Azken egunean ere egitarau erakargarria izango du Durangoko Azokak, kontzertu, solasaldi, proiekzio eta ikuskizunekin
Azken egunean ere egitarau erakargarria izango du Durangoko Azokak –
- Goizeko 10:30ean Durangoko Azokaren gaineko azterketa ekonomikoaren datuak jakinarazteko prentsaurrekoa egongo da. Ateak 20:00etan itxiko dira, eta ate nagusian argazki orokorra aterako da.
Durangoko Azoka bere laugarren eta azken egunera helduko da gaur ere bisitariz lepo egon ostean. Igandea azken eguna izan arren, bihar ere ez da ekitaldirik faltako Azokako gune guztietan.
Ahotseneako zuzenekoetan oso proposamen ezberdinak egongo dira: Gorribaltz taldearen elektropunk doinuak, Hil Norbait taldearen metal fantasia, Revolta Permanent taldearen “Lobotomiak”… 14:30ean EHZ jaialdiaren hurrengo urteko edizioa aurkeztuko da. Solasaldietan, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Mari Luz Esteban, Castillo Suarez, Pello Zabala, Jon Iñaki Lasa eta Joxemari Iturralde batuko dira, besteak beste.
Areto Nagusian, 10:30ean Azokaren eragin ekonomikoaren azterketa aurkeztuko da, Siadecorekin batera. Ondoren, Gorka Egia autoekoizleak “Ekologista naiz baina…” gida aurkeztuko du eta 16:30ean Loraldia jaialdiaren edizio berria.
Irudienean, 12:00etan “Lur eta Amets” haurrentzako filmaren lehenengo irudiak aurkeztuko dituzte eta 13:30ean “Ez, eskerrik asko, Gladysen leihoa” dokumentala. 18:00etan DemaS.A lehiaketaren emanaldia eta sari-banaketa egongo da.
Kabi@n egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean protagonismoa burujabetza teknologikoak hartuko du, eta arratsaldean, besteak beste, “Egunean behin” aplikazio arrakastatsua aurkeztuko dute. Egitaraua ixteko, “Mauriziak ez du inor hil” kontzertua egongo da 18:00etan, Ines Osinaga eta Lorea Argaraterekin.
Saguganbaran, egunero bezala, hamaika proposamen. “Aldo musikari” ipuin kontaketa, “Lo Potolo” lotara joateko ipuinak, “Poesiaren misterioa” olerki xuxurlatuak, “Herensugeen itzulera” liburuaren aurkezpena eta abar. Szenatokian, Dantza eta Antzerki jaialdiaren bigarren eguna ospatuko dute, zortzi emanaldirekin, hiru talderen eskutik: Krego Martin Dantza, Haatik Dantza Taldea eta Abarka Antzerki Taldea.
Azokako azken emanaldia, urtero bezala, Plateruenan izango da, 20:00etan, Maider Zabalegiren kontzertuarekin (doako sarrera).
Aurretik, 20:00etan Landako Guneko ateak itxiko dituzte Azokako langileek, eta talde-argazkia aterako da Azokako photocallean.
Unean uneko egitaraua eta sortzaileen sinadura-ordutegiak www.durangokoazoka.eus webgunean kontsulta daitezke egunero.
…
Durangoko Azokako antolakuntzak dei egiten die bisitariei garraio publikoa erabiltzeko Durangora etortzeko. Euskotrenek, adibidez, zerbitzu bereziak eskainiko ditu abenduaren 6an, 7an eta 8an:
Autoa erabiltzekotan, azokazaleek doako autobus-zerbitzua izango dute Iurretako peaje alboko aparkalekuetatik Landako guneraino, 20 minutuko maiztasunarekin, goizeko 10:30etik 20:00ak arte.
www.durangokoazoka.eus/gida-praktikoa/aparkalekua-autobusa