Baionara bidaiak

Baionara bidaiak –

Iruñeko Udala aspalditik dago senidetuta Baionakoarekin, eta, arrazoi horregatik, urtean behin, baionar ordezkari politikoak Iruñeko udaletxera joaten dira, sanferminetan, egun bat ospatzera eta gozatzera. Abuztuaren hasieran, beste horrenbeste egiten dute Iruñekoek, Baionako jaietan. Esan gabe doa, gastu guztiak bi udalek ordaintzen dituztela, altxor publikoaren kontura; gauza ezaguna eta jakina, noski! Inondik ere ez dira zozoak!

Baionara bidaiak
Iruñea-Baiona senidetzea, ekitaldia, iragan uztailaren 8an. Arg: Iruñeko Udala

2003. urtean ere, ohitura bera errepikatu zen, eta, nik, Iruñeko Udaleko zinegotzi moduan, erabaki nuen probatzea eta esperimentatzea, ikusteko ea zein puntutaraino zen egingarria bidaia hura, gurpil aulki motordunean.

Lehendabiziko bidaia hartan, pertsona laguntzaile bat eramatea erabaki nuen, hainbat eta hainbat gauzatan lagun ziezadan. Bidaia nahiko normal joan zen Baionaraino. Autobusa egokituta zegoen, garai hartan, gurpil aulkietarako egokitzen ziren modutsuan; beraz, alde horretatik, kexa handirik ez.

Behin Baionan egonda, lehenengo harrera, hango udaletxean egin ziguten bertako agintariek. Eraikin hartan, bazegoen igogailu bat, eta, hortaz, han ere, mugitzeko ez genuen aparteko arazorik izan. Handik, eliza batera eraman gintuzten meza entzutera. Lehendabiziko urtea zenez gero, txintik ere esan gabe, jakin nahi nuen ea zer gertatzen zen eliza haren barruan. Sartzeko eta ateratzeko ere, ez dut gogoratzen aparteko oztoporik eduki izana; beraz, behin sartu eta gero, mezaren xehetasunei erreparatu nien, eta, alde batetik, ikusi ahal izan nuen, meza hartan behintzat, Iruñekoetan baino askoz ere euskara gehiago erabili zutela, bai hitz lauetan, bai abestietan, baina, hala eta guztiz ere, Iruñeko eskuindarren artean, inor ez zen ausartu protestatzera, eta, bestetik, txistuak eta gaitak ere ausarki jo zituzten.

Hala eta ere, bazkaltzeko ordua iritsi zenean, orduan bai esan behar dela, oztopo arkitektonikoak hasi zirela agertzen trumilka; arazo handikoak eta konponbide zailekoak, jantokia ez al ziguten jarri, ba, lehenengo edo bigarren solairu batean? Oraintxe bertan, ez dut zehazki gogoratzen zenbat solairu ziren, baina eskailera maila asko eta asko zeudela, horretan ez dut inolako zalantzarik. Kontuan eduki behar da, nire gurpil aulki motordunak 120 kilo inguru zituela, beraz, ni janlekuraino igotzeko, lauren bat pertsona indartsuk hartu behar izan zuten aulkia. Nekez eta ezeroso aritu ziren indarka, komeria asko eginez, ni aulkian, goraino eraman arte. Pentsa ezazue, 120 kilo, aulkiarenak soilik, gehi nireak, nahiz eta ni pisu arin samarrekoa izan!

Nik pentsatzen nuen, antolatzaileak, arduradunak, Iruñeko eta Baionako zinegotziak, alkatea, alkateordea eta abar, urduri, asaldaturik eta kezkatuta ikusiko nituela egoera haren aurrean, baina, ez, inola ere ez, han bakoitza bere kasa zihoan, nitaz eta morroiez, batere axolatu gabe. Une batez, pentsatu nuen, haietako politikari edota arduradunen bat, agian etorriko zela sorotsi eta laguntzera, edo, gutxienez, desenkusatu eta barkamena eskatzera, baina, ez, inondik inora ez! Hantxe, nik, antza denez, ikusezina izan behar nuen pertsona haientzat, ez baitzuten txintik ere esan eta zirkinik ere egin. Dena, langileek eta zerbitzariek egin behar izan zuten, beste inoren laguntzarik gabe; politikariek, deus ez!, eta, bitartean, iji eta aja haien artean! Harrigarria, lotsa-emangarria, tamalgarria eta amorragarria da bi udalek horrela jokatzea hogeita batgarren mendean, aldez aurretik jakinda, beren udaleko hautetsi politiko batek, gurpil aulkian joan behar zuela. Zer enpatia, erresilientzia eta arreta gutxi erakutsi zuten egun hartan politikari haiek guztiek! Nonbait, ni bezalako pertsonak, ez omen ginen oso garrantzizkoak eta errespetagarriak beraientzat!

Bazkalondoan, antzeko arazoak izan nituen, zezen plazako, nire kokalekuraino iristeko; izan ere, han, era berean, eskailerak zeuden, igogailurik gabe, nik ezarri beharreko tokiraino ailegatzeko.

Eta, behin baino gehiagotan, esan dudan bezala, ni ez naiz soilik ez zezenketa zalea, baizik eta basakeria horren aurkako kartsua. Hala eta guztiz ere, Baionan zezenketa bat ikusteko lehen aukera zenez gero, aprobetxatu nahi izan nuen, jakiteko zer gertatzen zen delako “joko” hartan. Eta han gertatu zena, neurri handi batean behintzat, guztiz harrigarria izan zen Hego Euskal Herriko pertsonontzat, izan ere, zezenketako faenaren denbora guztian zehar, hango ikus-entzule guztiak, isil-isilik eta adi-adi egon ziren bukatu arte; meza batean edota musika klasikoko kontzertu batean ginela ematen zuen. Soil-soilik, zezenak akabatzen zituztenean egiten zuten txalo edota hitz egiten zuten pixka bat, ez sanferminetan bezala, baizik eta zeharo ezberdin.

Gutxi balitz bezala, gainera, egunaren bukaera aldera, eta, jardunaldiari amaiera borobila emateko-edo, itzulerako bidean, ez al gintuzten eraman, ba, jatetxe partikular batera afaltzera, oraindik gehiago jatera? Eguerdiko bazkaria, oso oparoa izan zena, nonbait aski ez, eta oraindik gehiago bete behar omen zen sabela, inolako premiarik gabe, nik behintzat ez nuen batere goserik; baina, hori bai, denen diruarekin ordainduta, noski!; gurearekin ez! Horrela, edozein pertsona izan daiteke eskuzabal!, ez da hala?

Eta, bueno, ba, lehendabiziko bidaia arazotsu eta nahasi hura bukatu ondoren, jakina, bigarrena ere iritsi zen urtebete ondoren. Gainera, bigarren bidaldi hartan, jakin nuen, ohiko laguntzaileaz gain, beste pertsona bat gehiago ere gonbidatzeko eskubidea genuela. Gauzak hala, nik aprobetxatu nuen, gurpil aulki motordun batean zebilen lagun bat gonbidatzeko. Era hartan, ikusi nahi nuen, ea Iruñeko eta Baionako Udaletako arduradun nagusiek, zerbait ona ikasia ote zuten lehendabizi bidaia hartaz, alegia, ea eskarmentu harekin atera ote zuten ondorio onuragarriren bat, aurreko urteko akats berberak ez errepikatzeko, baina berehalaxe ikusiko duzuen bezalaxe, ezin da esan, bigarren bidaia hartan ere, asko hobetu eta luzitu zirenik.

Hasteko eta behin, goiz hartan ekarri ziguten autobus egokituko arrapala ez zebilen, ez aurrera eta ez atzera; beraz, ederki hasi ginen, alajaina! Jarraian, antolatzaileek erabaki zuten taxi egokitu bana lortzea, eta, halaxe egin zuten, baina horrek behartu gintuen norbera bere aldetik joatera, hau da, gonbidatutako laguna taxi batean, gidariarekin bakarrik, eta, nire laguntzailea eta biok bestean, alegia, nahi ez genuen bezalaxe.

Behin Baionara iritsitakoan, berriro elkartu ginen gu hirurok. Jarraian, bat egin genuen Iruñeko gainerako zinegotziekin eta alkateordearekin, eta, handik, hiriburuko udaletxera jo genuen denok elkarrekin, aurreko urtean bezalaxe.

Une hartatik aurrera, gehiena, lehendabiziko bidaian bezalatsu errepikatu zen, baina, jakina, jantokiraino iristea, oraingo honetan, lan bikoitza izan zen, bi pertsona baikinen gurpil aulki motordunetan gindoazenak, igotzeko eta jaisteko. Esan gabe doa, inork ez zuela aparteko beste inolako neurririk hartu, oztopo arkitektoniko latz eta nardagarri haiek gainditzeko, ezpada dena zegoen bezala-bezala uzteko. Aldi hartan ere, betiko langile xume eta apalek ordaindu behar izan zuten beren izerdiaz, agintari nagusi eta harroputzek egindako hutsegite, arduragabekeria eta utzikeria.

Bazkalondoan, oztopo arkitektonikoak zituen zezen plazara joateari uko egin genion, eta, bitartean, Baionako katedral dotorea ezagutzera joan ginen hirurok; hura askoz ere onuragarriagoa gertatu zitzaigun, zezenketa basatia eta ankerra ikustea baino. Eta halaxe, zezenak jokatutakoan eta Iruñeko gainerako pertsonekin elkartu ondoren, Nafarroako hiribururantz abiatu ginen, joandako modu berean, hau da, gehienak autobusean, eta, beste hirurok, bi taxietan. Oraingo honetan, ez dut ongi gogoratzen, itzultzean, afaltzeko ere gelditu ginen ala ez.

Baina, laburbilduz, nik uste dut, ozen esan behar dela, bi bidaia haiek oso desegokiak izan zirela, gurpil aulki motordunetan, modu autonomoan ibili nahi zuten pertsonentzat. Beraz, zero borobila politikari eta antolatzaile haientzat!

Baionara bidaiak  Baionara bidaiak Baionara bidaiak  Baionara bidaiak Baionara bidaiak

Auritz. Idazlea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude