, Baionan, bakearen artisauekin; igandean, Iruñean, Korrikarekin. Baionan, bakearen artisauek bidea erakutsi ziguten: demokraziaren bidea. Iruñean, Korrikak irtenbidea seinalatu zigun: euskaldunon komunitatearen irtenbidea. Biderik gabe ezin dugu aurrera egin; baina irtenbiderik gabe bide ertzean geratuko gara bazterturik.

Demokrazia da gure bidea

Bortizkeria ez da bidea, esaten ziguten Espainiako gerra zibila jasan eta galdu zutenek. Halere, ETAk armak hartu zituenean, gehienok haien atzetik joan ginen. Berrogei eta hamar urte beranduago, gure aita-amek arrazoia zutela onartu behar dugu.

Baina erakunde iraultzailearekin zerbait berri ikasi dugu. Zergatik ez den indarkeria herri baztertu eta zanpatuen bidea ikasi dugu. Zergatik den demokrazia azken itxaropena desagertzeko zorian dauden herrientzat, hori ere ikasi dugu.

ETAko militante iraultzaileek, gogoz kontra, hau ere irakatsi digute: ezin dugula Estatu demokratikoan sinetsi. Arrazoia argia da. Berunezko urte horietan Estatu demokratiko baten bortizkeria noraino irits daitekeen gure larruan marraztuta geratuko da betiko. Urte horietan jasandakoak hau erakutsi digute: «demokratak», zintzoak eta ezkertiarrak ere, Estatu-terrorismoa sortu eta erabiltzeko prest daude. Borroka iraultzaileari esker, ezagutu egin dugu nolakoak diren Estatuaren barrunbeak eta estoldak. Ikusi duguna ikusi ondoren ezin dugu sinetsi Estatu demokratikoan. Labur esanda, ezin dugu Estatu demokratikoan sinetsi botere politiko eta ekonomiko terrorista baten mende dagoelako.

Demokrazia da, zalantzarik gabe, herri baztertu eta zanpatuen bidea, baina Estatu demokratikoa ez da haien irtenbidea. Demokrazia da bide politiko bakarra botere zapaltzaile eta hiltzaile horri aurre egiteko, baina Estatu demokratikoa ez da inondik inola gure irtenbidea. Ezin dugu jarri gure fedea eta itxaropena Estatu demokratiko batean. Gure irtenbidea Estatu demokratikotik kanpo dago.

Baina gure irtenbidea, euskaldunon komunitatea

ETAren oker erradikala ez da bortizkeria izan. Hori ondorioa da; ondorio latza eta hilgarria, baina ondorioa. Euskaldunon irtenbide bakarra Estatu independente eta sozialista zela sinestea izan da ETAko militanteen oker erradikala. Sineste horrek gure benetako irtenbidea baztertu eta ahaztarazi du.

Baina, esango didazue, fede hori mendebaldeko zibilizazio kristauaren dogma nagusia da. Oker erradikal hori mendebaldeko Estatu handien fedea da. Eta, dirudienez, ez doakie oso gaizki fede horrekin, mundu osoko Estatu indartsu eta aberatsenak dira eta. Egia da, baina fede hori herri handiei baizik ez zaie komeni. Fede horrek herri txiki guztiak desagertzera kondenatzen ditu. Eta gure herria txikia da, oso oso txikia.

Fede horren dogma nagusia, gainera, faltsua da. Estatua ezinbesteko bidea da herri batek bizirik iraun dezan, halaxe da, baina herri sendorik gabe Estatuaren bidea irtenbiderik gabeko bidea bihurtzen da. Teilatutik hasiz ezin da etxea eraiki. Aurretik zimendu sendoak jarri ezean, ez dugu inoiz gure Estatua (edo antzeko zerbait) sortuko.

Gure zimendua euskaldunon komunitatea da. «Euskaldunon komunitatea? Zer da hori?», galdetzen didate, mesfidantzaz, fundamentalista politikoek. Zer den? Korrikari esker, hamar egunetan euskaldunon komunitatea Euskal Herrian zehar ikusi dugu. Komunitate horren bizinahia nola gorpuztu eta horren bizipoza nola zabaldu den gure azalean eta bihotzean sentitu dugu. Nork ez du sentitu, Korrikan parte hartzerakoan, euskaldunok bizirik eta zutik irauteko gure irtenbidea komunitate hori dela?

Baina Korrika bukatu eta berehala, gure fedea eta itxaropena Estatuan jartzen dugu berriro. Korrikaren irakaspenik funtsezkoena biharamunean ahazten dugu. Korrikan, euskaldunon komunitatean fedea eta itxaropena jartzen ditugu; baina biharamunean, errealitatera, Estatuaren errealitatera, itzultzen gara. Eta errealitate horretan euskaldunon komunitatea amets polit baten argazkia baino ez da; ezinezko amets baten argazkia.

Euskaldunoi pauso erabakigarria ematea falta zaigu: euskara zabaldu eta defendatzetik euskaldunon komunitatea eraikitzera igarotzea. Hori da eman behar dugun pausoa. Harritzekoa dirudien arren, ideologia politiko abertzaleak dira pauso hori ematea oztopatzen digutenak. Logikoa da. Estatua, demokratikoa noski, bidea eta irtenbidea dela uste izanez gero, zertarako antolatu eta gorpuztu euskaldunon komunitatea? Komunitate hori, mugimendu sozial eta zibiko guztiak bezala, bidea eta irtenbidea den Estatu independente baten zerbitzura jartzea eskatzen dute ideologia politiko abertzaleek.

Fundamentalismo politikoa gainditu ezean, gureak egin du. Estatu demokratikoa bidea eta irtenbidea izanez gero, euskaldunon komunitatea Estatu horren konpartsa folklorikoa bilakatuko da. Konpartsa koloretsua eta alaia; festa egunetan ateratzen den konpartsa horietakoa. Estatuari, politikari alegia, lehentasuna ematen badiogu, euskaldunon komunitatea amets eder baten argazkia baino ez da izango.

Euskaldunon komunitatea ez da abertzaleen konpartsa anitz eta koloretsua; euskaldunon komunitatea euskaldunok bizirik eta zutik irauteko irtenbide bakarra da. Hala bada, fundamentalismo politikoa gaindituz, deliberamendu osoz, euskaldunok euskaldunon komunitatea eraikitzeri ekin behar diogu.

Demokrazia da gure bidea, baina euskaldunon komunitatea gure irtenbidea. Hori da euskaldunon biziraupena bermatzen duen printzipioa. Printzipio hori ahaztuz gero, gure herriaren biziraupena arrisku bizian egongo da.

Nolako festa, halako komunitatea

Ez dakigu nola eraikitzen den komunitate bat. Halere, Korrikak argibide batzuk ematen dizkigu. Lehenengoa: komunitate hori jai baten inguruan antolatu behar da (eta historiari begiratuz gero, komunitate eta jaiaren arteko lotura unibertsala dela konturatuko gara). Badakigu garrantzitsuena, bada: korrikaren ildotik jai bat asmatu, sortu eta antolatu behar dugu gure komunitatea eraikitzeko.

Nolako festa? Horretaz ere Korrikak jai horren bi zutabe jartzen digu: haurrak eta emakumeak. Haurrak jai horren protagonistak izango dira. Hori, Korrika ikusiz gero, ezin da zalantzan jarri. Bestalde, festa horren funtsezko ardatza emakumeak izango dira. Horiek lirateke, bada, euskaldunon jaiaren bi ezaugarri nagusiak: haurrak, protagonistak; emakumeak, ardatza.

Abertzaleak bezala, gure betebeharra bake prozesua aurrera eramatea da eta, denboraren poderioz, amnistia lortzea (eta lortu egingo dugu); euskaldunok izanik, aldiz, gure bizinahiak eta gure bizipozak euskaldunon komunitatea eraiki eta eratzera bultzatzen gaituzte.

Bakearen artisauak eta Korrika

FILOSOFO OHIA