Azalutsak
Azalutsak –
Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan.
Azal gosea dabil bazterrotan. Aspaldi gabiltza esaten izurrite sasoi honetan azala ukatzen zaigula. Inoren azala, gurea baino ez daukagulako. Gehienok gogo itzela dugu beste batzuk besarkatzeko, laztantzeko eta ferekatzeko. Baina egoerak ukatu egiten digu keinua, eta hamaikatxo estutze, musu eta ukitu kolkoan gorde dugu, sasoi ez-pandemikoetarako, besarkada eutsiezinezkoren batzuk eman baditugu ere. Horrek guztiorrek azaleratu digu azal hutsa garela, haragi baino gehiago.
Besteen azalaren antsiak, baina, azaleratu digu azalekoak garela, ez batzuk azal eta hezur daudelako, azal-azalean geratu garelako baizik. Azalutsak garela, alegia. Eskaparatismoa praktikatzen dugulako ia gehienetan. Zelofan-gizartean bizi garelako, lagun batek dioen moduan. Kanpokoak baino ez duelako inporta sarriegi. Opari itxuroso horietakoen antzera: pakete ondo batua, paper polita duena, zinta ederduna, lazo, begizta, erroseta eta guzti. Zabaldu, eta txinatar bazarreko euro bateko plastikozko objektu bat, imitaziokoa, gainera! Itxurakeria.
BERRIA egunkariaren sasoi bateko leloa Azala eta mamia zen. BERRIAk azala eta mamia badu, baina gizartean mamia desagertzen dabil, azal ederragoa lortzeko asmotan, beharbada. Azala, kanpoa delako saltzen duena, irudi fiktizioa eman, ez garena azaltzeko postureo hutseko jardueretan, atsegiteen bila sareetan. Plantak baino ez.
Uste genuenean zenbait ideia eta ikuspuntu mamiraino sartuta zeudela, sexismoa eta genero berdintasuna, besteak beste. Konturatu gara polemiken bidez, ideal horiek azalean baino ez direla geratu. Atzazalarekin azka eginda azalean, kla-kla-kla, eta ui, zer dago hemen? Betikoa: matxismorik zaharminduena, zahitsuena, erreakzionarioena azaleratu da. Gizon moderno, euskaldun eta ezkertiarren ahotan eta teklatuetan entzunda, gainera. Batzuk, gazteak; besteak, zaharrak. Matxismoa eta sexismoa iraultzarako tresna! To eta no! Barkatu, to! besterik ez.
Emakumeak azal eta mamia gara: azal, hezur, haragi. Gure gorputzek balio diete hainbati barre egiteko, iraintzeko, erabiltzeko. Objektu hutsak bilakatu gaituzte. Baina nazkatu gara, higuinduta gaude.
Aliatutzat geneuzkanek defraudatu egin gaituzte, eta benetan azaleratu dute zer diren, ematen zuten mezua azalekoa zela, mamira ez zirela iritsi. Kanpoan krak egin, eta Kaliforniako intxaurren moduan erraz kraskatu da euren ustezko konpromisoa, eta oskol hutsa zen zeukatena. Konturatu gara barrukoa lehengoa dela, mami eraldaturik ez, arima betikoa hondo-hondoan.
Gizonezko horietako askok esan digute ez dugula ulertu, ur-azalean geratu garela, mamira ez dugula jo. Azala behar da, gero, halakoak botatzeko. Betikoa, betiko moduan. Azal tatuatua, usain zaharra. Histerismoa aitatzea baino ez da falta izan.
Orduan orain artekoa azalkeria hutsa zen? Hipokrisia? Fribolitatea? Engainua? Ondo gelditzeko egiten zena? Haize-boladak norakoa markatzen zuena aldarrikatzen zuten: eguzkiak nora, zapiak hara. Orduan uste baino azalekoagoak dira, faltsuagoak. Dezepzioa infinitua izan da, barruraino iritsi zaiguna, batzuoi behintzat.
Baina zer gura dugu sasoi likido hauetan? Zahagiak, azal hutsez eginda daude eta.
Azalutsak