Ba al da inor hor?

Ba al da inor hor? –

Ale honetan Koronabirusari buruz aritu behar ote nuen galdetu zidan duela egun batzuk erredakzio-kontseiluko kide batek. Ezetz erantzun nion, nahikoa gainezka nengoela gaiarekin eta, hain segur, baita irakurleak ere. Ordurako banuen beste gai bat buruan jira-biraka eta, egia esan, txit ongi uztartzen da egun hauten bizi dugun egoerarekin. Etxetik atera ezin dugun honetan, senti dezakegu irla isolatu batean gaudela. Bestalde, Lur planeta ere irla baten modukoa da, eguzki-sisteman zein unibertsoan. Horrek hainbat galdera jaulkitzera garamatza. Gizakiok bakarrik al gaude unibertsoan? Beste nonbait bizirik izango al da? Inteligentea? Egon badago, irla urrun batean legez bakartuta al gaude eta ezin ditugu kontaktatu?

Berrogeialdiko egun hauetan egoera ez da Robinson Crusoek zuena, jakina. Balkoira aterata bizilagunak ikus eta entzun ditzakegu hirian bizi bagara. Landa-eremuan oso posible da ezin ikusi ahal izatea. Alabaina, uhin elektromagnetikoen bidez, telefonoaren bidez, harremanetan egon gaitezke.

Ba al da inor hor?Uhin elektromagnetikoak ei dira unibertsoan izaki inteligente bakarrak ote garen jakiteko tresna oso eraginkorrak. Horrela uste dute behintzat SETI proiektuak abian jarri izan dituztenak. Search for Extra-terrestrial Intelligence esaldiaren akronimoa da SETI, hots, Bizi Inteligente Estralurtarraren Bilaketa. Ezein zibilizazio aurreratuk, nahi ala ez, uhin elektromagnetikoak igorriko ditu espaziora eta horiek beste zibilizazio aurreratu batek kaptatu ahal izango lituzke. Ideia sinplea da eta horretara dedikatzen dira SETI proiektuak.

Ideia ez da berria Nikola Tesla berak, 1894an, proposatu baitzuen haririk gabeko bere komunikazio-sistemarekin Marteko balizko izaki bizidunei hots egiteko balio zezakeela. Serio 1960.eko hamarkadan heldu zitzaion. Frank Drake astronomo ezagunak eta bere izena daraman ekuazioaren asmatzaileak Ozma programa jarri zuen abian 1960an Tau Ceti eta Epsilon Eridani izarrak aztertuz. Ez zuen deus lortu.

Hala ere, astronomoak ez ziren desanimatu eta proiektu berriak bultzatzeari ekin zioten. Esaterako, Carl Sagan astronomo eta dibulgatzaile ezaguna SETI proiektuen bultzatzaile kartsua izan zen. Berak sortutako The Planetary Society elkarteak, Saganen legatua hartuz, SETI proiektuak finantzatzen eta sustatzen segitu zuen fundatzailea hil ondoren ere.

1999an S E T I@home (S E T I a t home; SETI Etxean) proiektua abian jarri zen elkarteak diruz lagunduta. Proiektu iraultzailea izan zen. Etxeetako ordenadoreak erabiltzea zen oinarria. Mundu osoko milioika boluntariok SETI@home pantaila-babesa deskargatu zuten eta horren bidez lortu zuten irrati-teleskopio bidez jasotako datuak analizatzeko konputazio-ahalmen izugarria. Astronomoek zerutik jasotzeko irrati-seinaleen banda oso estu bat analizatu behar zuten, hain zuzen ere, naturalki sortzen ez diren uhin-luzeretan. Horrelakoak jasoko balira, inteligentzia estralurtarren batek igorritako izan litekeela pentsa liteke.

Izugarrizko arrakasta izan zuen. Mundu osoan barreiaturik 5,2 milioi ordenadore izan ditu lotuta eta horrek sortu dio kalkulurako bi milioi urte pareko ahalmena izatea. Berealdikoa!

Tamalez, guztiak bukaera du. Proiektuaren ardura duten Kaliforniako unibertsitateko ikerlariek martxoaren 31ean amaiera emango diotela iragarri zuten martxoaren hasieran. Tristezia eragin zidan berriak. Proiektu kolaboratibo izugarri bati amaiera ematen zaio oraindik helburua bete gabe.

Helburua betetzea ba al zuen? Ba, horren erantzuna Drakeren ekuazioan dagoke hein batean. Izan ere ekuazioaren helburua da gure galaxian zenbat zibilizazio aurreratu dauden kalkulatzeko tresna izatea. Zibilizazioak agertzera eraman dezaketen faktoreak aintzat hartuta osatu zuen Drakek ekuazioa. Hauxe bere itxura: N = R* · fp · n e · fl ·fi ·fc · L; non N gure galaxian dauden zibilizazio-kopurua, R* izar egokien sortze-abiadura, fp, planetak dituzten izarren frakzioa, etab. diren (ikus https:// eu.wikipedia.org/wiki/Drakeren_ekuazioa).

Drakeren ekuazioan agertzen diren parametroen balioa asko aldatu daiteke. Gure jakintza astronomikoa oso zehatzak ez denez, askotan espekulatu baino ezin dugu egin ekuazioan agertzen diren balizko balioekin. Eta ondorioz, emaitza gure aurreiritzietara moldatu. Ni positiboa naiz eta nago ez gaudela bakarrik ez Esnebidean ezta unibertsoan ere. Beste kontu bat da, harremanik izango ote dugun edo zibilizazio posible horiek guztiak garaikideak izango diren. Unibertsoa bakarrik ez izan arren, irla isolatu batean bakartuta egon gaitezke.

 

Ba al da inor hor? Ba al da inor hor?