Bakea, bide luzea.

MTU2Ng==

Ulergarria ere bada errezeloa, azken urteetan hamaika aukera eta prozesu ikusi ditugulako zapuzturik. Motxila astuna daramagu bizkarrean, bai, baina aurrerantz jarraitu eta begiratzeko garaia dela uste dut.   Izan gaitezen positiboak.

Ezker abertzaleak funts handiko pausoa eman du bere kabuz. Bazen garaia. Ez euskaldunon gehiengoak nahiko genukeena bezain handia, hori bistakoa da. Baina ezin dugu ezikusiarena egin: agiriak hainbat aldiz eta mila modutara adierazten du bide politikoen eta demokratikoen aldeko apustua egin nahi dela. Hori berez ez da berria. Bazegoen Anoetan eta bazegoen Altsasun. Baina oraingo honetan inoiz baino modu argiagoan aldarrikatu da nire iritziz apustu hori, barne prozesu parte-hartzaile baten ondorio gisa, eta inongo tutelarik gabe, edo behintzat hala kaleratu dute.

Egia da agiriak ez duela ETA zuzenean aipatzen, eta zentzu horretan, ez duela jarduera armatuaren gaitzespen sendoa, edo hobe esanda, jarduera armatuarekiko erabateko haustura espero dugunon nahia asebetetzen. Baina botila erdi beteta ere ikus daiteke, testuak argi eta garbi ematen baitu aditzera ETAk ez lukeela inongo parte-hartzerik izango balizko negoziazio prozesu batean, eta prozesu horren ondorioak ezingo lituzkeela baldintzatu.

Agiriak ez, baina Rufi Etxeberriak bai, egin zuen erakunde armatuaren aipamena joan den igandean Berria-k egindako elkarrizketan, prozesua “ETAren jarduera armaturik gabe planteatzen” dela esan zuenean.

Jakina galdera asko daudela erantzuteke oraindik. Jakina, albisterik onena, ETAk armak behin-betiko uztearena, ez dela iritsi. Hala egingo balu, orduan bai, sekulako bultzada emango lioke ezker abertzalearen mugimenduari, baina badakigu gaur-gaurkoz hori oso zaila dela. Dena den, ezin dugu ahaztu duela gutxi ezker abertzaleak erabakitakoa errespetatzeko borondatea azaldu zuen ETAk, eta argi geratu da, nahiz eta seguru etxe barruan desadostasunak izango diren, zein den borondate hori.

ETAk atentaturen bat egingo balu, ataka estuan jarriko luke ezker abertzalea. Kasu horretan, zirt edo zart egitea eskatu beharko litzaioke, ondorio guztiekin. Baina ezin dira gertakariak aurreratu. Ildo horretan, esanguratsua da estatu espainiarra hartzen ari den jarrera. Ez aspaldi, ETA bahiketa bat prestatzen ari omen zela iradoki zuen Rubalcaba Espainiako Barne Ministroak. Azken aldiko atxiloketa oldearekin bat ere, etengabe ari da errepikatzen ETAk ekintza armatuak egiteko gaitasuna duela, edozein unetan, gainera.

Estrategia ez da berria. PPk eta PSOEK ETArengan jarri nahi dute fokoa, nola edo hala.   Protagonismoa, ordea, gizarte zibilari itzuli behar zaio. Eta gizartea nekatuta dago, bai. Politikariokin aspertuta, eta ETAren jardunarekin nazka-nazka eginda.

Baina ez du amore eman. Bakea behar du. Bakea nahi du. Edozein aukera da ona bide horretan aurrerapausoak emateko, eta ezker abertzalearen azken agiria aurrerapena da. Gauza asko argitu beharko dira oraindik, bai, baina ez dezagun behintzat, azken urteetako okerrek eta minek itsututa, aldez aurretik lurperatu edo hutsaren hurrengotzat jo. Joka dezagun tentuz eta eman diezaiegun gauzei beren denbora. Eta batez ere, izan gaitezen positiboak. Guztion artean gure etorkizuna modu baketsuan erabakitzeak, merezi du hori eta askoz gehiago.

Irudia | Bakea, bide luzea. | Imanol Lasa | Creative Commons By SA
ETA, ezker abertzalea, zutik

2 pentsamendu “Bakea, bide luzea.”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude