Bagara ala ez gara? Gara?
Euskarari lehentasuna emateko dekretua iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta erabakiaren harira jardunaldi interesgarria burutu zen atzo Koldo Mitxelenan.
Bertan ikusi-entzundakoetatik gehien gustatu zitzaidana Iñaki Agirreazkuenagaren hitzaspertu bizia izan zen. Gordin, argi eta garbi hitz egin zuen, inongo loturarik gabe, eta oso eskertzekoa da hori. Marko juridikoari garrantzirik kendu gabe, gakoa herritarron eta erakundeen borondatean zetzala azpimarratu zuen, baita borondate horren osasunaz bere kezka agertu ere, behin eta berriz.
.
Kontua da, berria erostera joan naizela gaur goizean, baina agortuta zegoela ordurako. Halakoetan, berriarik ezean, Noticias edo Gara hartu ohi ditut, bata ala bestea, biei begiratu azkar bat eman eta gero. Gaur Gararen aldeko apustua egin dut, pentsatuz atzoko jardunaldiaz informazio zabala ekarriko zuela. Nola bestela? Euskarari lehentasuna aitortzen dioten erakunde askorik ez dago gurean!
.
Sarri aipatzen dira EAJren ustezko bi arimak (abertzalea eta espainiazalea), baina arima aniztasuna ez da soilik jeltzaleen ezaugarri. Ezker abertzalean ere badira, gutxienez bi arima. Batetik daude euskaltzaleak, eta bestetik euskara folklorearen eta liturgia jakinen eremukotzat daukatenak. Gipuzkoako Foru Aldundia euskaltzaleen esku dagoela ezin da ukatu. Garak euskarari inongo lehentasunik ematen ez diola, ukaezina den bezala. Gipuzkoako Foru Aldundiak euskarari lehentasuna emateko erabakia 20. orrialdean zokoratu du Garak, orrialdearen heren bat ere hartzen ez duelarik. Esanguratsua oso.
.
Izan ere, Gararen jardunak ez dio inongo mesederik egiten euskarari eta euskaldunon komunitateari. Deiak, ETB2k edo Radio Euskadik bezala, gaztelaniaz elikatzen ditu milaka eta milaka euskaldun egunero. Erdal hiztunen komunitatea osatzen eta indartzen du Garak, aipatutako besteek bezala, euskaldunon komunitatea ahultzeaz batera. Eta okerrena dena, praktika erdaltzalea diskurtso euskaltzale bizi batez estaltzen du.
Bada, Gararen hizkuntz politika gaztelaniaren aldekoa eta euskararen kalterakoa da. Atzoko jardunaldian azpimarratu zen bezala, hizkuntza politika ez baita esaten dena, egiten dena baizik.
http://www.berria.eus/paperekoa/1935/014/001/2014-09-20/hizkuntza_ahula_bizkortzen.htm
Iruditzen zait batzuk denbora gehiegi galtzen dutela alegiazko munduetan bizitzen. Jakina, nik ere Euskal Herri euskalduna nahiko nuke, baina zoritxarrez ez gaude egoera horretan.
Egoera horretan ez egotea ez da Gara-ren edo Ezker Abertzalearen errua, euskaldunok geure artean harrika ibiltzearen ohitura xelebrea daukagu.
Nik ere nahiko nuke Gara euskara hutsean argitaratzea, baina hori ezinezkoa da. Ezinezkoa da, ez Gara-k nahi ez duelako baizik eta egun horretarako baldintzarik ez dagoelako. Hasteko prentsa krisi egoera sakon batean dago, eta euskal prentsa are krisi sakonagoan. Gara zein Berria-ren egoera ekonomikoa ez da batere ona eta Gara (edo beste inor) euskaraz egindako egunkari bat kaleratuko balu, euskarazko egunkaririk gabe geratuko ginateke.
Bai, badakit 1+1=2 dela, baina kasu honetan 1-1=0 izango litzateke. Azalpena oso sinplea da, aipatu bezala komunikabideak krisi egoera sakon batean daude, eta aurrera egiteko zailtasunak dituzte. Pentsa dezagun une batez euskarazko bigarren egunkaria agertzen dela, horrek irakurleak kenduko lizkioke Berria-ri, irakurleak ez baitira zerutik erortzen eta direnak direlako, publizitatea ere banatuko litzateke, hau da, orain arteko diru kopuru bera egongo litzateke, baina bien artean banatzeko.
Horretaz gain, ezin da ahaztu euskarazko prentsak gaur gaurkoz ezinbestekoak dituela dirulaguntzak, eta honetan ere diru kopuru bera (inozoa da pentsatzea ikaragarri handituko liratekeela) hedabide gehiagoren artean banatu beharko litzateke. Gauzak horrela euskarazko eguneroko egunkari nazionalentzako ez litzateke dirurik egongo.
Bai, oso gogor eta gordina da, baina egun dugun errealitate miserablea da. Uste dut hobe dugula, gure artean harrika egon ordez errealitatea aldatzeko pausoak ematen hastea, denok batera eta benetako arerioak nortzuk diren argi edukita.
PD: Gara eta euskararen inguruan Iñaki Altunak idatzitako artikulu pare bat:
http://www.gaur8.info/edukiak/20121006/365676/Ez-ginen-atzo-jaio-eta-aurrera-goaz-I
http://www.gaur8.info/edukiak/20121013/366962/Ez-ginen-atzo-jaio-eta-aurrera-goaz-eta-II
Harritzekoa bada egun arrunt batean periokoak agortuta izatea…
Zein kioskotan erosi zenuen egunkaria?
Zoritxarrez, egunkari bakarra dugu euskara hutsean, Berria. Hala ere, Itzain, aitortu beharko duzu Gara dela euskara hutsez ez diren egunkarien artean euskaldunena, euskarari leku zabalena ematen diona, eta hori zabalkundean ederki ordaindu duen arren, tinko eutsi dio, eta inoiz ez dio utzi euskarari leku zabal bat eskaintzeari.
Zenbat da leku zabala? %10?
Hedabide erdaldunen artean euskarari leku gehien ematen diona izatea ez da zaila gurean. Kontua da, Egin sortu zenean baino euskara gutxiago darabilela, baldintzak orduan baino hobeak badira ere. Euskarari ematen dion lekua oso urria da, beste batzuek baino gehiago eskaini arren. Eta okerragoa dena, irakurle gehienak elebidunak ditu, beraz, euskaldunen komunitateari kentzen dio, eta erdaldunenari eman. Hori hala da, inor baino abertzaleagoa balitz ere.
Kaixo Itzain,
eztaibaida zaharra zalantzarik gabe. Hala ere, euskarari uste dut ekarpena ez zaiola soilik euskaraz egiten. Berria ezinbestekoa dugu euskarari egiten dion ekarpenagatik. Baita Argia edo ETB1 ere esaterako. Baina Garak ere egiten dio bere ekarpena, Euskal Herrian hedabide espainolek jartzen duten agendaren aurrean Euskal Herritarrona den agenda edo kontra-agenda bat ezarriz eta “euskal gaiak” komunitate ez euskaldunera zabalduz. Tira, ZuZeuk Iñaki Sotori egin zion elkarrizketa hau ikustea gomendatzen dizut.
https://zuzeu.eus/2012/09/07/inaki-soto-gara-rik-gabe-gaur-egungo-eszenatoki-politikoa-ezinezkoa-litzateke/
Erdaldun abertzaleek soilik kontsumituko balute Gara, gaitzerdi. Nik ezagutzen ditudan Gararen ohiko irakurleak euskaldunak dira gehienak, eta uste osoa daukat, Gararen irakurle gehienak euskaldunak direla. Horregatik diot euskaldunen komunitatearen zati eder bat erdaraz elikatzen duela Garak egunero. Euskarari eman baino gehiago, kendu egiten diola.
Gotzon,
Gararentzat bezainbeste balio du horrek ETB2, Radio Euskadi edo edozein komunikabide erdaldunentzat.
Egurra ematen bazaie batzuei, besteei ere bai, mesedez. Eta alderantziz.
Total patatas, en castellanos, que lo entiende mas gente…
Aipatu dituzun beste hedabide horiek publikoak dira, Jaurlaritzaren mendekoak, eta haietan euskararen presentzia hutsa da, zero. Gara hedabide pribatua da, diru publikotik bizi ez dena, eta anekdotikoa baino gehiago den presentzia ematen dio euskarari. Egurra denei, ados, baina batzuek besteek baino gehiago merezi dute.
Kaixo Peru.
Espainian ez da berripaper bat bera ere Estatuaren diru-laguntzik gabe bizirauteko gai denik. BAKAR BAT BERA ERE EZ
Euskararen aldeko apologistek ez diote egun ezer onik ekartzen gure hizkuntzaren normalizazio bideari. Gara-ren kasuan are mingarriago egiten zaigu euskarari egiten dion iruzurra, jakina baita zein den egunkari horrek duen ideologia. Euskarak presentzia aktiboa behar du nonahi (ikisten eta entzuten ez dena, ez da esistitzen).