Bakarren bat damutu dadin
Bakarren bat damutu dadin –
Ez da batere erraza izango telebista saio bat aurrera ateratzea, eta ziurrenik, zailagoa izango da tokian tokiko arduradunek telebistarako egindako saio bat onartzea; aukera ezberdinez mukuru dagoen panorama batean dirua jokatzen duenak zure alde egitea apustu. Baina tarteka, aldizka, lantzean-lantzean, ideiak ernaltzen dira eta saio berriak erditu. Hori izan da Autentikoak programaren kasua, nahiz eta “aborto erretroaktiboa” egin dioten, jaio eta zazpi astera.
Duela hiru bat urte hasi nintzen sare sozialak erabiltzen, natibo digitalen belaunaldian hiztun-berri, eta iruditu zait oso ohiko praktika dela (nirea barne) ETBri egurra ematea gaizki egiten duenagatik; arrazoiak ere ez dira falta, bistan dena, eta horretaz gain ezin ahantzi ez dela berdin norbere kasa sartzea hanka edo guztien diruarekin tronpatzea. Urriagoak dira zoriontzeko lanak hartzen dituztenak ondo egindako zerbait ikustean, eta gaurkoan nik ere, behingoagatik, gurdi horretara igo nahi dut: Ur Handitan eta Katebegia ikusten gozatu dut maiz, Gure Doinuak atsegin handiz ikusi dut, dezentetan Gure Kasari begira egon ohi naiz, Goazen! ez ikusi arren begibistakoa da lan handia egiten ari direla, Ahoz-Ahon itzel aritzen da Ilaski Serrano… saio onen adibide asko jar daitezke.
Horien artean dago, noski, Herri Txiki Infernu Handi. Bosgarren denboraldia amaitu eta seigarrena ekin bitarte Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadizabal ez dira zozoei begira geratu, lehena Handitzen-handitzen saioarekin (azkena Gure Zirkua-koa ikusi nuen, bikaina) eta bigarrena Autentikoak late showarekin, Fermin Etxegoienekin batera. Azken hau parrillatik erretiratuko dutela iragarri berri dute, azken saioa etzikoa izango dela esanez. Formato berri horrek geroz eta arrakasta handiagoa dauka, gazteen artean bereziki, eta errefentzia espainiarrak besterik ez zaizkit bururatzen: No Te Metas En Politica, Late Motiv, La Resistencia… Ederra izan da euskaraz halako saiakera bat ikusi ahal izatea, gure erreferentziak eta gaiak landuz, Euskal Herriko marko batetik: Gorpuzkinz, Aitziber Garmendia, Martxelo Otamendi, Jon Maia, Iker Lauroba, Realeko jokalariak, Josebe Iturrioz, Elena Irureta eta Ane Gabarain aktoreak, Gorka Urbizu…
Erabaki horren atzean dagoen argudio nagusienetakoa audientzia baxua izan omen da (%1,36ko batazbesteko ikusle kuota izan du saioak). Eskerrak ETBk ez dion irizpide bera ezartzen bere buruari, bestela euskal telebistarik ere ez genuke izango agian. Ardura zati bat ere egon daiteke ikusleengan, baina oraingoan iruditzen zait tarte asko ere ez dela utzi saioa ezagun bilakatu eta izan zezakeen harrera lortzeko. Paradoxikoki ikusle batzuk kexatu dira late showa beranduegi delako, eta zalantza sortzen zait ea errepikapenetan edo Nahieran ikusten dugunak ehuneko horretan kontutan hartuko ote gaituzten (ez, ez gaituzte hartzen, mundu guztia telebista ikusteko modua aldatu dela esaten ari den honetan).
Esan ohi da artista asko bere heriotzaren ostean goresten direla, eta hemen nator ni, Autentikoak-en bueltan kontu epelak esanez behin ia heriotza diagnostikatu diotenean, zer eta ostegun gauean hiletetara joan gaitezen esateko.
Galtzailearen azken errekurtsoa baliatuta, behintzat, behintzat, kristoren audientzia eman eta bakarren bat damutu dadin.
Nik gustora ikusten nuen saioa igandero eitb nahieran. Enfin….
Pena, formatua egokia baitzen. Emisio orduan, akaso, ez dute asmatu. Beti pentsatu izan dudana da, bestalde, ETBko programak osorik youtuben jarri beharko liratekeela, gazteok gehiago begiratzen baitiogu mobileko pantailari telebistari baino. Ez dakit arduradunak zertan dabiltzan, egungo merkatu-joerak aztertzea bezain erraza baita hau dena ondorioztatzea