Ideia bat paragrafo bakoitzean

Ideia bat paragrafo bakoitzean –

Euskaltegian ibilitakoei ezaguna egingo zaie esaldi hori, ziurrenik. AEK-ko ikasleentzat esaldirik entzunena izango da: urrezko arautzat har daiteke idazlan koherente eta kohesionatuak egiteko. Baina kontuz: paragrafo bakoitzean ideia bat garatuta ere, idazlanak osotasuna izan behar du, batasuna.

20. KORRIKA eta idazlan bat aldean jarriz gero, antzekotasunak aurki daitezke: ideia bat kilometro bakoitzean. KORRIKAk zenbait ideia ipini ditu mahai gainean, eta idazlan koherente eta kohesionatua osatu dugu guztion artean. Puntu eta jarrai, batzuetan; puntu eta paragrafo berrira, beste zenbaitetan.

“Euskara denontzat doan” izan da ideia horietako bat: euskara ikastea eskubidetzat jotzen du AEK-k, eta helduen irakaskuntzan ari diren beste euskaltegiekin batera kanpaina abiatu du KORRIKAn, Kontseiluaren bitartez. Ideia bat paragrafo bakoitzeanEuskara ikasten ari diren helduen ahalegin ekonomikoa arintzeko helburua du kanpainak, eta jarraipena izango du aurrerantzean ere. Puntu eta jarrai, beraz.

Ideia bat paragrafo bakoitzeanEuskal Herriko hiriburuetako alkateak korrika ikusi genituen Otxandion, aurrekaririk gabeko kilometroan: ideologia eta kolore ezberdinetako alkateak euskararen lekukoari heltzen, eskuz esku, euskararen aldeko ekimen handienean. Izan dadila puntu eta paragrafo berrira, baina izan dadila, halaber, idazlan koherente baten parte.

Berrikuntza izan ez bada ere, kolore guztietako (ia) alderdi politiko guztiak ikusi ditugu zenbait kilometrotan: oker dabil “Euskarak batzen gaitu” leloa gutxi batzuena dela uste duena. Kohesioa izan da nagusi kilometro horietan, baina koherentzia ere eskatu beharko diegu alderdi horiei guztiei; bestela, ez baitugu idazlan komunikatiborik osatuko. Paragrafo batean ideia bat adierazten denean, ez da onargarria hurrengo paragrafoan aurkakoa egitea: idazlanak batasuna eta indarra galduko ditu.

Idazlanak, baina, tesia behar du: ideia nagusia, adierazten denaren ardatza. Elkarlana da KORRIKAren tesia, eta horixe islatu zen Santiago zubian: euskalgintzako eragileak eta euskararen lurralde osoko erakundeak elkarrekin, euskara normalizatzeko bidea adieraziz. Kilometro partekatua izan zen, bidea partekatzeko. Bidasoaren bi ertzak lotzen dituen zubian, beste behin ere agerian geratu zen herri oso baten borondatea.

Idazlanetan, puntuazioa ere zaindu behar da. Areago, maiz oso kontuan hartzen ez bada ere, osagai garrantzitsuenetakoa da: puntuazio-zeinuek esanahia aldatu ere egin dezakete. Uste baino indar handiagoa dute, beraz. Herritarrak dira KORRIKAren puntuazio-ikurrak: Mendigorriako Pakita, bere 90 urteekin, Legazpin lekukoa pasatzeko gurpildun aulkitik altxatu zen Maria Pilar Makibar euskaltzalea, jaioberriak, nerabeak, eskoletatik txaloka ari ziren umeak, kilometro mordoa egiteko sasoia duten gazteak, gurasoak… eta  aipatu gabe utzi ditugun guztiak, noski. Ezinbestekoak zarete horiek guztiak, idazlan txukuna egiteko.

Gramatikalki, akatsak onartzen dira, mailaren arabera, baina horiek denborarekin konpon daitezke. Ez etsi, beraz, gramatika-arauak ez baitira menperaezinak. Geuk ere prestutasuna adierazi nahi dugu geure gramatika-akatsak konpontzeko. Saiatuko gara 21. KORRIKAn halakorik ez egiten.

Ez dugu kexa-gutun gehiago idatzi nahi, iritzi-artikuluen zaleago gara. Egin dezagun aurrera, idazlan koherente eta kohesionatu honetan, bere puntuazio-ikur guztiekin, gramatikalki gero eta zuzenago eta, batez ere, asma dezagun amaiera on bat ematen, idazlana biribiltzeko: jar dezagun euskara atzeraezinezko normalizatze bidean behingoz. Egin dezagun testu bizi, aberats, labur eta zuzena.

Puntu eta jarrai.
.

Helios del Santo eta Jon Sanchez,
(AEK-KORRIKAren komunikazio-bulegoaren izenean)

Azaleko argazkia: Aiaraldea.eus

Ideia bat paragrafo bakoitzean Ideia bat paragrafo bakoitzean Ideia bat paragrafo bakoitzean

2 pentsamendu “Ideia bat paragrafo bakoitzean”-ri buruz