Zergatik doa Euskal Herria Eskozia eta Kataluniaren atzetik?

eajsortuEskozian SNP eta Eskoziako Berdeen artean 69 parlamentari dituzte, gehiengoa dira, horrenbestez. Horri esker jarri dute martxan erreferenduma, eta gehiengoa izateak eman die zilegitasuna ere, Cameron galdeketa baimentzera behartuz.

Katalunian ere, galdeketaren aldekoak gehiengoa direla erakutsi dute beste behin.

Bien bitartean, EAEn, legebiltzarkideen %60a da EAJ edo EH Bildukoa. Hala ere, adostasun falta tarteko, oraindik Eskoziatik urrun gaudela dirudi. Osoigo webgunean eta Eskoziako erreferendumaren harira, horren zergatia zein den galdetu diote Iñaki Anasagasti (EAJ) eta Juanjo Agirrezabalari (EH Bildu).

Iñaki Anasagasti, EAJko senataria:

“Atzean geratu gara 50 urtez ETA izan dugulako. Indarkeria eta terrorismorik gabeko Euskadi bidean den herria zatekeen.

Zorionez, Ezker Abertzaleak irtenbide armatua baztertu du, eta orain jakin dute badagoela emantzipazio prozesuak  politikoki, bozaren, hitzaren edo erresistentzia pasiboaren bitartez, martxan jartzea. Indar metaketa hortik etorriko da, baina beharrezkoa da ETA behin betiko desagertzea”

Juanjo Agirrezabala, EH Bilduko legebiltzarkidea:

“Cameron ez da Rajoy, eta Londres ez da Madril. Britania Handiko gizarteak espainiarra baino helduagoa eta demokratikoagoa dela erakutsi du. Izan ere, erabakitzeko eskubide gehiagok demokrazia gehiago dakar. (…) Aukera bakarra dugu: gure bide propioa egitea herri gisa. Horretarako lidergoa, konpromisoa eta erabakitze eskubidearen aldeko gainontzeko alderdi eta erakundeekin akordioak behar ditugu.

EA eta EH Bildu horretarako prest gaude. Eta EAJ? Badirudi ezetz. Bi aldeko bidearekin tematuta daude, Rajoyk gure herriarentzat duen agenda aldebakarrekoa den arren”

5 pentsamendu “Zergatik doa Euskal Herria Eskozia eta Kataluniaren atzetik?”-ri buruz

  • Pelota vascua batak besteari pasatu nahian, betiko kaka. Sam Lowry bezala, Brazil propio bat amestuko dut.

  • Luis Mendizabal 2014-09-20 18:57

    Ba oraingoan neu Anasagastirekin gehiago nago, naiz eta Arrizabalagak esaten duen guztia egian izan ere. Eman dezagun azken Diada: posible litzateke horrelako bat gaur Euskal Herrian? Nik ezetz uste, abertzaleen artean ditugun desberdintasunak eta elkar errespetu faltak gure askatasun bidea zaildu egin du. Ez dut ere nik EAJren abertzaletasuna bere prioritatea dela esango baina ETAk euskaldunon artean izan duen eragina hor dago, elkar konpondu eta batera joan ezina. (honek ez du esan nahi biek elkarrekin derrigorrez joan behar dutenikan. “Zergatik …” galderaren erantzuna besterik ez da)

  • Nik arrazoi bat ikusten dut fundamentala: kontzertu ekonomikoa.

    Biolentziak izan duen ibilbideak bere garrantzia izan du, noski, eta oraindik behar bezala sendatu ez diren zauriak eta desagertu ez diren jokabideak daude gure gizartean.

    Baina, nire ustez, kontzertu ekonomikoa da beste abertzaletasunak bezain oldarkor ez agertzeko arrazoia: PNVk pentsatzen du asko duela galtzeko erronka arriskutsuak eginez gero…

  • Peru Dulantz 2014-09-22 09:43

    Horrez gain, ez dugu ahaztu behar Hegoaldeko lau lurraldeetatik bitan gehiengo espainolistak ditugula, eta gure tradizioan lurralde bakoitza burujabetzat jo izan dugula. Datozen hauteskundeetan gai hori zuzenduko ahal da!