Ba al da euskal wokismorik?
Woke (“esna”) hitzaren erabilera 1930eko hamarkadan AEBetako beltzen artean sortu eta zabaldu zen, afroamerikarrek pairatzen zuten diskriminazioari aurre egiteko asmoz “arrazakeriaren aurka esnatu!” esanahia zuela. 1960ko hamarkadan Martin Luther King ere hitz honetaz baliatu zen bere hitzaldi sonatuetan. 2014an, polizia batek Michael Brown lurrean itota hil zuelarik, sortu zen “Black Lives Matter” protesta-mugimendu zabalak berreskuratu eta indartu zuen hitzaren erabilera.
2017an Oxford Dikzionarioak woke hitza bere hiztegian txertatu zuen, esanahia honela azalduz: “Gai sozial eta politikoen inguruan, arrazakeriarenean bereziki, kontziente izatea”. Poliki-poliki hitzaren erabilera AEBetatik mundu zabalera hedatu zen eta esanahia ere. Lehen urratsetan arrazakeriari bakarrik lotu bazitzaion ere, gerora erabilera gainerako aldarrikapen sozialei zabalduz joan zen, LGTBIQ+, etorkin eta emakumeen aferei lotuta gehienbat. Hortaz, wokismoa era guztietako errebindikazio sozialei eta oro har ezkerreko alderdi politikoei lotutako pertsonak nahiz mugimenduak deskribatzeko erabiltzen hasi zen, eta zentzu positiboan beti.
2020ko hamarkadan, woke hitzaren inguruan eztabaida gordindu egin da eta egun jende asko da hitz horri eduki negatiboa ematen diona. Oxford Dikzionarioak berak azalpen batzuk ematen ditu: “Hitz hau maiz gaitzespen moduan erabiltzen da, gai hauen inguruan hainbat jende aise haserretzen delako edo deus aldatu gabe haietaz asko hitz egiten duelako”.
Beste ukitu desberdina ematen dio Merriam-Webster Dikzionarioak. Honen arabera, gai sozialez muturreko jarrera edo zentzugabea duena da woke.
Eztabaida piztuta dago. Batzuentzat woke hitzak kontzientzia soziala duen eta zapalkuntzari aurre egiten dion pertsona azalduko lukeen bitartean, beste batzuentzat bere burua besteen gainetik jartzen duen eta bere ideiak gainerakoei inposatu nahi dizkien fanatiko oldarkorra da.
Wokismoaren kritikoek beren ustez jarrera misogino, arrazista edo homofobikoa dituztenen aurka darabiltzaten bide koertzitiboak aurpegiratzen dizkiete gehienbat wokeei.
Samuel Hayat ikerlari frantziarrarentzat, mugimendu hau AEBetatik iritsi den inportazio jasanezintzat dute Frantzian sektore zabalek, bertako kulturaren balioak eta identitatea arriskutan jartzen dituelako.
Analista askok aipatzen ez badute ere, AEBetako alderdi demokrataren inguruko elite ekonomikoek indartu eta zabaldu dute woke mugimendu hau. Elite ekonomiko horien helburu nagusia gizartea zatitzea da. Herritar guztioi dagozkigun arazo ekonomikoen inguruan gizarte osoa batera mobilizatu beharrean, eliteek gizartea arazo identitarioen inguruan zatikatzea lortu dute. Klaseen arteko borroka alboratuta geratu da eta langile eta herritar xume guztion arazo ekonomiko orokorrak desaktibatuta.
Euskal Herrira ere ailegatu da wokismoa eta aldekoak eta aurkakoak antzeman ditzakegu geure inguruan. Baina honetaz ez da eztabaidatzen, eta nonbait arazoren bat sortzen denean emozioetan oinarritutako erreakzioak nagusitzen dira.
Woke al dira gure inguruan ditugun alderdi politikoak? “Bakarrik bai da bai” legearen sortzaile den PODEMOS alderdiari kalifikatibo hori badagokiola esan liteke. Bibliaren arabera Eva Adanen saihetsetatik bezala, PODEMOStik sortu zen SUMAR alderdiari ere, logikaren arabera. Eta Ezker Abertzalea?
Egin litekeen beste galdera: ba al da euskal wokismorik? Hau da, Euskal Herrian wokismoak ba al du berezko ezaugarri desberdinik? Wokismoa positiboa ala negatiboa da? Eztabaidatzeko gai aproposa hauxe.
https://es.wikipedia.org/wiki/Woke
https://www.bbc.com/mundo/noticias-63465024
https://cnnespanol.cnn.com/2022/01/07/movimiento-woke-orix
https://www.nuevarevista.net/cultura-woke-el-clamor-de-las-victimas/