Zer ikasi dugu?

Zer ikasi dugu? –

Oroit gaitezen nolako inarrosaldia bizi izan genuen koronabirus garaiko konfinamenduekin. Ez da hain aspaldikoa. Harritu ginen gertakariaz, ulertezina gertatzen ari zen.

Zer ikasi dugu?

Zenbait aste barne, mundua gelditu zitzaigun. Pentsaezina. Mundu mailan martxan zen antolamendua zenbait astez uzkaili zen. Sistemaren hauskortasuna sentitu genuen laster, emeki emeki lehen eskasak agertu ziren. Mundializazioaren arriskuak frogatzen genituen zuzenean.

Eta orduan anitzek pentsatu genuen gauzak aldatzen ahalko zirela, gauzak aldatuko zirela. Entzun genuen beste mundu bat posible zela, beste lehentasun batzuekin. Bertako gauzek arrakasta berria bildu zuten, auzo harremanak indartu ziren eta hurbileko saltokietarako bideak berriz ireki. Bidaiak ezinezkoak bilakatu ziren, hegazkinak lurrari iltzatu. Petrolioa merkatu, eta kutsadura apaldu… Ikaragarriko diru laguntzak sortu zituzten osasuna eta ekonomia laguntzeko. Pentsaezinak ziren diru laguntzak. Hiru urtez 7000 miliar dolar xahutuak izan ziren munduan zehar Covidari lotutako laguntza horietan. Frantzian estimatzen da 400 miliar euro indar horietan sartu zituztela. 400 miliar euroak nonbaitetik ateratu ziren. Behar diren laguntzak atzematen dira, ez haatik behar denean baina nahi denean.

Gaur egun gauzak normalizatu dira berriz. Mundu berri baten ametsak urrundu dira. Lehengo usaiak berriz itzuli, mugak ireki, hegazkinak airatu, laguntzak ttipitu.

Gerla bat izan ez balitz Europaren atean, Covidaren gertaera eta haren ondorioak hortan gelditzen ahalko ziren.

Gerla bilakatu da inflazioaren estakurua. Gerla bilakatu da prezio guzien emendatzearen estakurua. Gerla bilakatu da haustura guzien estakurua. Ezantzak bi euroen marka gainditu du. Energia, gasa, argindarra, egurra, burdina, elektronika-osagaiak, ogia eta beste, horien prezioak igotzen ikusten ditugu, ezintasunean, batzuetan jakin gabe zergatik, ulertu gabe zergatik, inolako logikarik gabe.

Nehork ez du gehiago pandemia aipatzen. Beste zerbaitetara pasatuak gira. Ahantziak ditugu hartzen ahal genituen erabaki berriak. Segitzen dugu lehen bezala bizitzen, deus gertatu ez balitz bezala. Pandemia urrundu zaigu eta hala ere ezin erran gauzak hobetzen ari direnik.

Larrialdi argi guziak gorrian ditugu: sozial arloa, ingurumena, klima aldaketa, hizkuntza, presoen egoera, etxebizitza, garraioa, elikadura, laborantza, etab… sail guzi horietan larrialdi alerta piztua da. Eta ez da pentsatu behar erantzunak beste nonbaitetik etortzen ahalko direnik.

Has gaitezen gure lurraldetik. Eta aukera onak ukaiten ahal ditugu ondoko asteetan nahi dugun herria eraikitzen laguntzeko. Parte har dezagun antolatzen diren ekitaldietan. Ez ditzagun utzi gauzak mintzen. Ezin ditugu utzi gauzak dauden egoeran. Kopuru handian bil gaitezen Bakebidearen manifan ekainaren 11n. Parte har dezagun desobedientza egunetan gure determinazioa erakusteko. Ez gaitezen zoritxarreko egoera batean sar.

Ekainaren 12 eta 19ko legebiltzarreko hauteskundeak izanen dira momentu berezia, huts egin ezina. Bakoitzak ulertu behar du non diren hautagaien arteko desberdintasunak, bakoitzak ulertu behar du nolako arriskuak izan daitezkeen bozkaren arabera. Eta bozkatu behar du.

Zer ikasi dugu? Zer ikasi dugu?

Abertzaleen Batasuneko eta Baterako kidea. Ezpeletako hautetsia.