Badapaezpada ere

Lehenik eta behin barkamenak eskatu behar dizkizuet, aurreko astean audioa eranstea ahaztu zitzaidala- eta, ezin zenutelako zutabe hau entzun. Ez pentsa neure ekarpenak bizitza irauliko zizuenik: Aberri Egunaz mintzatu nintzen eta ondo pasatzeko gonbitea luzatzen nizuen. Beraz, imajinatzen dut neure aholkua ez zela beharrezkoa izan euskaldunon egunaz gozatzeko. Halere, uste dut batzuetan ondo etortzen zaizkigula urtean behineko ospakizunak gainean ditugula gogoratzen diguten mezu astunak. Esaterako, geure amaren urteak datozenean, Aita eta arreba beti egoten dira neure atzetik opariaz hitz egin dezagun, nola, zer erosi ez dakitenean; zer opari egingo diodan jakiteko, hala, nitaz fidatzen ez direnean, zer edo zer erosiko diodala bermatzeko. Normalean ze astunak diren erantzuten diet, mesede egiten didatela jakinda ere. Badapaezpada ere Ez, ez ditut geure amaren urteak ahazten baina ez naiz batere ona opariak egiteko, beraz, ideiak baztertzeko aprobetxatzen ditut horrelakoak: adibidez, Aitak perfume bat erosterakoan beste perfumerik ez erosteko aprobetxatuz. Aitortzen dut horrelakoetan neure ezgaitasuna agerian uztela dutela eta aita eta arrebarekin haserretzen naizela, ez baitut amaren erregaluarekin inoiz asmatzen.

Aitortzen dut aurreko astean ere haserretu nintzela neure buruarekin. Presencia Vascako arduradunek jakinarazi zidatenean ez nuela mezua behar bezala bidali amorrua sentitu nuen, izan ere, etxetik kanpo egonda, ezin nuen audioa garaiz igorri. Dena den, amaren erregaluarekin legez, lezio ona utzi zidan hankasartzeak, hemetik aurrera hamaika bider behatuko dut emaila ondo bidali dudan, neurotikoa banintz bezala, hain zuzen.

Presencia Vasca saiorako osatutako zutabea

Badapaezpada ere

APURKA APURKA Iritzi xelebreak, gogoeta alderebesak etabar. 1988an sortua eta 1989an jaioa. Ikasketez giza-zientziak eta komunikazioan lizenziatuta. Egun Berbaizu Euskara Elkartean lanean, bihar batek jakin.