Unai Algarabel eta aztarna digitala

Loa oztopatzen didan kezka burutik kendu ezinda nabil azken egunotan; gizateria osoari, baita euskal kulturari ere, eragingo dion gaitza ezin ahaztuta. Erruduna, errealitate gordina ikusarazi didana, ezaguna da dagoeneko: aitonarekin esatari lanetan aritzea maite duen Unai Algarabel. Ez dakizula nor den? Segi derrepente Youtubera eta bilatu: U-n-a-i A-l-g-a-r-a-b-el. Orain bai?

Bere grazia eta hizketarako abilezia ukaezinak EiTBko pelota partiduaren protagonista izatera eraman zuten, eta igaro da Euskal Herria Zuzenean saiotik ere. Biak gidatzen dituen Xabier Eguzkitze da Algarabelen erreferentea, eta telebistako ibilkerak horren gazte hasita, nork daki ez ote dion lehenago edo beranduago postua kenduko…

Baina inoiz hori lortzen badu, bidea ez zaio erraza egingo. Xalotasuna galdutako nerabe denean, edo asmo handiko gazte, ezingo du milaka lagunek ikusi duten bideoaren zama gainetik kendu. Erraketarekin jokatzen zuen sofako esataria izango da beti. Azken arnaseraino. 

Pentsa: non legoke egun Xabier Eguzkitzeren izen ona, pikorrez jositako aurrenerabe zenean, artean oraindik euskalki bakarraren jabe, bizilagun zaharragoari idatzi zizkion maitasun bertsoak sarean bolo-bolo ibiliko balira?

Unai Algarabel

Aztarna digitalak ez dio inori barkatzen, eta Algarabeli gertatu gisan, beste edozein alorretan nabarmenduko den orok izango du arazo bera. Proba dezagun izen oneko beste zenbait artistarekin:

Nork miretsiko luke Fermin Muguruza, haren izena aipatzen den aldiro 12 urterekin bandcamp-era igo zuen balada zabalduko balitz?

Herri Urratsen Vodka beltzarekin mozkortuta konortea galdu zueneko argazkiak plazaratuko balira, aurpegi berberarekin begiratuko ote genioke Anariri?

Lehengusinari Fotologeko posta eskaini zionekoa edonoren eskura balego, nork txalotuko luke Miren Agur Meaberen idazkera?

Agertuko litzake Ramon Saizarbitoria historia liburuetan sei urterekin ikastolako jaialdian untxi protagonistaren paperean egin zuen antzerkia nahieran ikusterik bagenu?

Izango ote luke inork Laura Mintegi ahots erreferentziazkotzat lehenengo bikotekidearekin ateratako argazkiak sepian jarri eta esaldi erromantikoz josita Tuentian zabaldu izan balitu?

14 urterekin utzi zuen iruzkin ezin traketsago eta matxistagoa blog batean betikotu balitz, Gabriel Arestiren jakinduria zalantzan jarriko genuke?

Hori da loa oztopatzen didan eta burutik kendu ezinda nabilen kezka. Etorkizuneko Aresti, Mintegi, Saizarbitoria, Meabe, Anari eta Muguruzak, horrelako arazoi egin beharko dietela aurre. Iragan estali ezinak, aztarna digitalak, zikinduko dituela euren etorkizun oparoak. 

Oraindik bada guzti horri izkin egiteko modurik, hala ere: Google-n eskaera egin eta sare sozial guztiak banan bana itxi eta garbituta aztarna ezabatzea da aukera bat. Bestea, aldiz, askoz ere errazagoa: bizi osoa bigarren planoan eman eta ez gehiegi nabarmentzea.

Ni dena den, ari naiz badaezpada masaren artean burua ateratzen hasia den jendearen txio, bideo, argazki, iruzkin eta idatzi andana pilatzen. Ez dago zure trapu zikinak estaltzeko modu hoberik besteen trapu zikinak ezagutzea baino.  Algarabel-ek adibidez, EiTBko esatari izango bada, ezingo dit sekula, ezer aurpegiratu. Ezta testu baldar hau idatzi eta Euskadi Irratian irakurri izana ere.

(Euskadi Irratiko Arratsean saiorako prestatutako testua)

NIRE KONTRA ESANAK