Badator EuskarAbentura 2020!

Badator EuskarAbentura 2020! –

Bi espedizio arrakastatsu burutu ondoren, zabalik da 2020ko EuskarAbentura matrikulazio epea. Dagoeneko 230 gaztek euskaraz Euskal Herria ezagutu eta bizitzeko aukera izan dute eta 2020ko uztailean beste 120 gaztek biziko dute abentura ahaztezin hau. 2003 eta 2004. urteetan jaiotako hautagaiek lana eta motibazio gutuna 2020ko martxoak 15 baino lehen bidali beharko dute.

Badator EuskarAbentura 2020!EuskarAbentura elkarteak 2020ko espedizioa aurkeztu du gaur, antolatzen duten hirugarrena, 54. Durangoko Azokaren ekitaldien barnean. Hirugarren edizio honetan 2003 eta 2004 urteetan jaiotako Euskal Herriko eta diasporako gazteek aurkeztu ahal izango dute haien hautagaitza, hau da, 16-17 urtekoek. Horretarako motibazio gutun bat eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte martxoaren 15a baino lehen (15a barne). Lanak Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioaren laguntzaz ebaluatuak izango dira eta kalitate oneneko lanen egileek 2020ko uztailaren 1etik 31ra egingo den espedizioan doan parte hartzeko beka lortuko dute, bizitzan behin biziko duten esperientzia paregabea.

Hautagaitza proiektua egiteko aurten aukeran dauden hiru gaiak hurrengoak dira: “Natura plastifikatua”, “Euskal emakume sortzaileak” eta “Mugak gaindituz integraziora bidean”. Era berean, lanak sei formatu posibletan aurkeztu ahal izango dira: lan literarioak, musikalak, historikoak, ikus-entzunezkoak, plastikoak eta sormen digitalekoak. Proiektuei buruzko xehetasun guztiak EuskarAbenturaren webgunean daude eskura eta izen-ematea plataforma honen bitartez egin ahal izango da. Espedizioan parte-hartzeko hautatuak izango diren gazteen zerrenda ere bertan argitaratuko da, apirilaren 15ean.

Durangora bertaratu diren elkartekide, babesle eta aurreko edizioetako espedizioko kideek bat egiten dute proiektuak euskarari egin diezaiokeen ekarpenaren dimentsioaren inguruan. Izan ere, Euskal Herria ezagutu eta balore positiboak transmititzeaz gain, proiektu honen helburu nagusiak eremu ez formaletan gazteengan euskara eta mundu mailako gazte euskaldunen sare bat osatzea dira. Jzioquitarren (EuskarAbenturan parte-hartutako gazteen) komunitatea handitzen doa eta hurrengo asteetan, martxora bitartean, espedizioa ezagutzea xede, elkarteak aurkezpenak antolatuko ditu eskola eta institutuetan, kolaboratzaile eta aurreko bi edizioetan parte hartu duten gazteen eskutik.

Orain arte proiektuaren babesle izan diren euskal lurralde guztietako instituzio publiko eta pribatu gehienek espedizioa bultzatzen jarraitzen dute, besteak beste, BBK Fundazioa, Eusko Jaurlaritza, Euskarabidea Nafarroako Euskara Institutua, Akitania-Berria/Euskadi/Nafarroa Euroeskualdea, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiak, Gasteiz, Getxo Donostiako eta Bilboko udalak, Euskaltel, Kaiku, Udalbiltza, 2DEO, PuntuEus Fundazioa eta Eusko Ikaskuntza.

Guzti horren atzean, EuskarAbentura elkartea dago, Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako zortzi gaztek osatua. “Ruta Quetzal” euskalduna sortzeko asmoz jarri ziren martxan eta 2018ko espedizioaren lehen edizioarekin ametsa egi bilakatzea lortu zuten. Prentsaurrekoan parte hartu duten elkartekide eta gazteek bat egin dute mezu berdin baten inguruan: “Hain ederra eta polita de EuskarAbentura espedizioaren inguruan sortu dena, eta hain tresna erabilgarria da gazteriaren artean euskara landu eta sareak egiteko… gurpila ezin da gelditu eta gazte gehiagok espedizioa bizitzeko aukera izan behar dute”.

Badator EuskarAbentura 2020!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude