Azken gertakariez eta Ernairen testuari erantzuna

Azken gertakariez, Ernairen testuari erantzuna –

“Azken gertakariez” Ernai Gazte Antolakundearen izenean, Ane Alavak, Manu Martinezek eta Txomin Aiartzak idatzi zuten herenegun Berrian, eta atzo “Ernairen testuari erantzuna”  eman Unai Martinez eta Ane Ibarzabalek, GKS, Gazte Koodrinadora Sozialistaren izenean. Idatzi biak elkarren segidan dakartza salabardoak.

Azken gertakariez

Asteburuan Donostian gertatutako erasoak direla-eta sortutako eztabaiden harira, eta gertakarien larritasuna dela medio, ezinbestekoa ikusten dugu hainbat elementu mahaigaineratzea.

Sareetan eta ahoz aho zabaldutako errelato interesatuaren baitan, garrantzitsua iruditzen zaigu azken asteetan gertatutakoaren gaineko argipenak ematea: pasa den astean, Donostiako Alde Zaharreko Kijera gaztetxetik herri mugimenduaren materiala lapurtu zuten GKSko hainbat militantek. Horren aurrean Gazte Asanblada bildu eta egindakoa zuzentzeko eskatu zitzaien; hauek entzungor egin zuten. Testuinguru horretan Gazte Asanbladak kide horiek kanporatu zituen. Hurrengo egunetan tentsioak gora egin zuen, larunbatean GKSk modu antolatuan auzoari eraso egin eta auzokideak jipoitzeraino.

Herri mugimenduaren aurkako erasoak dira azken egunetako mehatxu eta jipoiak. Nahiz eta azken egunetakoak ez diren Euskal Herrian gertatutako eraso bakarrak izan, gu guztiok haien asmo politiko propio eta partikularretara makurrarazteko biolentzia antolatua erabiltzeko jauzia eman dute.

Bestetik, GKSren azken irakurketan eta agerraldian agerikoa da fokua desbideratzeko ahalegina. Egindakoaren (lapurretak eta jipoiak) erantzukizunik hartu nahi ez duten arren, onartezina da gertatutakoa, baita ez ikusiarena egitea ere. Onartezina da herri mugimenduaren aurka biolentzia antolatua erabiltzea. Eta are larriagoa da gertakari horietatik etekin politikoa atera nahian erabiltzen ari diren errelatoa eta diskurtsoa. Gainera, EH Bildu eta Sortu interpelatzea hauek daukaten foku mediatikoaz probestea da, GKSren diskurtsoa hedatzeko eta Ezker Abertzalea higatzeko.

Zentzugabea da eta guztiz lekuz kanpo dago horrelako jokamoldeak erabiltzea auzoarentzako lanean dabiltzan bizilagunen aurka. Asmo argi batekin jarduten dute: beraien korporatibismoa indartzea, horretarako edonoren eta edozeren gainetik pasa behar badute ere komunismoaren banderaren aitzakiapean. Horrelako jokamoldeek ez dute lekurik gure herri eta auzoetan.

Arriskutsua eta arduratzekoa iruditzen zaigu GKSk darabilen mehatxuen dinamika. Egoera hobetze bidean ez dute negoziaziora dei egiten, marra gorrien atzean ezkutatutako xantaia egin baizik. Horrelako jarreretatik kanpo kokatzen dugu geure burua. Jazotako gertakarien aurrean dagokien ardura hartu behar dute; biolentzia antolatuak ez du inolako justifikaziorik.

Ane Alava, Manu Martinez eta Txomin Aiartza – Ernai Gazte Antolakundearen izenean

Azken gertakariez, Ernairen testuari erantzuna
Argazkiak: Jon Urbe / Jagoba Manterola (azalekoa) /FOKU

Ernairen testuari erantzuna

Azken egunetako gertakarien inguruan Ernaik bere kontakizuna egin du publiko BERRIA egunkarian. Egiazki, auzia «azken gertakarietatik» haratago doa, Ezker Abertzaleak azken urteetan Mugimendu Sozialistaren aurrean eduki duen jarrera suntsitzailearen ondorioak baino ez baitira gertakari horiek. Ernaik eta, oro har, Ezker Abertzaleak, gatazkaren dimentsio hori isilpean mantentzeko hautua egin dute beste behin, dagokion erantzukizuna alboratuz eta gertakizunen inguruko kontakizun interesatu eta manipulatua eskainiz.

Ernairen artikuluaren intentzionalitatea ulertzeko garrantzitsua da astelehen honetan Euskal Herriko Kontseilu Sozialisten adierazpena kontuan hartzea. Izan ere, bertan garbi adierazi genuen minimo batzuk errespetatuz gero, Mugimendu Sozialista prest dagoela Ezker Abertzalearekin negoziatzeko eta ahal dugun neurrian kaleetako egoera lasaitzen laguntzeko. Ez da asko eskatzea, minimo batzuen inguruan hitz egiten ari baikara: txosnetako beto politikoa bertan behera uztea, espazio publikoa erabiltzeko eskubidea errespetatzea eta militante sozialisten aurkako gezur eta difamazioak etetea. Finean, Mugimendu Sozialistaren aurkako intoxikazio kanpaina gelditzea eta komunismoaren politika egiteko baldintzak errespetatzea. Bada, artikulu horren bitartez (baita bestelako adierazpenen bitartez ere) Ezker Abertzalearen asmoak zein diren argi ikus daiteke: komuniston jarduna kriminalizatu nahi dute, orain arteko suntsipen estrategiarekin jarraitu ahal izateko.

Bitartean, beraien posizioa justifikatzeko kontakizun bat sortu dute, zeinak gertakariak eta militante sozialisten izaera karikaturizatzen dituen: batetik, biolento irrazional gisa definitzen gaituzte (gertakarien gure kontakizuna zuzena dela frogatu bada ere) eta, bestetik, beraien interes alderdikoientzat darabiltzaten «herri mugimenduaren» eta «auzoaren» etsaitzat jo gaituzte, gatazkaren muina erabilerarik gabe zeuden aulki batzuen inguruko auzira modu absurdoan murriztuz. Horrela, beraiek aniztasunaren bandera faltsuaren ordezkari gisa azaldu nahi izan dute beraien burua, eta komunistak, kontrara, dogmatiko eta sektario moduan aurkeztu gaituzte, errealitatean adierazten denaren kontrara.

Sinplifikazio eta intoxikazio testuinguru hori sortzeak helburu jakin batzuk ditu, besteak beste, lehengo jarrera suntsikorrarekin jarraitzeko eta egiten dituzten erasoak justifikatzeko ulermen markoa eratzen baitu. Gertakariak sinplifikatzeak eta karikaturak egiteak ez du heldutasun politikorik adierazten; kontrara, nahasmendua dute helburu, egoera baretzeko baldintzak ezabatuz eta erantzukizunak alboratuz.

Baina azken aste honetako gertakariak ezin dira ulertu azken urteetan Ezker Abertzaleak Mugimendu Sozialistaren aurka sostengatu duen kanpaina kontuan eduki gabe: gezurrak, difamazioak, bazterketa sozial eta mediatikoa… Azkenengo hilabete eta asteetan areagotu egin da joera hori: beto politikoak txosnetan, ezkutuko grabaketak, arrazoi ideologikoengatik legez kanpoko lan kaleratzeak, eraso fisikoak, heriotza mehatxuak eta abar luze bat. Intoxikazio egoera hori ez da pertsona bat edo besteren ardura, EH Bildu eta Sortuk egindako apustu politikoaren adierazle baizik, eta hori da Euskal Herriko Kontseilu Sozialistek salatu dutena.

Berretsi egiten gara asteleheneko adierazpenean esandakoan: komeni zaigu egoera hobetu eta aterabidea ematea, baina ezinbestekoa da minimo etiko eta sozial batzuk errespetatzea. Ez gaude interesatuta egoera honetan, proiektu sozialistaren indar guneak beste batzuek direlako: eztabaida arrazoitua eta kapitalaren dinamikari aurre egitea. Gainera, kaleetako tentsioaren gorakada arazo orokor bihurtu da eta ez dio inori mesede egiten, militatzeko baldintzak okertu eta politikarekiko desatxikimendua eragiten baitu gazteria langilearengan. Egoera baretzeko baldintzak badaude, guk geuk adierazi baitugu negoziaziorako borondatea, baina beraiek dira horretarako baliabideak dituztenak. Jokoan daudenak langileriaren eskubide politikoak eta militatzeko baldintzak direlako.

Unai Martinez eta Ane IbarzabalGazte Koordinadora Sozialistaren izenean

Azken gertakariez, Ernairen testuari erantzuna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Azken gertakariez eta Ernairen testuari erantzuna”-ri buruz

  • 2035ean, berdin Ganboa zein Oinaz, lanpostu publiko baterako zerrendetan ikusiko ditugu. Baldin eta 2035ean zerbait publiko geratzen bada. Superbat eta Betizu, zenbat kalte egin diozuen herri honi!

  • Alpargatero 2022-06-10 10:59

    Hemen tristeena gazte euskaldun batzuk historian miseria, gosea, diktadura eta zapalkuntza besterik ekarri ez duen idelogia marxista-komunistan erabat murgilduta ikustea da.

  • GKS-k saldu nahi digun komunismo berritzaile salbatzaile honek, ez nau konbentzitzen, bat ere ez. Baina euren jardun politikoa aurrera eramateko eskubide osoa daukate.
    Ezker Abertzale Ofizialak, behingoz, esparru horren erabateko jabetza eurena ez dela onartu behar duten. Euren antisistema diskurtsoak,jada, gazteengan ez duela liluratuko sortzen, eta gazteek zerbait berria bilatzen dutela. Eta honen ondorioz, bai txosna esparrua zein medioetan, arerioa irten zaiela onartu behar duten.
    Azken finean, ezerren momopoliorik ez daukatela.

  • Zerbait berriaren bila dabiltzala ? Defendatzen duten komunismo ortodoxo hori saguzaharra baino zaharragoa da.
    Sistema gutxi azken aldiko historian komunismoa bezalakoa: aplikatu den leku guztietan eta une guztietan SEKULAKO PORROTA alde guzti guztietatik.
    Ekologia, euskararen defentsa eta beste makina bat kontu defendatzeko egon eta hara zerekin datozten gazte zaharkotx hauek !!!

  • Eta espainolista.