Bai Euskarari Ziurtagiriak Anaje Narbaiza, Vusa Eraikuntzak eta Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak saritu ditu

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak urteroko Ekitaldi Nagusia ospatu du gaur eguerdi-arratsalde partean Dtaldeargazkiagoko Plateruena Kafe Antzokian. Ekitaldi berezia izan da, orain artekoekin zerikusirik izan ez duena, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak bazkari baten bueltan antolatu baitu aurtengo ekitaldia. Bertan, besteak beste, Bai Euskarari eta Bai Euskarari Laguna sariak banatu dira, Rober Gutiérrez zuzendariak Elkartearen helburu estrategikoaren berri eman du eta Igor Elortza bertsolariak, Gari Otamendi arrabita-joleak eta Josu Maroto marrazkilariak hiri diziplinak uztartu dituzte saio gogoangarri batean.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak Ekitaldi Nagusia ospatu du gaur eguerdi-arratsalde partean Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Elkarteak urtero antolatzen du ekitaldia, baina aurtengoa berezia izan da, ezberdina. Helburua, ordea, azken urteetako bera da, arlo sozioekonomikoan euskararen normalizazioaren alde egiten duten Ziurtagiridunen lana aitortzea.

Ekitaldiko unerik aipagarriena bazkalostean heldu da, Bai Euskarari eta Bai Euskarari Laguna sari banaketarekin. Bai Euskarari sariaren bitartez, Bai Euskarari Ziurtagiria duten entitateetatik euskara euren organizazioan txertatzeagatik gehien nabarmendu diren bi entitate saritzen ditu Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak. Aurtengo sarituak Vusa Eraikuntzak eta Leitzako, Goizuetako, Aresoko eta Aranoko ziurtagiridunak izan dira.

Bai Euskarari sariak

Rober Gutiérrezek azaldu ditu Galdakaoko eraikuntza enpresaren merituak: “Azken urte hauetan euskara lan munduan txertatzeko egin duen lana eta esfortzua nabarmentzekoak dira. Krisi garaian egon arren, euskara planarekin jarraitzen du eta euskararekiko duten konpromisoa adierazteko Bai Euskarari Ziurtagiria urtez urte berritzen jarraitzen du. Eta barrura begira ere txalogarria da errotulazioan, itzulpenetan edota langileentzat euskara eskolak antolatzen egiten duten lana. Gizartearekiko konpromisoa ere aipagarria da Ibilaldia bezalako ekitaldiak babesten”.

Antton Luengo Salmenta osteko saileko arduradunak jaso du saria. Pozik agertu da errekonozimenduarekin. Eta  eraikuntza sektorean euskararen presentzia txikia dela aitortu arren, egunerokotasunean euskara txertatzen ahalegintzen direla esan du. “Neurri apalean bada ere, gure hondar alea jartzen dugu euskarari beste arnasgune bat emateko”.

Beste saria Nafarroako ipar mendebaldera joan da, hain zuzen, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranora. Bertako ziurtagiridunek jaso dute Arritxu Zelaia Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko lehendakariaren eskutik. Kolektibo batek jaso duen lehenengo saria izan da. Zelaiak azaldu duenez, “bertako ostalari, merkatari, elkarte nahiz enpresek Bai Euskarari egitasmoarekin eta lan mundua euskalduntzeko helburuarekin erakutsitako konpromisoaz gain, lan jardunean euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko helburua berresten dute urtez urte. Beren ahalegina eredugarria da beste zonalde batzuetakoentzat eta egiten duten traktore lanak ez du preziorik”.

Saria Leitzako Kultur Taldeko Juan Mari Barriolak eta Goizuetako Umore Ona Elkarteko Juan Inazio Loyartek jaso dute, gainontzeko ziurtagiridun guztien izenean.

Bai Euskarari Laguna

Sari honekin Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak ibilbide bat saritzen du, urteetan euskararen normalizazioaren alde egindako lana. Kirmen Uribe, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Joxe Anjel Iribar izan dira orain arteko sarituak, eta laugarren edizioan Anaje Narbaizak jaso du, Antzuolako Elay enpresako Metrologia arduradunak.

“Elay enpresak 1992an euskara plana abiatu zuen, lan munduko lehenengo esperientzia izan zen hura. Lana euskaraz egin nahi zutela erabaki zuten hartan. Antzuolako enpresa aitzindari izan zen euskara planak lan munduan inplementatzerakoan eta orduraino jorratu gabe zegoen bidea erakutsi zien Euskal Herriko beste enpresei. Egun, euskara plana desagertu da Elayn, euskara guztiz txertatzea lortu duten seinale. Gainera, Elay taldea izan zen Bai Euskarari Ziurtagiriaren “Zerbitzua eta Lana euskaraz” maila eskuratu zuen lehendabiziko enpresa, 2002an. Aipatu ditudan urrats guzti horietan parte-hartze zuzena izan du Anaje Narbaizak; horregatik, bere ibilbideagatik eta urte mordo honetan euskararen erabilera lan munduan normalizatzeko eginiko ekarpenagatik eman diogu saria”.

Anaje Narbaizak hunkituta jaso du saria. Berak jaso duen arren, Elay taldearen saria dela argi utzi nahi izan du hasteko. “Gure aurrekariak erreferenteak dira euskararen munduan. Sariak haien maila berdinean jartzen gaitu, eta horrek sekulako poza ematen digu. Errekonozimendu handia da eta hunkituta gaude, eta apur bat beldurtuta”.

Narbaizaren iritziz, Elay enpresak euskarari egin dion ekarpenik handiena  “lana euskaraz egin daitekeela sinistea, eta sinisten genuen hura gauzatzea posible dela azaltzea izan da. Zentzu horretan, atzetik datozen enpresentzat eredu bat ezarri dugula esan daiteke”.

Rober Gutiérrez: “Ziurtagiridunak euskararen normalizazioan eragiten ari zarete” 

Sari banaketa ekitaldia amaituta, Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak hartu du hitza. Hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko espazioak euskalduntzea estrategikoa dela nabarmentzen hasi du bere diskurtsoa, “horregatik azpimarratzen dugu berebiziko garrantzia duela alor soziekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile garelako, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran”.

Zuzendariaren iritziz, lan munduak hobetzeko izugarrizko tartea du, “eta Ziurtagiriaren Elkarteak eragiten jarraitzeko espazioa. Jarraitzeko diot, eragiten ari garelako, eta ez soilik maila teorikoan. Maila praktikoan, eguneroko jardunaz gain [Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez], Enpresarean bezalako egitasmoekin”.

Euskaraz jarduten duten enpresen artean lankidetza proiektuak bideratu nahi dituztela adierazi du. Era berean, instituzio eta gainontzeko eragileekin bide hori jorratzeko prest azaldu da, “konbentzituta baikaude elkarlanean emaitza hobeak lortu daitezkeela.. Ezin dugu indarrak, jakintzak, denbora eta baliabideak alperrik galtzeko luxua onartu, norabide berean koordinatu eta zuzendu genitzakeen indarrak sakabanatuz”.

Amaitzeko, Ziurtagiridunak aipatu ditu: “Zuen jardun profesionalean euskarari atea zabaldu diozuelako, nire miresmenik handiena. Ohartu gabe, edo guztiz kontziente, euskararen normalizazioa sustatzen ari zarete, bakoitza bere alorrean, eta bere inguruan, eta horrek berebiziko garrantzia du”.